Joan den asteazkenean, Frantziako Nazio Asanbladak »zein da garrantzizkoagoa: Frantziako, Nazio ala Asanblada?-, beste hizkuntza batzuen artean, euskara ofizialki errekonozitzeko konstituzioa aldatzeko parlamentu-ekimen bat atzera bota du. Arrazoiak bi: frantziar herriaren batasuna erasotzea eta arrisku komunitarista.
Kaledonia Berriko hautesle zentzuaz ari omen zirelarik, diputatu batzuek Frantziako Konstituzioko 2. artikuluan hizkuntza erregionalen existentzia ere gehitu nahi izan zuten, baina hara non, Gobernuaren izenean, eta nork, Itsas Gaindiko ministroak, François Baroinek, ezetza eskatu eta lortu. Erreformaren bidez, ekimenaren sustatzaileen asmoa Frantziak Europako Hizkuntz Gutxituen Gutuna sinatzea zen. Turkiarekin batera Frantzia da Gutuna sinatu ez duen estatu bakarra. Zenbat paradoxa gertakari hain xumean. Alde batetik, Kaledonia Berriko erreferenduma irabazteko duela hogei bat urte Kaledonia birpopulatu egin zuten frantziarrek, orain ere erroldan makina bat tranpa egingo dute eta, besteak beste, seguruenik, bertako hizkuntzak ere ez dituzte ofizial bihurtuko. Bestetik, Frantzia eta Turkia, hain ezberdin eta hain berdin. Frantziak Turkiari Europako Batasunean sartzen utzi ez bere musulmantasunak Europako oinarrizko kristautasuna erasotzen duelako. Biek bat egiten dute ordea, estatuan dagozkien gainontzeko hizkuntzak ukatzean.
Herriaren batasuna eta lege berdintasuna dira, antza, frantziarrek babestu gura dituzten printzipioak. Eta gauza guztien gainetik arrisku komunitaristak saihestu. Logika honen arabera, badirudi, arriskuak, ez direla gizakion jokabidearen ondorioak hizkuntzenak baino, baina ez hizkuntza guztienak, estatua ez dutenena baino ez. Sekula ez dut uste izan hizkuntza bakoitzak mundu ikuskera propioa duenik, baina ez nekiena zen hizkuntza gutxituak, existitzeagatik bakarrik, arriskutsuak direnik eta gainera komunitaristak.
Frantziako Gobernuak teoria hau landu ondoren, jakitera eman beharko liguke, hizkuntza gutxituen kontraindikazioak ezagutu barik, birus komunitarista inokulatuz, geure burua auto-kaltetzen ari garelako. Euskara abandonatuz, frantsesa mintzatzera pasatuko bagina, ordea, osasuna berehala errekuperatuko genuke, bat-batean askeak eta berdintzaileak bilakatuz. Zelako aukera galtzen ari garen frantziar ez izateagatik. Gure eskerronik beroena eman beharko genieke frantziar gobernuko kideei gure kontzientzia okerra argitzeagatik. Prozesu batzuk aurrera egin ezinik eta beste batzuk betiko moduan. Nazio okerra aukeratzeak zelako zoritxarrak dakartzan! Hau bizitza, beti okertuta bizi behar!