Gemma Zabaleta: «Nik ere Anoetako proposamenaren alde egiten dut»


2021eko uztailaren 12an
Ahotsak-en ekimenetako bat gatazkari irtenbidea eman liezaiokeen elkarrizketaren aldarrikapena udaletara eramatea da. Azaldu iezaguzu asmoa, arren.
Ahotsak politika egiteko modu berria lantzen ari da. Gure azken agiria kontsentsuan oinarrituta dago, batzen gaituena azpimarratu dugu abiaburuan eta gure desberdintasunak, ostera, alboan utzi ditugu. Kudeaketa modu hau politikaren gainerako esparruetara eramateko xedea dugu. Gatazka ebazten ari diren politikariez gainera, herritar guztiek bake prozesuan parte hartzea da gure asmoa, emakumeek nahiz gizonek eragile izan behar dute. Udal bakoitzean arbola bat landatu nahi dugu, bake eta errekontziliazioaren sinbolo. Gernikako Arbolak euskaldunok historian politika egiteko izan dugun modua -elkarrizketaren bidezko politika- sinbolizatu eta gerizatu du. Udalen bidez, bake eta normalizazio prozesua herrian sustraitzea da gure nahia.

Ahotsak indartsu agertu zen prozesua abiatzean, prozesu ahuldu ahala Euskalduna Jauregian agertu da berriz ere.
Hala ere, Ahotsak ez da prozesuaren garapenaren araberako ekimena. Okerra da pentsatzea prozesua ondo doalako desagertuko dela eta gaizki doalako aktibatuko dela. Gure agirian gatazka gainditzeko hiru premisa funtsezkoak daude. Lehena: bakeak edukiak behar dituela diogu, normalizazioa ez dela bake hutsa. Bigarrena: demokraziaren zuzenbidezko printzipioei ekin behar zaiela, giza eskubideak errespetatuz. Eta hirugarrena: aukera politiko guztiak defendagarriak eta gauzagarriak izatea eskatzen dugu, erabakitzeko eskubidea errespetatuz. Euskaldunok har dezakegun erabakia errespetatu behar dela diogu, egungo marko juridikoa mantentzeko zein aldatzeko. Horiek dira agiriaren klabeak, berauek ez dira alderdien mahaiak -praktikan jarriko denean- etorkizunean erabakiko duenetik oso urrun izango. Ahotsak-ek alderdiei aurrea hartu die berriz ere.


Ahotsak-en ekarpena kontuan hartuko al dute alderdiek? Bien bitartean, zer gehiago egin dezake Ahotsak-ek?
Agiriak eduki politikoa dauka. Lehendakariak inbestidura saioan agiria prozesuaren oinarria izatea planteatu zien alderdiei, gatazkaren ebazpenerako gakoak bertan daude-eta. Bien bitartean, udalen sostenguaren bitartez gizartea aktibatu nahi dugu prozesuan ari diren eragile guztiei eta bereziki ETAri eta Gobernuari prozesuak ez dezala atzera egin exijitzeko.

Pentsa daiteke emakumeek gizonek adina kargurik betetzen ez dutelako gauzatu dela Ahotsak-en kontsentsua?
Egia da. Gu ez gaude politikaren lehen lerroan, ez gaude oro har karguari horren lotuak eta horregatik bake prozesuari heterodoxia puntu bat eman ahal diogu. Izan ere, ez da prozesurik izango heterodoxiarik gabe, munduko inongo gatazkan ez da irtenbiderik izan heterodoxiarik gabe. Irlanda edo Hego Afrikako helburuak ez ziren lortuko nor bere lerrotik atera gabe. Irlandan emakumeen koalizioak berealdiko rola jokatu zuen. Areago, emakumeek alderdi politiko bat eratu zuten elkarrizketa mahian egoteko.

Ahotsak alderdi bezala osa al liteke?
Ez. Ez dugu inongo arrazoirik hori pentsatzeko. Besterik litzateke politika guztiz ezindua geratzea eta herritarrek eskabide hori egitea. Ez dut egoera politikoak okerrera egingo duela imajinatzen, ez gaude egoera horretan, hobera bidean goaz.

