Goi mailako dantza belaunaldien arteko jauzietan


2021eko uztailaren 27an
Goizeko 9:30ak, Barkoxeko Denen Etxean, neskenegüna. Edo larunbata, edo zapatua. Euskalki desberdinetako euskaldunak elkartu baitziren Eusko Ikaskuntzaren deiari men eginez, zuberotar dantzez -eta dantzan, ikusiko denez- jarduteko. Landautako lau atalen berri emango dizuegu, atal bakoitzaz, maleruski, nahi genukeen baino laburrago hitz eginez bada ere.


Guilcherren filmak, antzinako dantzarien oroigarri

Jardunaldiei hasiera ematea Mône Guilcherri egokitu zitzaion, bere aita Jean-Michelek 1962 eta 1976 artean egindako filmak ekarrita.
Jean-Michel Guilcher britainiarra zen. Frantziako Estatuko mutur batetik bestera etorri zen Zuberoako dantzak ikertzeko, baina ordurako eginak zituen beste eskualde batzuetan hainbat azterketa. Lan egiteko maneran ere bakarra zen garai hartan. Filmatzea, besteak beste, ez baitzen ohikoa.

Guilcherrek ez zituen dantzak dantza hutsagatik ikertzen, etnografia lan bat burutzeko baizik. Baserritar kulturaz zeukan jakinmina; dantza, hortaz, komunitate baten kultur ariketa den heinean aztertzen zuen. Euskal Herriaz den bezainbatean, Barkoxen egin zituen, hain justu, lehenengo inkestak eta filmazioak. Pelikula hasi eta hantxe agertu ziren Barkoxeko, Iruriko, Sohütako... irudiak. Zuri beltzeko dantzariak, banaka edo taldeka, batzuetan kaletar jantzi arruntez beztiturik. Musikarik ez zen, eta horrek areagotu egiten zuen antzinatasun sentsazioa.


Jauziak nola

Bigarren saioan, hitzaldia eskaini zuten Mixel Etxekopar kantari eta musikariak eta Patrick Queheille Kanpo dantza maisuak. Zuberoako dantzen berezitasunak, haien mintzagaia. Aurrez, kanpora irten ginen, eta han Barkoxeko bost aitzindari gaztek dantza bi eskaini zizkiguten: Ostalersa eta Barrikada.

Berriz barruan, Etxekoparrek eta Queheillek hartu zuten hitza, jauzien urratsez mintzatzeko lehenik, points de principe direlakoez ondoren. Ondo bereizi behar baitira. Jauziak (Aitzina pika, Ostalersa, Muneinak, Zazpi jauziak...) beti borobilean ematen dira eta, Queheilleren esanetan, «erraiten ahal dugu Xiberuan gehienek ezagutzen dituztela; lehen ez zen dantza eskolarik, baina urratsak etxeetan ikasten ziren, eta festa guztietan dantzatzen».

Jauziok ez dira Zuberoan asmatu. Mendebaldeko Pirinioetan zehar barreiatuta daude, Baztandik Bigorreraino, baina badira aldeak. Urratsen izenak ez dira leku guztietan berdinak, dantzatzeko manerak ere ez. Zuberoak badu bere berezitasuna, eta Queheillek hitzez zein ekintzez azaldu zigun, zutitu eta dantza egiteko espartinak jantzi ondotik: «Zuberoan behar da urratsa ongi zerratu». Horri garrantzi handia ematen diete zuberotarrek. Lapurtarrek, baztandarrek edo behenafarrek ez bezala, besteak beste. Puntua ongi itxi ezean, «agian manex edo bearnes, baina dantzari ona segur ez», Etxekoparrek esan zuenez.

Badira aldeak Zuberoako eskualde batetik bestera ere. «Gorde beharreko aberastasuna», azpimarratu zuen Queheillek. Desberdintasunak, gainera, berdin ematen dira jauzietan zein points de principeetan. Puntu horiek dira, hain zuzen, maskaradako aitzindariek egiten dituzten urrats gaitzenak, ikusgarrienak. Barrikada, Lagabota, Godalet dantza... horiez osatuta daude. Mône Guilcherrek aipatu bezala, XIX. mendean zuberotar gazteek armadan ikasitako dantza urratsak dira, gero maskarada eta pastoraletara eramanak.


Iraganera so

Bazkaldu ondoren, dantza egitea ere egokitu zen. Muneinak eta Aitzina pika jauziak egin genituen, eta arimak modu horretan berrituta itzuli ginen entzule lanetara. Jean Michel Bedaxagar dantzariaren txanda zen, eta hark ere, nola goizean Guilcherren filmak, iraganera eraman gintuen bere hitzez.

