Saenz de Tejadaren marrazkiak Artiumen
Carlos Saenz de Tejada artistak Espainiako gerra hasi aurretik La Libertad egunkarian plazaratutako marrazki originalen erakusketa dago ikusgai Gasteizko Artium museoan. Tangerren jaiotako artistaren familiak Artiumen esku utzi zuen 2006ko martxoan Carlos Saenz de Tejadaren funtsaren gordailua. Erakusketa otsailaren 18a arte egongo da zabalik. Era berean, egun horretaraino Eskuratu berriak izeneko erakusketa ere jasoko du Artiumek. 2004. eta 2006. urteetan Gasteizko museotik igaro diren berrogei artelan bildu ditu erakusketak. Hogeita bi artistek egin dituzte margolan, eskultura, argazki, bideo eta instalazio horiek.
Death of a President filmak irekiko du Fipa jaialdia
Fipa Ikus-entzunezko Ekoizpenaren Nazioarteko Jaialdia urtarrilaren 23tik 28ra bitartean ospatuko da Miarritzen. Hogeigarren edizioa irekitzeko George W. Bush AEBetako presidentearen hilketa irudikatzen duen
Death of a President filma proiektatuko dute. Dokumentalaren eta fikzioaren arteko lan hori Gabriel Range britainiarrak zuzendu du. Film horrez gain, beste 150 obra inguru izango dira ikusgai Miarritzen. Emanaldiak sei ataletan banatuko dituzte: fikziozko lanak, telesailak eta telenobelak, sorkuntza dokumentalak eta saiakerak, erreportaje luzeak eta obra sozialak, musika eta ikusgarriak eta, azkenik, programa motzak. Informazio gehiago:
www.fipa.tm.fr.
Bilboko arte eszenikoen egoera aztertuko dute dokumental batean
Antzerkia, musika eta dantza arloetako hainbat langile, enpresa eta adituk Bilboko arte eszenikoen egoera aztertuko duen dokumentala egingo dute. Arte eszenikoen arloko eragile guztien iritziak jaso nahi dituzte eta besteak beste, 2003-2006ko Kulturaren Euskal Plana eta arte eszenikoek Bilbon duten egoera aztertuko dituzte. Hilabete honetan hasiko dira elkarrizketak egiten eta emaitza martxoan aurkeztea espero dute.
Gasteizko Santa Maria katedrala ezagutzeko bisita gidatuak
2000. urtean hasi ziren egiten Gasteizko Santa Maria katedraleko zaharberritze lanak erakusteko bisita gidatuak. Orduz geroztik 500.000 lagunek bisitatu dituzte obrak. Aurten historiari, arteari, arkitekturari eta arkeologiari lotutako beste hamabi eduki erakutsiko dituzte bisita gidatuetan, indusketa lan berriak, hilobi museo berria eta maketa erakusketa tartean. Azken sei urteetan katedralean izan diren bisitariei esker ona agertzeko asmoz, urtarrilaren 15etik otsailaren 28ra doakoak izango dira bisita gidatuak. Santa Maria katedraleko zaharberritze lanak 2012. urterako amaitzea espero dute.
Pablo Milanes, Miguel Bose eta Laurie Anderson Kursaalean izango dira
Donostiako Kursaal auditorioaren zazpigarren denboraldiko Musika Berriak egitarauaren baitan, hiru musikari nabarmentzen dira: Pablo Milanes (otsailaren 1ean izango da Donostian), Miguel Bose (ekainaren 9an) eta Laurie Anderson (ekainaren 26an). 2007ko denboraldiko egitarau oparoa osatuko duten izenen artean Robert Fripp Genesis taldeko burua eta Tounami Diabete daude.
Animabasauri 2007.
Basauriko Nazioarteko III. Animazio Zinemaldia martxoaren 23tik 29ra bitartean ospatuko da. Lanak urtarrilaren 31 baino lehen bidali behar dira, VHS edo DVD formatuan. Film luze onenak 6.000 euroko saria jasoko du eta film labur onenak 1.000 eurokoa. Lehiaketaren inguruko informazioa eta inskripzio-orria
www.animabasauri.com web gunean eskura ditzakezue.
Krea.
Betoñoko (Gasteiz) Karmeldarren Komentu Zaharra eraberritu eta kultur espresio garaikideen inguruko Krea (
www.kreared.com) zentroa irekiko dute bertan. Obrak 2009a arte ez dituzte amaituko, baina aurten hainbat ekintza egingo dira Vital Kutxak sustatutako eraikinean.
Haur eta gazteentzako liburu-denda.
Teresa Echegaray eta Gonzalo Ortigosak El cuento-Ipuina liburu-denda ireki dute Donostiako Gros auzoan, Migel Imaz kalean. 3 eta 14 urte bitarteko haur eta gazteei zuzendutako liburuak bildu dituzte bertan, baina ipuinak gustuko dituzten helduek ere obra klasiko eta nobedade interesgarriak aurkituko dituzte. Txikienen artean irakurketa sustatu asmoz, El cuento-Ipuina liburu-dendak hainbat ekimen (ipuin kontalarien emanaldiak...) antolatuko ditu.