Zer da benetako nomada izatea?
Igor Otxoa. Horrek eztabaidak piztu ditu bion artean. Badira artzain batzuk urte erdian edo gehiagoan ibil daitezkeenak leku batetik bestera, baita musikariak ere nahi bada, baina horiek denak beti itzultzen dira leku jakin batera, sedentario puntu bat dute. Aldiz, badira nomadak etengabe lekuz aldatzen ari direnak, ez dute gunerik nora itzuli, haiekin daramate etxea. Niretzat nomadismoaren izate gorena hori da, etxea norberarekin eramatea.
Harkaitz M. de San Vicente. Niretzat Josu Iztueta, gurekin Laponian ibili zena, nomada bat da. Badu bere txokoa, bere herria, bere etxea, baina batetik bestera ibiltzen da eta gainera hori du bizibidea, bide hori eginez bizi da. Nomada berezi bat da niretzat. Berak aipatzen duen bezala nomada pribilegiatu bat da. Nomada asko beharragatik dira nomadak, gerra dela eta, gosea dela eta, ihesean bizi dira.
Zuek txalaparta dela eta zarete nomada azken lau urteotan.
H. M. de San Vicente. Guk gure proiektu hau desio baten ibilbidearekin parekatu izan dugu, amets baten gauzatze bidearekin, eta desio horrek bilakatu gaitu nomada.
Nola sortu zen amets hori?
H. M. de San Vicente. Txalapartaren bidean material berriak probatu nahi genituen, tinbre berriak, eta txalapartaren sonoritatea aberastu. Beti ere jakinik materialak bere ingurunean esanahi bat duela, eta inguru horretako kulturarekin eta moldakortasunarekin lotuta dagoela. Herrien arteko harremana eta lotura lantzea Igorren gogoeta izan da. Baina moldakortasunaren ideiak pisu handia izan du gure proiektuan, nomada herrialde horietan nola ibiliko ginen bideak berak erakutsiko zigun, nomadek ere hala egiten dutelako. Eta...
(Gurdian argia itzaltzen hasi da, eta argindarra ematen duen motorra eztulka... Ai ai ai, argirik gabe gelditzera goaz. Igor eta Harkaitzen lankideak, Mikelek, burua azaldu du barrenerantz: «Itxaron pixka bat, gasolina bota behar diot». Hirurok barrez hasi gara. Eta une batez ilunpean gelditu gara).
H. M. de San Vicente. Nomadak justu behar-beharrezkoa duten horrekin bizi dira, garraiatu dezaketen hori beharrezkoa dena besterik ez da, eta musikak hor zer toki edo zer espazio betetzen zuen interesgarria zen guretzat. Are gehiago txalaparta hain instrumentu pisua izanda. Gurea kontraste bat zen, txalaparta hemen ematearen arrazoi bat gu sedentarioak izatea delako, baserri inguruan ematen baita bertako materialekin.
Instrumentua garraiatzea lan astuna izan daiteke, baina ahotsa beti daramagu gurekin. Kantuarekin harreman berezia dute nomadek?
H. M. de San Vicente. Bai, nomada ibiltari diren herri horiek ahotsa eta kantua nola garatzen duten izugarria da, baita inprobisazio aldetik ere, hori da joikaren kasua. Joika inprobisatzeko modu bat da, baina ez dute inprobisatzen neurriaren arabera, baizik eta melodia bat erabiliz. Melodia hori gainera txikitan ematen zaien melodia bat da. Jaiotzen direnean melodia bat dagokie.
Zuen bizitzan txalaparta da beharrezko, beti txalaparta daramazue zuekin, eta txalapartak zaramatzate zuek. Baina zer du hain berezi txalaparta jotzeak? Sentimendu baten transmisioa da, edo erritmozko hizkuntza bat sortzea, edo...
H. M. de San Vicente. Gogoratzen naiz niretzat, hastapenetan, jolas baten antzekoa zela. Hizkuntza ezberdina hitz egiten duten umeak ikusten badituzu, helduak ez bezala, jolasean ikusiko dituzu. Eta txalapartak ere horretarako aukera ematen du, jolasteko. Harrapaketan ibiltzea bezala da, badakizu besteak zenbat korri egiten duen, eta haren atzetik zoaz. Bada jolasa, eta era berean bada elkarren arteko pultsu jokoa ere, eta sormena ere bai, eta elkar entzun behar izatea. Horregatik lotzen dugu guk txalaparta jarrera batekin, txalaparta ez da instrumentu huts bat, baizik eta elkarrekin sortu beharreko zerbait eta bat egite horretatik sortzen den jokoa.
