argia.eus
INPRIMATU
Hitz Bitan
2021eko uztailaren 19a
Ruper Ordorikak Entzun! aldizkarian: «Ekoizpena kontzeptu abstraktua da entzulearentzat, baina oso garrantzitsua. Azken finean, soinua harrapatzea arte bat da, ezta? Horregatik, nik hartutako erabakia, norberak kantak bakarrik grabatzearena alegia, oso fuertea da, formalki behintzat (...) Nik neure kantuetan ere aspalditik behar izan dut kanpoko begirada hori, hemengoa ulertzeko. Baina hemengo munduaz ari gara, eta niretzako oso inportantea da hemengo jendearentzat baliagarriak izatea nire kantak».

Patxi Gallego komikigileak Normalak bagina bezala blogan: «Hori (flash back-ak...) narrazioaren estrategiak dira, denboraren egitura egileak nahieran moldatzeko aukera, azken finean. Zineman, komikian, eta baita literaturan ere horren aukerak izugarriak dira eta edozein istorio erakargarriagoa bilakatu dezakeela iruditzen zait. Asko gustatzen zait jolas hori, flash back-ak, elipseak, eta hori guztia, irakurleari (edo ikusleari) dribling bat egitea bezala da, bere arreta erne mantenarazteko».

Kirmen Uribek Nontzeberri web gunean: «Idaztea ofiziotzat dut, dudarik gabe. Nik uste dut idazlearen bizitzan bi sasoi daudela: sasoi bat formazioa da, eta horretan beharbada ez dakizu zer nahi duzun, eta esaten diozu zure buruari: 'beno, idazlea izango naiz', baina hasten zara, -neu behintzat oso lotsati- eta gero, bigarren fase batean sartzen zara, formazioa amaituta, eta idazten hasten zara serio, eta zure estiloa bilatzen hasten zara. Eta hori, jada, ofizioa da».

Juan Luis Baroja Collet artistak Berrian: «Oteiza eta Txillidaren eskultura oso lotuta dago espazioaren inguruko kezkarekin, eta gu ezin gara gure eskulturetan espazioaz bakarrik arduratu. Oteizak utzi egin zuen eskultura, eta Txillidak Tindaya-rekin amaitu zuen bere ibilbidea, oinarritzat hutsartea duen obra batekin. Guk harago jo beharra daukagu, eta obraren alderdi narratibo edo literarioez arduratzen gara, espazioari dagozkion alderdiez baino gehiago, nahiz eta espazioaz arduratzea ezinbestekoa izan eskultura egiten denean».