Maribi Legarra: «Beira ez dugu barneratua. Hemen harria eta egurra»


2021eko uztailaren 19an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Traszendente samar jardungo zenuela gaztigatu zenidan elkarrizketa hitzartu genuenean. Ez nizun ulertu. Galdetu, eta ez zenidan ezer aurreratu nahi izan...
Bai. Nire lehengo lana jendea hartzea zen. Kanpora begira bizi nintzen, barrura begira baino. Gaur egun, bakarrik lan egiten dut eta behartuta nago barrura begiratzera. Eta, barrura begira hasten zarenean, lehen ikusten ez zenituen gauzak ikusten hasten zara. Lanak bultzatuta, batetik, eta zeure buruarekin bakarrik topatzen zarelako, bestetik. Edadea ere bai, agian... Kar, kar, kar... Dena bildu da. Joan deneko bost, sei urtean oso barrura begira bizi naiz, hori da kontua.

«Kanpora begira bizi nintzen» esan duzu. Liburu dendan saltzaile jardun zenuen urte askoan.
Hogeita bi urte egin nituen liburu dendan lanean. Lehenengo, Tolosan, haur eta gazte liburu artean. Bi urte egin nituen han. Gero, Bilintxen egin nuen lan, Donostian, hamar urtean. Eta, ondoren, beste hamar urte Gasteizen. Gustura egiten nuen lan. Asko gozatu nuen jendearekin eta asko ikasi ere bai. Informazio asko jasotzen nuen handik eta hemendik eta, gero, jendeari transmititzen nion. Hori da liburu saltzaile baten funtzioa: jasotako informazioa besteri pasatzea. Aldi berean, nork bere irizpideak ditu, eta horrek ere balio du. Dena dela, gaur egun, irizpideak askoz nireagoak dira, denbora gehiago baitaukat irakurtzeko eta hori ikaragarri estimatzen dudan kontua da. Azkeneko sei urtean lehen baino askoz gehiago irakurri dut, nik neuk libreki aukeratutako liburuak, autorea zein den begiratu gabe, beharrezkoa den edo ez den, momentuko literatura den edo ez kontuan hartu gabe... Neure beharrei erantzuteko liburuak irakurri ditut, eta inoiz usteko ez nituen idazleak deskubritu ditut. Eta gaiak. Eta behin eta berriz bueltatzen naiz liburu beretara, beirateak lantzen hasi nintzenetik.

Horrexetan ari zara joan deneko dozena erdi urtean, beirateak lantzen. Lehenago, «kanpora begira». Orain «barrura begira» esan diguzu.
Bartzelonan ikasi nuenean, irakasleen artean bat japoniarra eduki genuen. Oso interesgarria izan zen. Urte oso bat izan genuen munduan egiten diren gauzak ikusteko, arte motak eta beste. Asko, jakina, ekialde erakoak ziren. Bigarren urte bat, ikusten ez dena, ukitzen ez dena eta entzuten ez dena lantzen igaro genuen. Hainbeste gauza ematen zigun irakasle hark ze, nire buruari esaten nion: «Ez dakit hau dena barneratzea posible izango ote den!». Izan ere, nik dena jaso nahi izaten nuen... Behin, esan ere egin nion irakasle hari: «Pena da, ezingo dut hau dena jaso!». Eta esan zidan: «Ez kezkatu! Aterako da!». Eta egia! Atera egiten da! Jasotzen eta jasotzen eta jasotzen ari zara eta, halako batean, atera egiten da: begiratua aldatzen zaizu!

Begiratua aldatu.
Hori da. Gauzak lehen modu batera begiratzen zenituen. Gero, beste era batera... Zeure buruarekin bakardadean zaudenean, begiratua lantzen duzu. Zuhaitza, zuhaitza da, bai lehen eta bai gero, baina orain beste era askotara begiratzen diozu, nahiz eta zuhaitza izaten segitzen duen! Eta ikusten duzu beste autore batzuek ere berdin egin dutela. Horretan ez gara originalak!

Oraindik oraingo kasua: Getxon, espaloian zegoen arbola bat eraitsarazi du udalak. Oinezkoentzako oztopo omen. Eta zuk, zer ikusten duzu zuk arbolari begiratuta?
Arbola beti arbola. Baita Gernikako arbola ere! Eta Gipuzkoako armarrian daudenak ere, arbolak! Guk baino lehenago ere, baten batek beste era batera begiratu dio arbolari! Eta beste kultura askotan ere berdin egin dute, beste era batera begiratu. Batzuek ikusi dute eta zu zeu ere ikusten hasten zara, badaudela beste modu batzuk, begiratzeko, ikusteko, bizitzeko...