Prozesua ez dago erabat lur jota, beraz.
Ni baikorra naiz. Ez dut prozesuaren egoera unean uneko gertaeren arabera baloratzen. Perspektiba diakronikotik so egiten diot prozesuari, ez modu sinkronikoan. Alegia, Aznarren Gobernutik Zapateroren Gobernura emandako giro politikoaren aldaketa baloratu behar dugu. Eskuineko gobernuentzat arazoa terrorismoa da eta berau akabatzea. Ez dute arazoaren baitako arrazoi politikorik onartzen. Zapateroren Gobernuak aldiz, politikaren bidez ekin die arazoei. Zapaterok irtenbidea aurkitzeko bideak bilatu ditu. Hori berez baikorra da. Aldaketa itzela da. Bidea ondo trazatua dago, irtenbidea elkarrizketaren bidez etorriko da. Euskal arazoaren konponketa parametro horietan jartzea, ebazpena lortzeko bide bakarra da. Gatazkaren parametroak ondo finkatuta daude, gainera berauek ez ditu Gobernuak ezarri soilik, ezker abertzaleak ere ezarri zituen Anoetako proposamenean. Besterik da, une oso delikatuak bizitzea eta prozesua bera moteltzea.

Zer gertatzen da ordea?
Baldintzetako bat ETAren su-etena zen. Baina baldintza perfektua ez izatea aurreikusi beharrekoa zen. Nik prozesua gelditua dela baino, geldo doala esango nuke. Bi errailek eboluzionatu behar dute. Batetik, ETAren eta Gobernuaren arteko elkarrizketek desarme prozesuan aurreratzeko eta presoen arazoa konpontzeko modua aurkitu behar dute. Bestetik, alderdien arteko esparrua finkatu behar da Batasunaren parte-hartze legalarekin.

Batzuen ustez, Batasunak ez du Anoetako proposamena bete. Zure ustez?
Anoetako proposamena gakoa da prozesuan, eta ezker abertzaleak bereari eusten diolakoan nago. Nik ere Anoetako gidoiaren alde egiten dut, gidoia garbia dela iruditzen zait. Presoen esparruan aldaketak eman behar dira, baina Gobernuaren pausoak ETAk desarmatzeko duen borondatearen araberakoak izango dira. Baliteke puntu hori oso une delikatuan egotea. Halaber, prozesua motelduta dago, Batasuna ez dagoelako legalizatuta. Ziur aski, uneon, bakoitzak elkarrizketak bere modura interpretatzen ditu eta horregatik aldeek talka egin dute. Prozesuan akordioak eta desakordioak izango dira, inportantea ordea elkarrizketak ez etetea da, eta ez dira eten. Horrek mantentzen du prozesua bizirik.

PSE-EEk prozesua bultzatzen duela dirudi, eta Zapatero defentsiban dagoela.
Ez dut uste. Zapateroren Gobernuak alderdien arteko elkarrizketa bilatzen segitzen du. Horrek baimenduko eta bideratuko du aurrera segitzea. Espetxe politikan aldaketak eskatzen dira, baina hauek ETA eta Gobernuaren arteko elkarrizketatik etorriko dira. Nik horretaz ez dut deus esateko, ez dut esparrua ezagutzen. Nik nahiago dut esparru politikoaz mintzatzea.

Batasuna legez kanpo egoteak prozesua moteltzen duela diozu. Batasunak legala izateko ETAren biolentzia gaitzetsi behar al du?
Biolentzia kondenatzea behar morala da, ezker abertzaleari betidanik eskatu zaion aurre-baldintza. Alabaina, badago antzeko kategoriako beste betebehar bat nik uste: bakearen alde lan egitea. Batasunak hori erakusten badu, eta Anoetan horren alde egin zuen, Batasunak oraingo testuingurua gainditzeko modua bilatu badu, gainerakoek formula bat bilatu behar dugu Batasunak politikan eta legaltasunean joka dezan.

Non daude legalizatzeko oztopoak?
Ziur aski, egoeraren interpretazioan. Batasunak estatutu berriak aurkeztu arren, ez zaiola politikan parte hartzea bermatzen pentsa dezake eta epaileek estatutuak deuseztatu ditzaketela berriz ere. Beste parteak, agian, ez du hori horrela ulertzen eta estatutuen zain dago. Nik egoera kontrajarri honen aurrean legean aldaketak egingo nituzke Batasuna lasaitzeko eta legalitatera etortzen laguntzeko.

Prozesuarekin itxaropentsua zara.
Gorabeherak gorabehera, prozesuan ari diren parte guztiek erabakiak hartuta dituztelakoan nago. Espainiako Gobernuak nahiz ezker abertzaleak.

Baita ETAk ere?
Horretaz zailago zait hitz egitea. ETAz oso gutxi dakigu, ezin dut deus iragarri beraz. Nik ezker abertzaleak prozesuarekiko hartu duen erabakia sendoa dela uste dut. Elkarrizketaren bidezko politika da irtenbide bakarra, errezeta unibertsal bakarra, beste gauza bat da nola aplikatzen den tokian tokiko arazoak konpontzeko. Uneon Espainiako Gobernuak eta ezker abertzaleak hori landu nahi dute, oinarriak eta eszenategia sendoak dira oso, ibilbide horretatik irtenbidea etorriko dela itxaron dut.

