argia.eus
INPRIMATU
Izenak
2021eko uztailaren 27a
Natxo Zenborain argazkilari nafarrak (www.zenborain.com) Iruñeko Contraluz galerian jarri ditu ikusgai bere irudiak, Ez espero ikustea... Ikustea iruditu zaizuna izenburupean. Erakusketa hilaren 3a arte izango da ikusgai.

Kirmen Uriberen Bitartean heldu eskutik poema liburua ingelesez kaleratu du Graywolf Press argitaletxeak eta iragan astetik AEB eta Kanadako liburu denda nagusietan dago salgai, Meanwhile Take my hand izenburupean. Elizabeth Macklinek egin du itzulpena, euskaratik zuzenean. Bestalde, Andoni Salamero zumarragarrak 60 olerki laburrez osatutako Bide ertzeko printzak liburua kaleratu du. 2004an plazaratutako Zu. Ni. Bi. Bidean... lanarekin bezala, autoedizioaren aldeko hautua egin du Salamerok bigarren liburuarekin.

Koldo Izagirrek, Teilatuko lizarra kantu liburua aurkezteko errezitala eskaini zuen Donostiako Tabako Fabrikan iazko apirilean. Susa argitaletxeak errezitaldiaren audio artxiboak sarean jarri ditu, ondorengo bi web gune hauetan: www.susa-literatura.com eta www.armiarma.com. Izagirrek irakurritako 13 kantu jaso dituzte.

Katarbeltz konpainiak Iker Ortiz de Zaratek idatzitako Las azarosas andanzas de dos pícaras pellejas obra aurkeztuko du hilaren 18an Bilborock aretoan. Hauxe da Katarbeltz taldearen estreinako lana. Urtarrilaren 25ean Gasteizko Principal antzokian eskainiko dute, eta 26an Oñatiko Santa Ana aretoan.