Japongo irakasleak erakutsi zizuena: «Ikusten ez dena, ukitzen ez dena, entzuten ez dena... lantzen».
Eta mundua horrexek mugitzen duela konturatzen zara: sentimenduak, emozioak... gorrotoak, maitasunak... horiek mugitzen gaituzte eta, hala ere, hortik oso urruti bizi gara: dena ukitu behar dugu, dena ikusi... Eta, gaur egungo teknologiak eta birtualtasuna gorabehera, irudimena oso baxu dabil azken aldi honetan... Urtebete eman genuen hori lantzen: sentimenduak, emozioak... Hartzen genuen hitz bat, eta hura irudikatu behar genuen, ukitzen ez dena, ikusten ez dena... Eta, areago, usaintzen ez dena, eta abar eta abar. Horrexetan igaro genuen urtea! Konturatzen zara horiek zeure barruan daudela, eta areago, denonak direla, horiek mugitzen gaituztela, nahiz eta ez garen kontziente. Senak agertzen dira hor, eta ezagutzen ez dugun mundua. Horixe da barrura begiratzea. Literatura ere hortik oso hurbil dagoela esango nuke.

Nolakoa da zure «literatura»? Beira lantzeko duzun bidea, alegia.
Bartzelonan baino lehen, Kanadan hasi nintzen ikasten. Han oso klasikoak ziren: loreak, tulipanak eta horrelakoak lantzen zituzten. Bartzelonako eskolan, aldiz, dena zen berri: puskatu beharra zen, sortu beharra... Eta, gaur egun, puskatzera jotzen dut nire lanetan. Lan garaikideak egiten ditut, nahiz eta konturatzen naizen, atzean, aspaldikoa eta gaurkoa nahastuta dauzkagula, denok.

Nola hartzen ditu jendeak zure lan puskatzaile horiek?
Begira, bezero bat etortzen zaidanean, kafe bat baino gehiago hartu ohi dut berarekin. Berak zer bizi duen jakin nahi izaten dut. Etorri zen bikote bat eta, elkarrizketan, mendia gora eta mendia behera aritu ziren. «Goazen bada beiratean mendia egitera, baina ez ikusten dugun bezala, beste era batera begiratuta baizik!». Beste bat bazen yoga egiten zuena. Harekin hitz egin eta oreka zuen ardatza: «Orekaren bila» izeneko beiratea egin nion. Bat-batean ez da ezer ateratzen, landu egin behar da... Bezeroarekin hitz egin, aztertu, asmoa landu eta proposamena eskaintzen diet.

Erraz onartzen al dizute proposamena?
Beti ez, ze oso klasiko gara formak ikusteko moldeari dagokionez. Gurean, puskatzaileak ere badira, bai, baina gehiago dira bestelakoak... Beirateak lehenengo komikiaren lana egin zuen. Biblia kontatzeko erabiltzen zuten elizetan, jendeak irakurtzen ez zekienean! Kolore ikusgarriak erabiltzen zituzten. Nik esango nuke komiki bandaren edo zinema mutuaren abiapuntua direla beirateak. Kontua da beirateak hortxe gelditu direla, elizetan, gurean behintzat. Besterik da Mediterraneo aldean. Han gehixeago da. Gaudi, adibidez, jenioa izan zen, eta, garai hartan, bere lan guztietan sartzen zituen beirateak. Arkitektoek ere bestela ikusten dute beren lana han. Hemen, eraikuntzan, behin ere baino gehiago erabiltzen da beira, baina beira soila da.

Eraikuntza! Gasteizko auzo-herri berriak ikusi beharko zenituzke! Beldurgarria! Beste batean jorratu beharrekoa dugu hori. Zure lanari begiratu eta arte lana deritzot.
Dekorazio-artearen barruan sartzen dute. Arte minor edo artisautza barruan sartzen dute. Bestalde, nola-halako hautsontzi bat, artea dela diote. Artea da? Pentsatu egin beharko dugu, ezta? Edozer gauza da arte, eta beiratea ez!? Nahikoa dugu!

