Gerra gogoratzera ez, ezin baitut burutik kendu
Kontua da merezi ote duen gerra galtzeko egitea
Bakana da aukeratu dugun liburua. Bost narrazio biltzen ditu, guztietan gorpu bat lurpetik aterea, baina ez da hori bostek komunean duten bakarra. Gure iragana(k), gure gatazka(k) agerian dira narrazioetan, nekez lurperatuko ditugu horiek.
Gudari zaharraren gerra galdua izenburuko narrazioa da gerra zibilaren garaiarekin zerikusirik gehien daukana. Leku mitiko bilakatu den Intxortako frontean jazotako gertakari bat da narrazioaren muina.
Asaba zaharren baratza izenekoak gertakari historiko bat du oinarri: 1937an, faxistak Sukarrietara heltzear, Sabino Aranaren hilobia hustu zuten. Hilobitik atera ondorengo hezurren garraio eta ibilerek kontakizunaren nondik norakoak markatuko dituzte. Historia liburuek bazterrean uzten dituzten gertakari eta pertsonez mintzo zaigu, historia idazten dutenek gertakariak desitxuratzeko, faltsutzeko erakutsi abileziaz. Ez zuten esan alferrik, periodikuak jartzen diotena dakar.
Bi bihotz, hilobi bat eleberri laburrean, Nafarroako Artaxona eta Donostian bizi den artaxonar bat dira kontakizuna gerrarekin lotzen dutenak.
Gainerako bietan (Rossetti-ren obsesioa eta Marcel Martin), ageriko gatazkak berriagoak dira.
Iraganak, etengabean, oraina baldintzatzen du, eta bistan da Saizarbitoria iraganaz blaitu dela; inoiz, irakurtzean, grabagailuak erregistratutakoa transkribatzen irudikatzen dugu. Ironia dosia ez zaio atzendu, izan ere, gizakion miseriak, euskaldunon miseriak azalerazten iaioa da donostiarra. Gertakari historikoak eta histerikoak tartekatuz, gogoetaren leihoa beti zabalik.
Bestalde, ezin ahaztu Saizarbitoriak saiakeraren eremua goldatua duela; konparazio batera, Aberriaren alde (Aberriaren kontra) liburua. Kezkak, zalantzak, kritika eta autokritika. Monografiko honi akabera eman behar diogu, ez baita Saizarbitoria biluztu den bakarra.