Oreka TX zarete. Txalaparta hotsa desoreka-orekaren jokoan oinarritzen da?
H. M. de San Vicente. Hori da. Guk oreka deitzen diogu baina oreka ezinezkoa da desorekarik gabe, eta orduan oreka izena duen bezala desorekak ere berdin-berdin balio luke, batak bestea konpentsatzen duelako.
I. Otxoa. Guk oreka jarri genion, baina ez bakarrik txalaparta jotzerakoan oreka hori beharrezkoa delako. Eta oreka izenak txalapartarekin ez ezik gure esperientziarekin ere harreman zuzena du. Gure bikotea oreka batek eusten du: Harkaitz sortzaileagoa da, alor artistikoaz gehiago arduratzen da, eta ni ekoizpen edo antolakuntza arloaz. Nomaden proiektuarekin ardura handiak hartu behar izan ditugu, enpresa bat sortu dugu biok, eta hor paperak ongi banatu ditugu. Horretan nik uste dut asmatu dugula, oreka hori lortu dugu, eta beharrezkoa izan da. Azken urteetan ordu asko pasa ditugu elkarrekin, esperientzia asko bizi, momentu gogorrak ere bai, erabaki latzak hartu behar izan ditugu, eta desoreka guztiei bion arteko orekak eutsi die.
H. M. de San Vicente. Hori bada oso ongi zaindu dugun zerbait. Garbi izanik ere proiektu hau gauzatzea guretzat garrantzitsua zela eta genuen onena jarriko genuela, gure artean egon den harreman ona beti izan da proiektua bera baino garrantzitsuagoa. Ezberdina da beste enpresa batekin elkarlanean sartzea, gaizki moldatzen bazara ere lana da inportanteagoa, eta egiten duzu, baina gure artean beti izan da harremana inportanteagoa lana bera baino.
Elkarbizitza ere txalaparta jotze bat delako funtsean, oreka-desoreka joko bat.
H. M. de San Vicente. Bai, eta horixe da lortzen zailena. Baina harreman on hori gabe ez dago beste fruiturik. Proiektu handi hau ikusi, eta jendeak esango du «jode, nola sartu zarete honetan...», baina benetan meritua duena zera da...
Nola atera zareten hemendik.
H. M. de San Vicente. Bai.
I. Otxoa. Hori da. Eta ez da biotako inor geratu «nik gehiago egin dut» sentsazio horrekin, nik badakit honetan biok guztia eman dugula, eta tartean bazen dirua, kontu asko, beti ere harreman bat nahasteko bide izan daitezkeenak, baina dena beti oso ongi orekatuta mantendu dugu, eta horrek badu meritua.
Txalaparta zubi bat baldin bada, noraino eraman gaitzake?
I. Otxoa. Guri maila pertsonalean zubi asko eraikitzeko balio izan digu. Musikak berez zubi asko eraikitzen baldin baditu txalaparta bezalako instrumentu batekin joateak are gehiago luzatzen du zubia. Ez da berdina Mongoliako nomaden etxetxo batera gitarra batekin agertzea, turista bezala agertzea, edo txalapartaren bitartez musika sortuz agertzea. Txalaparta hain oinarrizko zerbait izanda, eta gainera biren artean jotzen dena, eskertu egiten dute, eta gero beraiek animatzen dira jotzera, eta horrek erraztu egiten ditu gauza asko. Proiektu honetan, txalaparta sinbolo bihurtu dugu, edo berez sinboloa zen eta guk hori aprobetxatu dugu. Ez soilik musikarien arteko harreman eta zubiak eraikitzeko, baita herrien arteko zubiak eraikitzeko ere. Askotan brometan esan izan dugu bion artean; hainbeste hitz egiten da orain alderdien mahaiari buruz, «txalaparta sinbolo polita litzateke! Politikoek mahaiaren ordez txalaparta jarri beharko lukete!». Azken batean txalaparta biren arteko elkar ulertze bat da, zerbait batera egitearen sinbolo da, eta gainera mahai itxura du.
Gainera bik bakarrik ez, gehiagok ere jo dezakete.
H. M. de San Vicente. Eta norberak erabakitzen du norekin jo nahi duen. Inork ez zaitu behartzen berekin jotzera, baina jotzekotan biok maila berean egon behar dugu, elkarren parean.
I. Otxoa. Sinbolo bezala txalapartak mezu bat darama, agian beste instrumentu batek ez dauka gaitasun hori. Txalapartak hainbat metafora biltzen ditu bere baitan, bikotearena, sexuarena...