Artisautza ez ezik, sorkuntza. Abstrakzio maila handia ageri dute zure lanek.
Pentsamendu-lana. Balioko du, edo ez du, baina pentsamendua, behintzat. Irakurketa dago, gogoeta... eta, halako batean -ze, halako batean izaten da, behin ere ez bat-batean-, ideia sortzen da. Barruan daukazu, baina atera egin behar da! Horrelaxe da edozein sortzaileren kasuan. Eta sortze hori, oso gogorra da. Pentsatu egin behar da, irudikatu, harmonia bilatu, koloreak landu... Eta, beti, argia kontuan hartu, udaberritik negura zenbait kolore aldatu egiten baitira beiran. Beirateak ikusteko argirik egokiena, bestalde, eguraldi erdi iluna da, ez eguzki betea, askok horrela usteko badu ere. Nahiz eta eguzkiarekin kolore batzuk indartu egiten diren... Hemen ari naiz, berriketan, baina zera da interesgarriena: niri neroni mundu honek eman didana.

Inondik ere, biziberritze bat duzu beira zure bizitzan.
Hasieran gogorra egin zitzaidan. Jendea hartzen ohituta nengoen lanean, horixe egiten nuen liburu dendan egunero. Gero, aldiz, neure burua hartu behar izan nuen egunero. Gogorra? Ezberdina. Zaila. Bestalde, zerori osatzen zoaz. Eta, osatzen, osatzen... azkenean, beirak egiten nau ni. Eta bizitzan horixe da gauzarik ederrena. Eta irakurketak! Honek mitologiara eraman nau, inkontzientera eraman nau -ez dakit zenbat denbora egon naizen Carl Jungekin, txoratzen, Gizakia eta haren sinboloak lana dela-eta!-, asko gozatu dut. Egunerokoak ez diren beste mundu batzuk dira. Mitologia aipatu dut, eta ikastaroa egin dut: konturatu naiz mitoak bizi-bizirik daudela guregan, dantzan dabiltzala gure munduan. Hori niretzat aurkikuntza izan da: ez gara hainbeste aldatu.

Eta beira? Asko aldatu al da eliza garai hartatik hona?
Erdi Arokoa da, berez, beira. Eliza gotikoan izan zuen indar handiena. Erromatarrek alabastroa erabili zuten, zerramendu egiteko...

Zerramendu?
... Hitz horixe atera zait. Leihoen itxitura egiteko. Garai bateko beirateek ageri duten teknika ezinezkoa izango litzateke gaur egun, nola zizelkatzen zuten eta! Ikaragarria. Irudia, kolorea... Erdi Arokoak dira. Biblia kontatzea eta! Irudikari oso bat ageri da beirateetan. Orduko lan asko galdu egin dira, eta pena da. Hala ere, oraintxe, Leongo katedralera joan eta hura da alardea! Edo Frantziako hainbat tokitan! Euskal Herrian, berriz, berandukoak dira beirateak. Gasteizko katedralekoak, adibidez, eraberrituak dira. Ez dut uste hemen gauza askorik dugunik. Hala ere, oso tailer onak egon ziren hemen, Hendaian eta Irunen eta. Parisko Maumejean eta! Baina haren lanak ere 1900 ingurukoak dira, ez zaharragoak. Esango nuke hemengo zenbait elizatan badirela haien lanak. Oso onak ziren. Madrilen ere bazuten tailerra. Beste beira-lan bat oso interesgarria Arantzazukoa da, eta baita Urkiolako santutegikoa ere. Pelik egindako beirateak dira. Ekuadorren lan ikaragarriak utzi zituen. Orain Urkiolan dauka egindako lana. Marrazkiak ez dira berak eginak, baina beirateak bai. Gainera, nahiko teknika bereziarekin egiten du lan. Izugarria da. Hango sukaldean sartzeko modua baldin baduzu, sartu eta ikusi mosaiko bat, oso polita du egina. Alemanian, adibidez, askoz gehiago zabalduta dago beiratea. Han ez dute elizarik ulertzen beiraterik gabe. Ingelesek ere joera handia dute: etxeetan ere jartzen dute, nahiz eta beirate faltsua jarri; plastikozkoa ere jarri izan dute. Oso barneratuta dute beiratea. Hemen ez. Hemen, harria, eta egurra.

Eta Debako beiragile hura? Simon Berasaluze?
AEBetan daude haren beirate gehienak. Oso marrazkilari ona zen.

