Diputaziorako zure egitasmoetan «prozesu politikoa atzeraezina egitea» ageri da. Nola ikusten duzu prozesua Barajasko atentatuaren ondoren?
Bizi dugun momentu politikoaren aktibo nagusiena euskal gizartea da, eta gizartearen lehenbiziko nahia bake eta normalizazio politikoa lortzea. Bere nahia lortzeko «giza eskubideen errespetua eta bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea» berma daitezen exijitzen du euskal gizarteak. Barajasko atentatuak frustrazioa sortu du, baina gizarteak ez du gauden moduan geratzea onartzen, aipatutako bi oinarri horiek betetzea eta irtenbidea bilatzea nahi du. Ni ere bidea hori dela konbentzituta nago, eta elkarrizketa da horretarako bitarteko eraginkorrena.
Noren ardura da oraingo egoera politikoa?
Barajasko atentatuaren ondorioz ETAren eta Gobernuren arteko elkarrizketa bertan behera geratu da, baita alderdien arteko elkarrizketa politikoak ere. Lehen ere bizi izan ditugu antzeko egoerak eta haietatik guztietatik ikasi egin behar da. Hala ere, azken hamarkadan euskal gizarteak bi oinarri sendo bereganatu ditu: giza eskubideekiko errespetua eta euskal herritarrok geure etorkizuna erabakitzeko dugun eskubidea. Oinarri horiek sendotzen jarraitu behar dugu. Bestalde, arazoak konpondu eta etorkizuna eraikitzeko modu bakarra elkarrizketa da. Ezin dugu onartu gure burua etsipenean erortzea, egoera zailetan ere lanean jarraitu behar dugu.
Prozesua hasi zenean -duela bederatzi hilabete- baino hobeto edo okerrago gaude?
Une batez atzerapauso bat eman da. Baina gaur egun, Lizarra-Garaziko Akordio garaian (1998an) baino are nabariago geratu da ETAk ezin duela euskal gizartearen bidea oztopatu, euskal gizarteak bere bidea jarraitu behar du: bakearen eta normalizazio politikoaren bidea.
ETAk azken komunikatuan, besteak beste, EAJ gogor kritikatu du, Josu Jon Imaz bereziki.
ETAk euskal gizartearen borondatea errespetatu behar du. Hori da bere komunikatuan irakurri nahi duguna.
ETAk martxoan iragarri zuen su-etenari «indarrean» dagoela dio, halaber.
Madrilgo atentatuak ETA eta Gobernuaren arteko elkarrizketa bertan behera utzi du, baita normalizazio politikoa helburu zuen alderdi politikoen arteko elkarrizketak ere. ETAk su-eten iraunkorra ez dela apurtu dio, baina epe laburrean elkarrizketarako harremanak egituratzeko oinarrizko konfiantza apurtuta geratu da, eta asko kostatuko da elkarrizketa dinamika hori berriro martxan jartzea. ETAk egin duen atentatua, giza lege ikuspegitik onartezina da, baina ezker abertzalearen proiektu politikoari ere kalte handia egin dio. Edozein kasuan bakearen eta normalizazio politikoaren alde lanean jarraitu behar dugu, arazo hau ez dugu elkarrizketarik gabe konponduko.
Testuinguru honetan burutu da Ibarretxe lehendakariak deitutako manifestazioa, PSE-EEren onespenarekin [Batasunaren eta bere inguruko eragileen jarrera argitu gabe zegoela solastatu ginen].
Gizarteak guztiok behartzen gaitu elkarrizketaren bidean segitzera. Lehendakariak deitutako manifestaldian bildutako jendetza da horren adierazlerik esanguratsuena. Euskal gizarteak garbi adierazi du konponbidea lantzeko bidea non dagoen: giza eskubideekiko errespetuan eta herri honen borondatea errespetatzen. Bi oinarri horiek errespetatzen ez dituena euskal gizartearen borondatearen kontra ari da.
Gizartea kolpatuta eta minduta dago, baina horren sendo ikusten al duzu?
Euskal gizarteak eskarmentu handia du dagoeneko. Bake eta normalizazio politikoaren prozesuaren aktiborik nagusiena euskal gizartea da eta honek euskal gizarteak ordezkari politiko guztiak elkarrizketa eta akordioa gauzatzera behartuko ditu.
Zein neurrian hitz egin daiteke garai berriaz Barajasko atentatuaren ondoren. Ez al dira aldatu politikaren parametroak?
ETAk atentatuak egiten jarrai dezake baina gizartearen gehiengo zabalak, ezker abertzaleak barne, biolentziaren garaia atzean utzi nahi du. Euskal gizarteak badaki herri honen etorkizun politikoa giza eskubideen errespetu osoz eraiki behar dela, borondate hau ia erabatekoa eta tinkoa da. Euskal gizartearen borondate tinko honek bidera ezina egiten du egitasmo politiko bat biolentziarekiko atxikimenduarekin. ETAren ibilbidea politikoki amaitu da. Garai politiko berri batez hitz egiten dugunean gizartearen eskari hori politikoki gauzatutzeko eta artikulatzeko garaiaz ari naiz.
Politikaren beste arlo batera pasako gara. Gipuzkoako Foru Aldundirako zure kandidaturak zeresan handia eman du. Batzuek Joxe Joan Gonzalez de Txabarriren jarraipena espero zuten nonbait.