Hitz horietan lehenbizikoak barkoxtar bati buruzkoak izan ziren: Martin Hegobürü-Hegiaphal, 1868an sortutako dantzari bikaina, «armadatik igan den azkena». Hegobürük XX. mende hasierako dantzari asko trebatu zituen, besteak beste Pierre Üthürry handia. «Dudarik gabe, Hegobürü da Xiberoko dantza berriaren aita, Barkoxek eta Xiberuak egundaino ukan dituzten dantzari ederrenen trebatzailea».

«Hegobürürekin, nola ez aipa maskarada?», jarraitu zuen Bedaxagarrek. Gaur egun urtarriletik apirila edo maiatzera arteko igande gehienetan egiten da maskarada, baina lehen ez zen hala. Bedaxagarrek gogorarazi zuen urtatsez (urtarrilaren 1ean alegia) hasten zirela, maskarada emaileen herrian, eta inaute asteartez amaitzen, leku berean. Bitartean, auzo herrietan ziharduten. Atharratzek eta Maulek, berriz, Zuberoako maskarada guztiak hartzen zituzten, «lehenak lerdoz (ostegun gizena), eta bigarrenak igande gizenez, noiz eta dantzariak trebeen direlarik». Bedaxagarri gizon batek esan zion behin, bi gerlen artean (1930ean edo), bost maskarada izan zirela Atharratzen, «ber mementuan». Jakina, «orain baino haboro gazte bazen».

Antzinako kontuetan barna jarraitu zuen Bedaxagarrek, atsegin. Maskaradetako hainbat gertaeraren berri eman zuen, eta horietako bakoitza maskaradaren esanahira eta arimara hurbildu gintuen leiho bat izan zen. Eta azkenik, hausnarketa bat jaurti zuen, erabat gaurkoa: neskatilek salbatu dute maskarada? Goizean Mixel Etxekoparrek esan zuenez, «merezi luke aipatzea emazteen ekargia dantzan, beti izan baitira neskatilak. Agertzea edo ez agertzea, hori beste kontu bat da, baina haien ekargia beti izan da, bestela ez zen izango inauteririk».


Maskarada ez da uhartea Europan

Azken txanpan, maskaradaren eta Europako beste inauteri batzuen arteko antzekotasunez mintzatu zen Thierry Truffaut baionar ikerlaria. Diapositibaz lagundurik, 30 urtez egindako azterketa lan eskergaren emaitza erakutsi zigun Truffautek. Hemen adibide soil bi emango ditugu.

Txerreroak, aitzindarietan lehenak, badu Europan kiderik Truffautek esan zuenez. Txerra darabil eskuan, eta hura astinduz sartzen da plazara, Barrikada dantzan. Alegiazko garbiketa hori beste zenbait lekutan ere ematen da, jakina. Ituren eta Zubietako zanpantzarrean, joaldunek txerra bana daramate eskuan. Beste toki batzuetan, erratz xume bat da garbitzeko erabiltzen den tresna. Hala da Gipuzkoan, Lantzen (Nafarroa) eta baita Europa ekialdeko hainbat herrialdetan ere, esaterako.

Zamalzainaren zaldiak ere baditu «lehengusuak», eta horren etsenplu asko erakutsi zituen Truffautek. Zaldiak dira Nafarroan, Espainian, Alemanian, Eslovenian, Polonian... Alabaina, irudiek argi erakutsi zuten deus gutxi direla Zuberoakoarekin alderatuta, bai tamainaz -salbuespenen bat izan ezik- bai edertasunez, eta are gutxiago dantzatzeko trebeziaz. Izan ere, berezitasun bat badu Zuberoako inauteriak: bera da ospakizunean goi mailako dantza txertatu duen bakarra.


www.dantzan.com/albisteak/badute-segidarik helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago.

Minutu gutxian, lau belaunaldi dantzan
Jean Michel Guilcherren filmak irekitako lehenbiziko atetik, iragana sartu zitzaigun bete-betean Barkoxen bildutakooi, eta harrezkeroztik ez zen egun osoan guregandik aldendu.

Filmeko pasarte batek bereziki hunkitu zituen han bildutako asko: Alexis Picotchet eta Pierre Üthürry, artean 80na urte inguru zutela, dantza jauzi bat egiten ageri dira Barkoxen, 1972an. Biak hala biak XX. mendeko lehen erdiko dantzari handiak izan ziren. Haboro dena, Üthürry omen zen bere garaian onena, Marcel Bedaxagar zuberotar kazetari eta dantzari ohiak azaldu zigunez.