AEBetan behar!
Kontuan hartu hemen, edozein etxe eta eraikuntzatan, harria dela nagusi, harria eta egurra. Sendotasuna. Beira puskatu ere egiten da, berunarekin egiten dugu lan... eta materialak ez dira betiko. Beiratea berritu egin behar da. Leonen uste dut, enpresa bat, lan sail bat amaitu eta eraberritzen hasi behar zuela. Gaur egun ezberdin da, bi beira jartzen dira, haizeak ez du mugitzen, iraupen handiagoa dauka...

Bistan da: erabateko biziberritzea duzu beiragintza. Garai batean liburuz inguraturik eta, gaur egun, «beirak egiten zaituela», arestian esan duzunez.
Bai, baina esan dizudana, lehen baino gehiago irakurriz, eta neuk aukeratutakotik. Kandinsky, adibidez. Izugarrizko sorpresa izan da. Zoragarria. Artearen inguruan ari denean eta! Baina ni ez naiz aditua. Hemen ari naiz hau eta beste, baina ia ezer ez dakit! Dakitenek zer esaten duten kontuan hartzen dut, hori izaten da ikasteko bideetako bat. Dakienari kasu egitea. Okerrena da dakiten horiek ez zaizkizula telebistan agertzen. Ikasteko, aspaldiko oinarrietara joan behar zara. Aldian behin, informazioa jasotzen duzu, halakok dio halako liburua oinarritzat jotzen duela. Jotzen duzu liburu hartara, irakurtzen duzu, eta «ze arrazoi duen!». Horrela izan da Kandinskyren edo Jungen kasuan.

Sortzaile lana ikusten dut zugan. Hala ere, tailer ez ezik, denda ere baduzu hau. Zertan da komertzializatzea?
Ez dut ezertxo ere egin. Batere ez.

Garai bateko bideari heldu beharko diozu, beharbada. Jendearekin ari zinenean bezala, kanpora begira jarri...
Beharbada bai. Beirateak argia behar du, ikusia izan dadin. Barrutik kanpora ikustekoa da, eta gaur egun, badakigu, alderantzizkoa da joera: kanpoa erakutsi behar da, ez barrua. Artista asko dago isilean. Ni ausartu egin naiz nire burua azaltzera, baina ikaragarri kostatu zitzaidan erakusleihoko papera kentzea. Hilabeteak! Ezin. Halako batean kendu nituen arte! Orain, katalogoa dut. Eta Interneten ataria. Baina mundu horretatik oso aparte nabil. Eta ez nuke egon behar, gure munduaren parte bat da eta. Baina hau Erdi Aroko lanbidea denez... Tira, Erdi Arokoa ere ez, baina...

Sebastian Salaberria
«Gaur egun, jendearekiko harremana faltan botatzen dut. Liburu-dendan neukana. Sebastian Salaberria? Nik hamalau urterekin edo irakurri nuen haren liburua: Neronek tirako nizkin. Ikaragarri gustatu zitzaidan. Bera ezagutu nuenean, esan egin nion. Izan ere, nik euskaraz irakurritako liburuetan lehenetakoa, eta bera haren egilea! Horrela sortu zen gure harremana. Garai hartan bertsoak idatzi eta Diario Vascora bidaliz zebilen. Han argitaratzen zizkioten. Azaltzen zitzaidan Donostiako Bilintx liburu dendan eta esaten zidan: 'Idazteko makinarik ez daukat. Inporta al zaizu bertso hauexek makinara pasatzea?'. Eta pasatzen nizkion. Oso letra argia zuen, gainera. Anekdota pila daukat sasoi hartakoa. Gabriel Celaya, dendan, bastoia hartuta, pastoralaren martxa eginez, batera eta bestera. Edo Bergamin bat. Maitagarria. Momentu on asko pasatu nituen».

Nortasun agiria

Maribi Legarra (Asteasu, 1956). Liburu dendan jardun zuen bere lehenengo bizialdian. 2000 urte inguruan lantokia itxi zutenean etorri zen biziberritzea: beira. Betidaniko gogoa betetzeko garaia heldu zen orduan: sorkuntza, zeramika eta beira. Bartzelonako Beira Arte Eskolan hiru urteko ikasketak burutu zituen, munduko lau kornerretako ikasleen artean. Beiragintzan da harrezkero Zarauzko tailerrean, eta puskatzaile, Bartzelonako eskolako joerari atxikiz, eta sortzaileari berezko zaizkion dudak buruan jira-bueltaka dabilzkiola. «Zer daukat ba nik esateko, berria? Seguru asko, ezer ez. Dena esanda dago». Greziar filosofo zaharrak du Maribi Legarraren galderarentzako erantzuna: «Baina jendeak ez du kasurik egiten eta esan beharra dago berriz».