Gizarte aurreratuetako alderdien barne eztabaida osasuntsua eta aberasgarria da. Gipuzkoako EAJn eztabaida hori eman da eta Jon Jauregiren hautagaitzak %96ko babesa jaso du. Edozein kasuan, Gipuzkoak erronka garrantzitsuegiak ditu alferrikako polemiketan galtzeko. Lanerako ordua da.
Maiatz aldean herri eta foru hauteskundeak. Zein da zure lema nagusia?
Gipuzkoak bi erronka nagusi ditu datorren legegintzaldian. Lehena, bake bideratzea atzeraezina bihurtzea eta Euskal Herriko auzi politikoa konpontzeko alderdi politikoen arteko elkarrizketa eta akordioa lortzea. Bigarrena, Gipuzkoa berrikuntzaren, pertsonen ongizate eta garapenaren lehen mailan kokatzea.
Hauteskundeak iritsita Batasunak legez kanpo segi lezake. AuBren kasua errepikatuko balitz, sintoma txarra.
Hauteskundeetan alderdi politiko guztiek egon beharko lukete. Egun indarrean dagoen alderdi politikoen legea ez da justua. Bakea eta normalizazio politikoa lortzeko herritarren zati bat ordezkaritza politikorik gabe uztea ez da bidea. Gu guztiekin hitz egitearen aldekoak gara.
Gobernatzeko gustuko koaliziorik?
EAJk dagoeneko egin du bere apustua: zentralitate politikoa gauzatzea. Eta hori gauzatzeko, arestian aipatutako bi baldintzen gainean oinarrituko dugu gure politika. Zentralitate politikoa indartuko duten alderdi guztiekin gobernua osatzeko prest gaude.
EB-Aralar koalizio berria, zentralitate horren osagarri ikusten al duzu?
EB-Aralar koalizioa zentralitate politikoen printzipioak eta asmoak indartzera datorren neurrian, osagarria izan daiteke. Politika sozialetan gurekiko baino elkarrengandik hurbilago daude, baina politika orokorrean bat egiten dugu Eusko Jaurlaritzako hirukoaren printzipioetan.
PSE-EErekin gobernatzeko aukera aurreikusten al duzu?
Ez dut ezer baztertzen. Gure apustua zentralitate politikoa gauzatzea da, PSEk bat egingo balu, ongi etorri.
Indar politiko gutxi geratuko litzateke oposizioan.
Oposiziorik gabe ez dago demokraziarik. Oposizioa errespetatzeaz gain berarekin ahalik eta komunikaziorik onena edukitzearen aldekoa naiz.
Gipuzkoan azpiegitura berriak lantzean ari dira. Zer iritzi duzu erraustegiaren auziaren inguruan?
Hasteko, denok sortzen ditugu hondakinak eta horiei konponbidea eman behar zaie. Ingurumenari nahiz eraginkortasunari dagokionean, errauskailua baino alternatiba hobeagorik ez dago. Alternatiba bilatu da eta erakundeek irtenbidea errauts planta eraikitzea dela erabaki dute, erabakia eztabaida sakona burutu ondoren hartu da, baita berau non kokatu ere.
Errauskailua eraikitzen den tokiko herritarrek ez dute ontzat hartzen...
Nonbait kokatu behar da eta kokapen irizpideak guztion interesari erantzun behar dio.
Errauskailua bai, baina alkatea jeltzale ez den herri batean ikusi dute batzuek: Errenterian, Donostian, Lasarte-Orian...
Era honetako erabaki bat hartzen denean alderdi interesak ez baino herritar guztion interesak begiratu behar dira.
Bestalde, Euskal Y proiektuak gatazkak eragin ditzake Gipuzkoan. Horrek ez al zaitu kezkatzen?
Alderdi politikoaren gehiengoa eta gizarte zabalaren gehiengoa azpiegitura hau gauzatzearen aldekoa da. EBk Euskal Y edo AHT merkantzietarako ere izatea eskatzen du, azpiegitura orduko 220 kilometroko abiaduran joateko izatea. Diputazioko gobernuaren ardura hartzeko gidatzen dudan taldean mugikortasun plana lantzen ari gara, garapen jasangarriari eusteko garraio kolektiboa eta publikoa beharrezkoa ikusten dugu, eta horiekin batera AHT eta itsas garraioa; AHT behar-beharrezkoa da. Europako azpiegitura hoberena izango da eta gizartearen %80a alde dago.
Azkenik, Pasaiako kanpoko itsasportuaz zer iritzi duzu?
Ingurumen legeak eskatzen dituen parametroak betez egin behar da, baita halaxe egingo ere. Euskal Y eta Pasaiako kanpoko portua etorkizuneko garapen jasangarria ziurtatzeko beharrezkoak dira, bai Euskal Herrian bai garapen jasangarria aurrera eramaten ari diren herrialdeetan ere. Trenbide, errepide zein itsas-garraio azpiegiturak argazki beraren barruan ikusi behar ditugu. Adibidez, Europak 2012rako kamioeei ordain-saria kobratzea erabaki du trenbideko garraioa konpetitiboa bihurtzeko. Gaur egun, karga bat eskatzen duzu Bartzelonan arratsaldean, eta bihar goizerako Gipuzkoan duzu 300 euroren truk. Errepideetako garraioa oso merkea da, trenaren eta itsasoaren bidezko garraioek lehia egin behar diote errepidekoari, konpetitibo bihurtu behar dugu. Horrek kamioi kopuru handia errepidetatik ateratzen lagunduko luke.