argia.eus
INPRIMATU
Bertso berriak... hamaika galderari jarriak
2021eko uztailaren 16a

I

Prozesuari buruz
hamaika galdera:
Nola eman zitzaion
honi hasiera?
Preso bi hilda heldu
al ziren etxera?
Zergatik egin zuen
orduan aurrera?
Orain berriz atzerantz
egingo ote da?

II

Zein eskakizunekin
bete zen zerrenda?
Bete al da adostu
ei zuten agenda?
Justiziak zergatik
ez du kendu benda?
Salatzen al da dena
Venga donde venga?
Inoren mina ere
errez ikusten da?

III

Gose greban zergatik
hasi zen Iñaki?
Gure herriak zer ba
dauzka hiru zati?
Guztia defendatu
daiteke legalki?
Madrilen behar al da
dena erabaki?
Horretaz Josu Jonek
zerbait ba al daki?

IV

Zergatik autobusak
berriro erreta?
Abisua ote zen
arma lapurreta?
Ertzainetxea al da
orain Anoeta?
Zeinek agintzen die
hasteko kolpeka?
Hori al da bakea
eta elkarrizketa?

V

Desagertuko al da
bolbora usaia?
Serio nork hartuko
du presoen gaia?
Lehengo bidetik berriz
ezin al da saia?
Bakerako zergatik
da txarra garaia?
Noiz jarriko da martxan
alderdien mahaia?

VI

Mahaian zenbat buru
horrenbeste ahots?
Edo berriz hanka bat
edukiko du motz?
Geratu ez gaitezen
ahoa bete hortz,
galdera bakoitzari
erantzuna zorrotz,
bihotzari entzunez
baina burua hotz!