argia.eus
INPRIMATU
Merkealdiei jarriak
Nerea Elustondo 2007ko otsailaren 21

I

Jaso ditugu pinuak,
jaso ditugu jaiotzak,
bukatu dira turroiak
eta elkartasun hotsak;
Urte berriko lehen egunak
depresibo eta hotzak...
Merkealdiak iritsi dira
eta alaitu bihotzak!


II

Erakusleihoetako
indarra eta argia,
kartel fosforeszenteen
diskreziotik jalgia...
Esperientzia espirituala
izan liteke, egia
merkatal zentro handietara
gure erromesaldia.


III

Dagoeneko atera
dira aurreikuspenak,
berrehuna euro botaz
ibiliko gara denak;
Hain dira datu subjektiboak
batazbestekoarenak...
Bakarren batzuk izango dira
doble gastatzen dutenak!


IV

Duela hamabost egun
gustatutako jertsea,
ederra da pixkatxo bat
merkexeago hartzea.
Nork ez du maite egun hauetan
denda batean sartzea?
Behar ez dugun zerbaiten bila
pazientzia galtzea.


V

Bost niki, lau praka pare
ta etxerako zeozer,
kafe makina berria
eta hirurogei plater...
Euro mordo bat ordaindu arren,
nork esan behar digu zer?
Aurreztutako guztiarekin
aberatsak gara laster!


VI

Merkatal zentro handitan
edo denda txikietan,
begiratu bat zilegi
izan liteke bietan.
Nahiz ta pagotxak aprobetxatu
ahal den aldi guztietan
ea zentzua behintzat ez dugun
jartzen merkealdietan.