argia.eus
INPRIMATU
Bertso berriak... Arazo zaharrari jarriak
Jexux Mari Irazu @jexuxmariirazu 2007ko otsailaren 21

I

Urte zaharra itzali eta
urte berria argitu
mahats aleek eta kanpaiek
ez dute dena berritu.
Urte handia behar zuena
erdi bidean gelditu
ta Olentzerok, beste behin ere,
gutunak ekarri ditu.


II

Udaberrian sartzearekin
iritsi zen argi printza.
Zer gertatu den gutxik dakite
baina hormatu da ihintza.
Zenbat denboran sinets liteke
gizartea dela giltza?
Ta sinestuta nork esaten du
herriak duela hitza?


III

Kartzelak, berriz, leher zorian,
ez da zabaltzen atea.
Noiztikan dira elkarren lagun
mendekua ta pakea?
Ausardi bikoitz batek bestek zerk
aska lezake katea:
Orain daudenak etxera etorri
ta berririk ez joatea.


IV

Urtea joan da eta mahairik ez,
goseak gutxi ajola.
Lehendik ohituak jatera joaten
mahaia jarrita dagola.
Adostasunik lortu ezinda,
garai berriak ta hola...
Geu beraiekin asko fio ez,
haiek elkarrekin nola?


V

Zenbait bihotzek irentsi behar
herio ta zauri mina
beste zenbaitek hori ta amets
osoa bete ezina.
Ez irabazi eta galtzea
ez dira gauza berdina
zer irabazi izatea da
gaur garaipenik handina.


VI

Gure eskurik iristen ez den
erabakien mirabe...
Geure eskutan dagoenaren
balioaz oharkabe.
Bakoitzak egin berea ondo
burua hitzaren jabe,
horrela ere egiten da lan
Euskal Herriaren alde.