argia.eus
INPRIMATU
Tokiko telebista digitala egiteko gomendioak
Rosa Martin Sabaris 2007ko otsailaren 21

Zabaldu berri du Eusko Jaurlaritzak tokian tokiko telebista digitalaren baimenak eskatzeko epea. Martxoaren 23ra arte izango dute talde pribatuek eta bestelako erakundeek euren eskaintzak aurkezteko. Zenbait udalek, berriz, erreserbatuta dute dagoeneko kate bat: Gasteiz, Arrasate, Donostia, Zarautz, Irun, Getxo eta Barakaldoko udalerrietan hurbileko kate digital bana izango da. Datorren urtetik aurrera, beraz, Euskal Autonomia Erkidegoak 60 bat telebista berri ikusteko aukera izango du. Jaurlaritzak esleipenean erabiliko dituen hiru irizpide nagusi ezagutarazi ditu: euskara, produkzio propioa eta hurbileko informazioa. Horiexek.

Baina telebista ondoen ezagutzen dutenek aspaldi aldarrikatu zuten telebista, beste ezeren gainetik, negozioa dela. Eta beraz, hurbileko telebista digitalak etorkizuna izan behar baldin badu, bideragarritasun ekonomikoari begiratu behar dio. Betiko galdera etorri zait burura, alegia, zergatik da hain merkea telebista ikustea, telebista egiteak dirutza itzela behar badu?

Arestian aipatutako hiru baldintza horiek eta etekin ekonomikoaren logika nola uztartu arduratzen nauelako, hona hemen gomendio batzuk:

- Euskararen portzentaiari eusteko, eta bide batez euskal artistak sustatzeko, txistu emanaldiak (Barakaldoko katearen kasuan, ordu txikitan).

- Edo euskarazko izenburua jarrita, 30 segundoko euskarazko aurkezpen baten ostean, hizkuntza jakinik gabeko ordubeteko saioa -vide, Ero eta Bero-.

- Hurbileko informazioak egin ahal izateko, Ortuzarrek berak ETBrako iragarri duen webcam-en sistema erabili. Hau da, ikusentzuleak euren webcam-en bidez agertuko dira airean. Edo telefono mugikorrekin grabatutakoa bidali.

- Jatorrizko ekoizpena areagotzeko, Estepan-en Bakarrik edo saioaren antzerakoa jarri -aurkezle bakarra, kamara bakarra, plano bakarra-. Edo teknika berbera erabiliz, dozena bat arrautzatan zenbat arrautza dagoen galdetzen duen lehiaketa; erantzunak SMSen bidez bidal litezke, horrela herriak parte hartzeaz gain, interaktibitatea bultzatuko litzateke.

- Eskualdeko ume kantaririk onena aukeratzeko casting-a. Proba guzti-guztiak eman. Eta finalisten kasuan, etxeko bideoak eskatu familiari, urtebetetze-egunetako kantuak erakusteko.

Guzti honek balioko ez balu, beti jo liteke ohiko mekanismoetara: langilegoaren kostuak arras jaitsi, praktika eta beken kopurua areagotu, aldizkako kontratuak, edo egun osoko kolaborazio merkeak. Hamaika ikusteko jaio gara, bai, baina hamaiketakorik gabe ez da bidezko hamaikarik izango.