Baina, gaineratu dezagun, film osoa izan zen hunkigarria, besteak beste ikusleen artean zeudelako bertan agertzen ziren dantzarietako zenbait. Batek mikrofonoa hartu zuen proiekzioa bukatutakoan, esker oneko hitzak esateko. Arño Bordazaharre Etxahun zen, Pierre Bordazahar Etxahun Iruriren semea. Biak ikusi ahal izan genituen filmean: semea dantzan, aita txirulari.

Eta gero, Etxekopar eta Queheilleren hitzaldiaren aurretik, Barkoxeko aitzindarien dantzaldian, denboraren jauziak ikusteko aukera eduki genuen, dantzarienak ez ezik: zamalzaina, kantiniersa eta entseñaria, filmean ikusitako Üthürry handiaren arahaurrak ziren (birbilobak, manexentzat). Lau belaunaldiko jauzia minutu gutxian. Hiru aitzindari horien aitatxia ere -œthürryren semea eta dantzari ohia prefosta-, ikusleen artean zen.

Aitzina Pika ikusgarria
Aitzindariak elkartea Euskal Herrian barna erakusten dabilen Aitzina Pika ikusgarriaren aipamenik ez zen falta izan Barkoxen. Ez da harritzekoa, Jean Bordaxar eta Patrick Queheille elkarteko koordinatzaileak han izanik. Hamabi talde elkartu dira Aitzina Pika eskaintzeko, bost emanalditan zehar. 64 dantzari, hamar musikari eta beste hamar kantari. Oraindik baduzue aukera azken emanaldiaz gozatzeko: Amurrion, urtarrilaren 27an.

Hegoaldekoak ikusle
Nola bizkaitarrak Gipuzkoako sagardotegietara, edo gipuzkoarrak eurak nafar mendietara perretxiko bila, hala joaten dira urtero -ez hain saldo handitan-, Hegoaldekoak Zuberoara maskarada sasoian, igandez igande.

Duela pare bat hamarkada, ez zuten hainbeste lagunek Bidasoaz bestaldeko txangoa egiten. Zuberotarren jarrera ere ez omen zen gaur bezain abegitsua. «Uste dut azken urteetan dantza taldeak, euskal kulturaren inguruan diren jendeak asmoz zabaldu direla«, dio Patrick Queheille Kanpok. «Zabaldu egin behar da, eta beste probintzietan zer egiten den ikusi, baina baita munduan egiten dena ere. Eskualde desberdinen kulturez gose gara nonbait». Era berean, untsa harturik da orain Hegoaldekoen bisita maskaradetara nahiz pastoraletara.

Bada zer hobetu, hala ere, Queheilleren ustez. «Agian Hegoaldeko jendeak, Xiberuko maskaradetara jiten delarik, ez du untsa ulertzen haren funtzioa. Baina hori guregatik da, zeren eta guk dugu behar esplikatu eta xehetasunak eman. Horri buruz badugu lan bat egiteko, funtzionamendua esplikatzeko xehe-xeheki Hegoaldeko laguner. Badugu zerbait egina, eta hor da Aitzindariak federazioa adibidez». Bitartean, Zuberoan gaizki hartuak izango dira Hegoaldekoen zenbait jarrera maskaradetan: «Ez dutelarik funtzionamendua ulertzen, so egiten dute eta argazki hartzen dute jokoak errespetatu gabe eta hola. Bada horren amiñi bat», dio Kanpok. Baina «barkatu» egiten ditu jarrera horiek, ez baitira asmo txarren ondorioa, jakintza ezarena baizik.


Azkenak
Ez goaz gerrara. Gerrarik ez, ez gure izenean!

Gerra Urte, Gezur Urte!

Horrela dio esaldiak eta horrela berresten du errealitateak.

Munduan eta Europan dagoen gerra-egoera, horren gorakada etengabea eta horrek Euskal Herrian izan dituen eta izango dituen balizko ondorioak aurreikusita, joan den abenduan hainbat... [+]


Laga hondartza leheneratzea

Laga hondartzaren ezaugarri naturalen leheneratzea duela hiru hamarkada abiatu zen, eta aurrera darrai etenik gabe, erlojuz kontrako lehengoratze mailakatuan.