Ezina egina
«Asmatu duzun ideiak beiran egiteko modukoa izan behar du. Edozein ebakik ez du balio, ezin da. Oraintxe egiten ari naizen beirate bat izugarri konplikatua da. Beiragile klasiko bat etorri eta 'hori ezin da!', esango luke. 'Zergatik ezin da?', esango nioke nik. Laukiz betetako beiratea du hark buruan, Erdi Arotik datorrena. Baina hori puskatzeko erak ere badira. Gure eskola oso zen puskatzailea, gauzak berrikusi egin behar dira. Ez dela posible halako beiratea egitea? Ikusiko da. Nik, marrazkia egiten dudanean, ez dut pentsatzen zein zailtasun duen beirara eramateko. Aldiz, marrazkia egiten dut, eta pentsatzen hasten naiz: 'Nola eraman nezake hau beirara?'. Banatu egiten ditut bi lanok. Bestela, errazkerian jardungo nuke beti. Egin litekeena egingo genuke behin eta berriz. Niri, adibidez, oso pieza txikiak ateratzen zaizkit beti. Eta oso antzekoak askotan. Zer egingo diogu ba! Hizkia bezala da hori, nork bere idazteko era du».

Argia
«Beiraren ideia asmatu eta gero, prozesua mekanikoa da. Badu bere zailtasuna ere, baina ez handia. Piezak zehaztasun handiz egin behar dituzu, hori bai. Bestalde, koloreak garrantzi handia du, garrantzi berezia, ze bizitza propioa hartzen du. Konbinazio egokia egin behar duzu eta argiak beiran nola lan egingo duen ere aurreikusi beharra dago. Horregatik, beiratea non jarriko den begiratu behar izaten dut, ze argi daukan, eta zerk inguratzen duen. Zuhaitz bat baldin badaukat pare-parean, nola ezkutatuko dut ba hura beirate batekin! Akaso, markoa jarri beharko diot! Patio itsusi bat baldin bada, aldiz, zeharo beste era batera jardungo dut. Niri, dena den, beirak beste aldean dagoena ikusten utzi dezala gustatzen zait».

Esentzia helburu
«Beira jakin bat egiten hasi baino lehen, gaiaren inguruko gogoeta dator. Eman dezagun, 'liburutegia', adibidez. Nola adierazi nik, liburutegia? Eta, hori, ahal den sinpleenera eraman behar dut. Esentziara joatea da nire helburua. Ez da arrazoituz egiten duzun kontua. Pentsatzen hasten zara, irakurtzen, halako xehetasuna, halako poema bat... Egosi egiten dituzu horiek denak. Egunak hari bueltak ematen eta halako batean, esaten duzu: hauxe da! Ondoren, hori nola irudikatu dator, sinpleki, esentzian. Hor Bartzelonan izan nuen japoniar irakaslea ateratzen da! Hura eta haren inguruan irakurri dituzun gauzak. Eta, egin eta gero ere, urtebete pasatzen duzu zeure buruarekin bakeak egiten! Batzuek errazago egingo dute, dudarik gabe, nik baino! Badakizu zer egiten zuen Chillidak? Hain marrazkilari ona zen, ezkerrez marrazten zuela, bere gaitasuna galgatzeko».


Azkenak
2024-11-25 | Euskal Irratiak
Alokairuak mugatzeko legea indarrean jada, Lapurdiko 24 herritan

Alokairuen bidezko espekulazioa oztopatzeko neurria azaroaren 25etik goiti izanen da indarrean Ipar Euskal Herrian. Momentuko, tentsiopean diren Lapurdiko 24 herriei eraginen die: Ahetze, Angelu, Arbona, Arrangoitze, Azkaine, Basusarri, Baiona, Biarritz, Bidarte, Biriatu,... [+]


'Superbotereak' liburua
Eskola-proiektuak izango dira mintzagai asteazkenean, Larraulen

Larraulgo eskolan da hitzordua, azaroaren 27an, 17:30ean. 'Superbotereak' liburuaren egile Koldo Rabadan ez ezik, hitzaurrea idatzi duen Nora Salbotx eta hainbat kide izango dira mahaiaren bueltan: Ainhoa Azpirotz (Hik Hasi-ko koordinatzailea), Irati Manzisidor... [+]


Lan istripu hilgarrien gaineko datuak estaltzea leporatu dio LABek Nafarroako Gobernuari

Azken astean sindikatuak 5 heriotzaren berri izan du eta dagoeneko 26 dira Nafarroan lanean hil egin diren edo beste erkidegotan beharrean zendu diren nafarrak. Alarma gorria pizteko moduko datuak LAB sindikatuaren iritziz.


