argia.eus
INPRIMATU
Hitz Bitan
2021eko uztailaren 19a

Joxemari Carrere antzezleak Hika aldizkarian: «Kulturaren eta, ondorioz, antzerkiaren arazo nagusienetako bat da kudeatzaileek ez dutela beren politikaren menpe dagoena ezagutzen. Osatzen dituzten egitasmoak, planak, aurreikuspenak, egitarauak eta antzeko burutazioak bulego batean baino ez dituztela burutzen, protagonismoa eurak baino ez dutela, benetan antzerki langintzan daudenak baztertuz (...) Inork ez du imajinatzen polikiroldegi bat kirol konpetizioak daudenean bakarrik zabaltzea. Baina hori da antzokiekin gertatzen dena».

Iñaki Zubizarreta Irusoin ekoiztetxearen euskara arduradunak Noticias de Gipuzkoan esanak: «Garai batean 150 filmetik gora bikoiztu zen urtean; gaur egun ez da 25era iritsiko (...) Hezkuntzan eginiko aurrerabidea kontuan harturik, kezkatzekoa da ikus-entzunezkoaren martxa motela. Astean 200 bat film ikusteko aukera dugu telebistetan (ETB2k asko laguntzen du kopuru horretan); euskaraz bat (edo batere ez asteotan). Zinema aretoetan are murritzagoa da proportzioa».

Joxemari Iturralde idazlea elkarrizketatu zuen Deiak: «Liburu bakoitzari eskatzen duen denbora eta ahalegina eskaini behar zaio (...) Idazle batzuek 'txurruak egiteko makina' ez dute inoiz itzaltzen, eta gau eta egun jarduten dute txurrerian etengabe. Baina txurruak berehalaxe hoztu eta gogortu egiten dira. Horretatik ez dago jaterik. Irakurle asko berehalaxe ohartzen dira horretaz».

Iñigo Muguruza musikariak Berrian: «Komeni da, adibidez, ez ahanztea El Corte Inglesek ez dituela saltzen Soziedad Alkoholikaren diskoak. Zentsura kasuak gogoratu egin behar ditugu, bestela, gertatutakoa berriro ikustera behartuta gaude (...) Nik ez dut ezer esango Internetetik musika hartzen duen gaztearen kontra; finean, gazteria osoaren kontra jartzea litzateke».