Hona zer zioen Monsanto multinazionaleko medikuntza eta ingurumenaren osasun sailaren zuzendari zen George Roush Jr.-k Sir Richard Dolli 1986ko apirilaren 29an: «Dear Sir Richard. Gutun honen bidez proposatu nahi dizut 1979ko maiatzaren 10etik Monsanto Company-rekin daukazun Aholkularitza Hitzarmena zabaltzea. Aholkularitza Hitzarmen hau, agiri honen bidez, urtebete gehiagoz luzatzen dugu, 1986ko ekainaren 1etik 1987ko maiatzaren 31ra. Urte horretan zehar zure aholkulari-ordainsaria egunean 1.500 dolarrekoa izango da. Gainerakoan, 1979ko maiatzaren 10eko Aholkularitza Hitzarmenaren baldintzak bere horretan atxikiko ditugu...».
Agiri horretaz gain,
The Guardianek jakinarazi du 15.000 dolar gehiago ordaindu zizkiotela Industria Kimikoaren Elkarteak eta Dow Chemical korporazioak binilo-kloratoaren -plastikoetan asko erabiltzen da- eta kantzerraren arteko balizko loturei buruz idatzitako txosten batengatik. Gero, gainera, gertatu zen Munduko Osasun Erakundeak ez zituela onartu Dollen txostenaren ondorioak.
«Albiste hauek -idatzi du Sara Boseley kazetariak- ezinegona ekarri dute zientzialarien eta Richard Dollen miresleen artera; eta zatiketa handiagotu dute kantzer kopuruen igoera bizimodu modernoaren ondorio dela uste dutenen eta produktu kimikoen eta kutsaduraren ondorio dela uste duten ekologisten artean».
Baina Sir Richard Dollen lanaren inguruko eztabaida lehendik zetorren. 1998an
The Ecologist aldizkariak plazaratu zuen Martin Walker-en artikulu bat, titulu honekin: «Sir Richard Doll, kantzerraren ‘stablishment’aren zutoin eztabaidagarria». Artikulu luze hau hasten zen alderatuz zer nolako oihartzuna eman zitzaion komunikabideetan 1979an Dollek erretzaile pasiboek ere kantzer arriskua zutela-eta publikatutako informazioei, eta aldi berean, zein oharkabean pasatu zen nekazaritzako ongarri kimikoek osasunean duten eragin kaltegarriaz egin ziren aurkikuntzak.
Ordurako, aditu batzuk aspalditik ari ziren beste kutsadura askok, zentral nuklearren erradiaktibitate apalak, autoen erregaiak, nekazaritzakoak, plastikoen fabrikazioak eta abar, giza osasunean zeukaten eragina. Baina banan-banan denetan azaldu zen Doll kontrako iritzia ematen, industria handiaren interesak defendatzen.
The Ecologist hilabetekariari orduan falta zitzaion guk daukagun datua: sosa. Hain zuzen, 1979an sinatu zuen Monsantorekin kontratu ezkutua.
1985ean Australiako Gobernuak agindu zuen ikertzea ea Vietnamen amerikarrek jaurtitako
agent orange pozoiak -Monsantok ekoiztua, oihana ihartzen duena- kantzerra eragin ahal izan zien soldadu australiarrei. Inork eskatu gabe, Richard Doll famatuak bere txostena bidali zien, horrelakorik ez zela demostratu, eta hori zioten zientzialariak funtsik gabe ari zirela argudiatuz.
1988an beste ikerlan bat plazaratu zuen, PVC plastikoa egiteko erabiltzen den binilo-kloratoak kantzerrik eragiten ez duela erakusteko. Paper hau gainera, espreski ordaindu zion -soldataz gain- industria kimikoaren elkarteak. Doktoreak ez zuen aitortu inon, noski. Eta hori bezala, behin eta berriro errepikatu zituen erradiazioa, ongarri kimikoak, kutsadura edo industria kimikoa kantzerrarekin lotzen zituzten informazioak.
Historian lekua badu engoitik Sir Richard Dollek: bere produktuen arriskuak salatzen dituzten ikerketa berriak zikintzeko, multinazionalek erosi zuten aditua.
------------------------------------------------------------------------------
www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.