2024-11-25 | ARGIA
Nazio auzia “erdigunean” ipintzeko eskatu du EH Bilduk, “jauzi” bat egin eta estatusaren eztabaida abiatzeko

Jendetza elkartu da Bilboko Casillatik abiatu den manifestazioan, Nazioa gara aldarrikatzeko. Buruan, EH Bilduko Mahai Politikoko kideak joan dira, eta atzeraxeagotik jarraitu diote ERC, BNG, CUP, Compromis eta Mes Per Mallorca alderdietako kideek. Ikurrinak, Nafarroako ikurrak... [+]


Gobernuarekin kritiko den ‘Haaretz’ egunkaria itotzeko neurriak hartu ditu Israelek, hura desagerraraztea helburu

Egunkariaren editoreak egindako adierazpen batzuen harira hartu du neurria Israelgo Gobernuak. "Netanyahuren erregimena krudela da eta apartheid-a ari da egiten", esan zuen Amos Shocken editoreak Londresen emandako hitzaldi batean, duela hilabete.


2024-11-25 | Jon Torner Zabala
EHUko errektoretzarako bozketaren atarian
Bengoetxeak eskatu du Ferreiraren hautagaitzaren “jardunbide irregularrak” ikertzeko

Asteartean, hilak 26, egingo dira EHUko errektoretzarako hauteskundeak. Kanpaina nahasia izaten ari da, eta, horren erakusgarri, Joxerramon Bengoetxearen taldeak eskatu izana "ustez Eva Ferreiraren hautagaitzako pertsonek edo ingurukoek egindako ekintzak eta kanpainako... [+]


2024-11-25 | Leire Ibar
Fronte Zabala itzuliko da boterera Uruguain, bost urteren ostean

95.000 botogatik gailendu da Fronte Zabala azaroaren 24an eginiko hauteskundeetan. Yamandu Orsi izango da Uruguaiko hurrengo presidentea, Álvaro Delgado eskuineko Alderdi Nazionaleko presidentegaiari aurre hartuta.


2024-11-25 | Bertsozale.eus
Alaia Martin Etxebestek irabazi du Zarauzko finalaurrekoa
Finalerako pase zuzena eskuratu du Martinek, finalaurrekoa irabaztearekin bat. Azken finalaurrekoa datorren igandean jokatuko da, Arrasaten, eta orduan osatuko da finala.

Gure gorputza gudu zelai bat da

Azaroaren 25ean, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunean, Steilas sindikatuko Idazkaritza Feministak kartel bat argitaratu du: Gure gorputza gudu zelai bat da du leloa, eta Hego Euskal Herriko ikastetxe guztiek jaso dute. Gatazka armatuetan emakumeek eta adingabeek... [+]


“Irtenbidea Polizia kopurua handitzea balitz, arazoa jadanik konponduta legoke”

Azken asteetan albiste izan da Gasteizko Errota auzoa, urriaren 8az geroztik delinkuentziaren aurkako eta segurtasunaren aldeko mobilizazioak egiten baitituzte zenbait auzokidek asteartero, bi lonja huts okupatu zituzten gazte migratzaile batzuk jo-puntuan jarrita. Inguruan... [+]


2024-11-25 | ARGIA
A-25: mugimendu feministak gizonei dei egin die konplizitatea eta justifikazioa desagerrarazteko konpromisoa hartzera

Azaroak 25 Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna da. Mugimendu feministak Bilbo, Iruñea, Gasteiz, Donostia eta Baionan mobilizazioak egingo ditu. Mugimenduak argitaratu duen manifestuan, 2024an Euskal Herrian eraildako bost emakumeak gogoratu dituzte. Aurtengo... [+]


Udazkena agurtzen negua besarkatzeko

Abenduak hostoen kolore marroia dauka: lurrean, intxaurrondo biluziaren azpian, geratu diren hostoena. Intxaurrondoak bukatu du bere zikloa. Atseden hartzera doa: zuztarrak indartuz, elikatuz, nutritzea du helburu. Barrura begira, barrenak osatzeko garaian dago, orain arte egin... [+]


Eguneraketa berriak daude