Laga (Bizkaia) gune aparta da, natura eta gizarte ikuspegitik oso esanguratsua. Kostaldeko legeak eta Urdaibaiko... [+]


135 preso politiko daude eta 66 ateratzen dira kalera baimenen batekin

Larunbat honetan egingo da Bilbon euskal preso politikoen aldeko urteroko manifestazioa. Gero eta preso gutxiago dago, baina 2011n ETAk bere jarduera armatua eten zuenean inork gutxik irudikatuko zuen handik hamabost urtera oraindik gatazka haren ondorioz espetxeratutako... [+]


Lortu da. Lortu duzue! Lortu dugu. Zorionak eta eskerrik asko

Hainbeste urte borrokan horren atzetik ibili ondoren, 34 urte, hain zuzen, oso pozik gaude orain egun batzuk, abenduaren 28an Inuzente egunean, Iruñean, Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak antolatu zuen batzarrean hartu zen erabakiagatik. Zeren ondo bidean,... [+]


Estatu aparatuetatik Juan Mari Jauregi eta bera hil nahi izan zituztela esan du Maixabel Lasak

Donostiako La Cumbre Jauregian bizi ziren orduan Juan Mari Jauregi senarra eta bera, lehena Gipuzkoako Gobernadore Zibila zen garaian, 1990eko hamarkadaren erdialdean. Jauregi 2000. urtean hil zuen ETAk Tolosan.


Noizko berrikusi ANren prozesuak eta epaiak

Jar gaitezen 2025erako proposamen politiko gisa, Espainiako Auzitegi Kolonialaren (AN) epai guztiak berrikusten hasteko eta makila bakoitzak bere belari eusteko.

Unionismoarekin lerrokatutako alderdi, sindikatu eta gizarte-erakunde gehienek, eta ez bakarrik horrela... [+]


Erizain indigenek herri zapalduentzat ekitatezko osasun zerbitzua aldarrikatu dute

Garbiñe Elizegi baztandarra erizaina da. Abenduan, Zeelanda Berrian egin duten Osasun Ekitaterako Erizaintza Indigenari buruzko Ikerketa izenburuko bilkuran hartu du parte. Bere tesia aurkeztu du: Euskal emakumeek eta genero ez-normatiboek Euskal Herrian osasungintzan... [+]


Espainiako monarkiak Nafarroako Vianako Printzearen sarietan parte hartzeari ezetz esan dio Parlamentuak

PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak bat egin dute  Borboiak Nafarroako kultura sari nagusitik at gera daitezen. Espainiako erregeak 2015etik, Uxue Barkos lehendakari zenetik, ez daude ekitaldi handi honetara gonbidaturik.


Hodeiak murrizten ari dira, klima-aldaketaren kalterako

Hodeiak murrizten ari dira eta horrek eragin nabarmena du klima-aldaketan, NASAko ikertzaile-talde batek ondorioztatu duenez. Terra satelitearen datuak aztertuta, ikusi dute azken 20 urteetan, pixkanaka, baina etengabe, murriztu dela hodeien estaldura. Amerikako Batasun... [+]


Arartekoaren ustez, Martuteneko Agustindarren eraikineko operazioa barruan zeudenak identifikatzeko egin zuten

Iazko martxoaren 14an, polizia operazio handi bat izan zen Martuteneko Agustindarren eraikin okupatuan, Udaltzaingoaren, Ertzaintzaren eta Espainiako Poliziaren eskutik: 56 lagun atera zituzten eraikinetik eta 29 Espainiako Poliziaren komisariara eraman zituzten,... [+]


2025-01-10 | Sustatu
Applek albiste-laburpenak asmatzen ditu inolako axolarik gabe

Adimen Artifizialarekin egindako disparateen biltegia handitzen ari da. Erabiltzaile arruntok sortutakoak txorakeriak izan daitezke neurri handi batean, baina Interneteko erraldoiak berak ari dira halakoak errepikatzen eta horrek larriagoa dirudi, eragin globala izan... [+]


2025-01-10 | Gedar
Ate birakariak: Gasteizko klinika pribatu bateko zuzendari izango da Gotzone Sagardui

Vithas San José klinikak fitxatu du Jaurlaritzako Osasun sailburu ohia, kargu publikoa utzi eta urte eta erdira.


Independentziaren aurkari Alcide Ponga izanen da Kanakyko presidente berria

Abenduaren 24an erori zen gobernua, Kaledonia Elkarrekin alderdi loialistako ordezkariek dimititu zutelako. Hori horrela, loialistek berreskuratu egin dute independentistek 2021ean lehen aldikoz lorturiko presidente kargua. Maiatzaz geroztik krisi politiko, sozial eta ekonomiko... [+]


2025-01-09 | Julene Flamarique
Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabak osatzen duten Euskal Sagardoa Iparraldera zabaltzeko bidea martxan da

18 urterako plan estrategikoa garatzeko Europako diru-laguntzak jaso ditu Euskal Sagardoaren Jatorri Deiturako proiektuak. Iparraldea batu da jada, eta Nafarroa zein Trebiñu sartzeko urratsak ematen hasiak dira.


Eguneraketa berriak daude