H. M. de San Vicente. Nik uste dut norberak hartzen diola bere irudia. Igorrek dioen bezala lotu zenezake alderdien arteko bat egitearekin, elkarrekin jotzearekin... Instrumentu batetik hau guztia ikusi nahi izatean agian norbaitek esango du, «jode, a zer ipuina muntatu duten horren inguruan!», baina...
Ipuina ere izan daiteke egia.
H. M. de San Vicente. Hori da. Eta baliagarria den heinean nik uste dut balore garrantzitsuak direla norberak bere egunerokotasunean kontuan edukitzeko. Ni beste lan batean ariko banintz ere saiatuko nintzateke aitzakia bat bilatzen lan horrek nire herriarentzat, nire buruarentzat, ingurukoentzat, nahi ditudan balore positiboak zabaltzeko bide bat eman dezan. Ez dugu esango «guk hemendik nahi duguna da hurrengo lau urteetan Euskal Herriaren independentzia lortzea», ez, baina sinbolo polita da eta iruditzen zaigu instrumentu batetik hauxe ekarri daitekeela.
Zuen esateko bidea ere hori da azkenean.
H. M. de San Vicente. Bai, eta askotan zuk zure ahotik esan nahi duzun hori beste bide batetik esatea askoz eraginkorragoa da, eta pelikulan adibidez askotan hori erabili dugu, beste herrien ahotsetik hitz egin dugu.
Arrakasta lortu duzue. Arrakasta mediatikoa, arrakasta publikoa. Baina ametsa jaiotzen ikusi zuenarentzat, eta ametsa bizi izan duenarentzat, bide honetan guztian, non dago benetan arrakasta?
H. M. de San Vicente. Niretzat arrakasta da hasieran jarri genituen helburuak lorgarriak eta errealak zirela ohartzea. Bidaia, filma, diskoa, amets errealak ziren. Bestalde, arrakasta bada ere zure bizitza, irudimenez, edo sormenaz, desorekatzea, zure irismena gainditzen duen erronka batean sartzea, eta ttarraka-ttarraka berriro ere oreka batera iristea, apustuari berari pultsuan irabaztea. Hori pertsonalki arrakasta da. Eta nik uste dut momentu honetan horra iristen ari garela, eta orain, pentsatzen jarri behar dugu: «Hau lortu dugu, ongi da, berriro balantzari desorekara eragin aurretik, jar gaitezen eta pentsa dezagun zer nahi dugun guretzat».
I. Otxoa. Nik uste hala ere arrakasta pertsonala, hein batean, badagoela lotua arrakasta publikoarekin. Azken batean guk bideratu dugun proiektu hau ez zegoen soilik gure barnera begira pentsatua, ez zegoen soilik Euskal Herrira begira egina, haratago joan nahi genuen, eta ikusten genuen filma bazela modu bat gure herriaren berri emateko, gure kulturaren, txalapartaren, esperientziaren, eta baita beste herrien berri emateko ere. Proiektu hau ez da soilik guretzako izan, eta nahiz eta gu oso pozik geratu sortutako lanarekin, jendeak ez balu ikusi izan, nik pertsonalki ez nukeen arrakastatzat hartuko.
H. M. de San Vicente. Nik bai.
Nomaden bila ibili zaretenotan hizkuntzaren mugak ezagutuko zenituzten.
I. Otxoa. Hizkuntzaren mugak, eta horrekin bat hizkuntzarik gabe komunikatzeko gaitasunaren bideak. Mongoliako bidaiaren aurretik hizkuntza asko agertu dira, baina ez da egon beste era bateko komunikaziorik, komunikazio paralinguistikorik, berbala ez denik. Hori han topatu genuen, Mongoliako azken herri hori ezagutu genuenean, Chatan. Hango bi kiderekin joan ginen mendira, eta egun gutxi izan ziren zaldian ibiltzen pasa genituenak, baina nahikoak guk eta haiek elkar ulertzeko, nahiz eta hitz ezagun bat bera ere izan ez. Guretzat garrantzitsua izan da hori, nola senti gaitezkeen hain hurbil hain urruneko jende batekin.
Zenbat hitz egin liteke hitz egin gabe?
H. M. de San Vicente. Interesa eta denboraren araberakoa da hori. Chataneko bi hauekin zaldian gindoazela une batean gelditu egin behar izan genuen elurra hasi zuelako, ezin genuelako gorago segitu. Suaren inguruan eman genuen egun bat, eta han komunikazio oso bat sortu zen. Azkar, bagenituen hitz ezagun batzuk, «yuyaptigin» haiena, «eskerrik asko» eta «ez horregatik» gureak. Beti osatzen da bi hizkuntzen artean zubiren bat, jolas bat ere badelako komunikazioa, besteak zer esan nahi dizun, zuk zer esaten diozun...
