argia.eus
INPRIMATU
Izenak
2007ko otsailaren 21a

Mikel Laboak kontzertua eskainiko du Martxoaren 7an Tolosako Leidor aretoan. Aurten hiruzpalau kontzertu emango ditu Laboak eta ziurrenik Tolosakoa izango da aurrenekoa.

Chuck Berry estatubatuarrak (Mi-ssuri, 1926) Barakaldoko BECen kontzertua emango du hilaren 29an. Rock & rollaren aitzindarietako bat den musikariaren kontzertuak 200.000 euroko aurrekontua izango du eta 7.000 lagun inguru bilduko ditu. Chuck Berryren emanaldia hasi aurretik Los Haskis talde bizkaitarra eta Auseron anaiak igoko dira taula gainera.

Mikel Zubeldiak irabazi du Zumaiako Udalak antolatutako Julene Azpeitia XIX. Ipuin lehiaketa, Udal zoologikoa lanarekin. Zubeldiak 3.000 euro jasoko ditu. 1.500 euroko bigarren saria berriz, Irati Elorrietarentzat izan da, S.I.eta deserriko burbuilak ipuinarengatik.

Carlos de Haesen (Brusela, 1826-Madril, 1898) grabatu eta marrazkiak ikus daitezke Bilboko Arte Eder Museoan, hilaren 28a arte. Paperean egindako 57 obra bildu ditu erakusketak. Paisaiak dira protagonista.

Mikel Duverti eman diote Eusko Ikaskuntzak eta Baionako Herriko Etxeak ohorezko Euskal Kultura saria, euskal kulturari buruz egindako ikerketengatik. Denis Laborde ikertzaile eta etnologoa eta Zoe Bray antropologoa ere saritu dituzte, egindako lana eskertzeko asmoz.