Musika ere bada hizkuntza bat. Nonahi eta nornahirekin komunika liteke hizkuntza musikalean?
H. M. de San Vicente. Askotan esaten da musika hizkuntza unibertsala dela, eta hori gezur hutsa da. Gure melodiek batzuetan haienekin ez zuten zerikusirik. Haiek ez ziren kapazak gure melodiak egiteko, eta gu ere ez haien erritmoak egiteko. Harrigarria zen, guretzat oso gauza sinpleak zirenak nola ezin zituzten egin, eta haientzat sinpleak zirenak ere ez guk. Beraz uztartze hori ez da beti guk nahi bezala atera, hizkuntzarekin dauden arazo berak sentitu izan ditugu musikarekin. Baina askotan oso iradokigarria izan da haien ulertzeko modua, eta inoiz, ez ulermenak gauza politagoak ere sortu ditu.
Kontatu izotzezko txalapartaren istorioa.
I. Otxoa. Izotzezko txalaparta bat eraikitzea pentsatuta generaman hemendik, baina ez geunden oso ziur egingarria ote zen. Badaezpada egurrezko txalaparta gurekin eraman genuen. Kasualitatea izan zen, zeharkaldi bat egin behar genuen eskiekin, eta egurrezko txalaparta kargoz bidali genuen, baina bidean galdu egin zen, eta lehen asterako genuen estudioa hartua, beraz izotzarekin egin behar zen, eta horretan Ice Man-ek lagundu zigun. Aurrez idatzitako epostetan esaten zigun oso zaila izango zela, izotzak sonoritate apal-apala du eta oso mikrofono onak behar dira, edozein soinuk hori guztia zaputz dezake, kamerarenak adibidez. Konplikazio asko espero genituen, eta azkenean azkar egin genuen dena, eta bidaia guztietan zehar bizi izandako esperientzia politenetariko bat izan zen.
Hemen egin ezin litekeen gauza, lastima.
H. M. de San Vicente. Era berean hori da bere xarma.
Bidea urratua dago, filma eta diskoa atera dira. Distantziaren hoztasunarekin baloratzeko aukerarik izan duzue? Bakardadean zuen begi belarriz ikusten edo entzuten jarri zarete?
H. M. de San Vicente. Nik lehengoan eduki nuen aukera, Bilbora nindoala elkarrizketa bat egitera, CDa autoan oso-osorik entzuteko.
Eta, esan egia, zer sentsazio?
H. M. de San Vicente. Earra! Bai, bai, earra, benetan esaten dizut. Pentsatu nuena izan zen, «neronek hau erosiko banu, zer poza emango lidakeen». Kar, kar, kar.
Dibagazioa da pixka bat, lehen oreka eta desoreka aipatu ditugunez... Txalaparta ez al da zubi batean eskuen gainean ibiltzea?
I. Otxoa. Hori Harkaitzek erantzungo du, kar, kar, kar!
H. M. de San Vicente. Mastekatu egin behar dut aurrena... Kar, kar, kar!
I. Otxoa. Ez dakit loturarik ote duen baina zure esaldiarekin hauxe etortzen zait orain burura: nik proiektu honetan, buruz behera ibiltzearen horrekin, maiz izan dut sentsazioa ibili garela... nola esan... Dena izan da azken momentuan bukatu eta aurrera, Zinemaldirako filma, orain diskoa... Nolabait askotan galtzen genituela zaldiaren...
Mandoak?
I. Otxoa. Hori. Ardura handiak hartu ditugu, eta askotan sentitzen nuen olatua gu baino handiagoa zela, eta ezin genuela kontrolatu.
H. M. de San Vicente. Egia da gauzak egiteko dugun modua nahiko berezia dela. Agian ez da zuzenena komertzialtasunari begira, baina bada natural sentitzen dugun modu bat. Karabana hau esate baterako, karromato hau, Durangoko Azokarako behar genuen, eta lehengoan gaueko hamaiketan iritsi zen Igor Leitzatik, ni Bilbotik nentorren, eta goizeko ordu biak arte hemen egon ginen lanean... Durango hasi baino lehen, kontsigna bat jarri genion gure buruari: «Guk ez dugu karromato honekin lanean aritu behar». Eta azkenean asteazkenean hasten zen Azoka, eta astearte goizeko ordu bietan hemen geunden, Azokan, bakarrik, gu biak eta segurata; eta asteazkenean goizeko zortzietan ere hementxe, berriz, gu biak bakarrik eta segurata, pantaila jartzen, bestea jartzen... Eta nik uste dut gero eta naturalago sentitzen garela gauzak horrela eginda.