Alderdien mahaia aipatu dugu. Autodeterminazio eskubidea edo erabakitzeko eskubidearen planteamendu moduak trabak izango dira.
Autodeterminazio eskubidea euskal gizartearen parte batek aldarrikatzen du eta beste batek ez. Baina gauza bat da eskubide hori -edo erabakitzeko eskubidea- aldarrikatzea eta beste bat euskaldunon gehiengoaren nahia. Euskaldunon gehiengoak nahi duena printzipio demokratikoen errespetuan oinarritzen bada, hau da, gehiengoak bere eskubideak gainerako espainiarrengandik bereiz garatu nahi baditu, ordenamendu juridikoak gor egingo lioke eskabide horri?

Zure ustez?
Nire ustez aldarrikapen hori gehiengoak egiten badu, irtenbide juridiko bat eman beharko zaio. Lehenik ordea, euskal herritarrek marko juridikoa aldatu edo mantendu nahi ote duten erabaki behar dugu. Hartara, gatazkaren egungo erradiografia ezagutuko genuke.

Nola egin daiteke erradiografia hori?
Herritarrei oraingo marko-juridiko politikoaz zer pentsatzen duten kontsultatuz, markoa balio zaien edo ez jakiteko. Espainiako Estatua konplexua da, nik estatu federalista inperfektua deitzen diot. Euskaldunen gehiengoak nahi ez balu beren eskubideak Espainiako gainerakoekin erabakitzea, modu independentean baizik, demokrazia sendo batek formula juridiko politiko bat arbitratu beharko luke hori posible izan dadin.

Hori eman daiteke normalizazio prozesu honen bidez?
Prozesuaren une honetan ez dakit, baina gatazkei irtenbide politiko-juridikoa eman behar zaie, lehenik bere dimentsioa ezagutzeko eta gero irtenbidea bilatzeko. Betiere legeen markoan, ez legez kanpo. Esaten bada proiektu politiko guztiak defendatu daitezkeela demokrazian, praktikara eraman behar dira, bestela hobe da esatea ez direla denak defendatzen ahal.


ASTEKARIA
2006ko abenduaren 24a
Azoka
Azkenak
2025-04-08 | Euskal Irratiak
Manex Fuchs
“Aberri Egunak euskaldun guztiak biltzeko ospakizuna izan beharko luke”

Aberri Eguna elkarrekin ospatzeko xedez sortu zen Euskal Herria Batera plataforma. Aurten, ikusgarri bat eskainiko dute apirilaren 11n, Manex Fuchs antzerkilariaren, Lorea Agirre idazlearen eta Martxel Rodriguez dantzariaren eskutik.


2025-04-08 | Enbata
Batera, Birsortze Biltzar Nagusirantz

Apirilaren 4an, ostiralarekin, Ipar Euskal Herriak Lurralde Kolektibitate baterantz bilakaera instituzional bat behar duela egiaztatuz, Batera plataformak herritarren mobilizazio dinamika baten abiatzea aurkeztu du. Hitzordua emana da maiatzaren 10ean, larunbatez, Ezpeletan,... [+]


2025-04-08 | Gedar
Greba mugagabera joko dute bihar Trapagarango MFSko langileek

Fabrika itxi eta 106 beharginak kaleratzeko asmoa dauka enpresako zuzendaritzak, eta zabalik dago lan-erregulazioari buruzko kontsulta-aldia.


FIFAri eskatu diote atzera botatzeko Donostiaren egoitza izendapena 2030eko munduko futbol txapelketan

Abenduan ezagutarazi ziren Espainia, Maroko eta Portugalen jokatuko den Munduko Futbol Txapelketako egoitzak. Donostia eta Bilbo zerrendan ageri ziren. Bada, Donostiako sei auzo elkartek, gutun bidez, FIFAri eskatu diote atzera botatzeko hiriaren egoitza izendapena; FIFA bera... [+]


2025-04-07 | ARGIA
Aita Mari ontziak 108 erreskatatuak gertuagoko portu batera eramatea ez utzi izana deitoratu du

108 pertsona erreskatatu dituzte asteburuan Mediterraneoan. Italiako Gobernuak ez die utzi gertuko portu batean lehorreratzen, eta Salernora bideratu dute Aita Mari ontzia. Litekeena da Europako Batasunak migrazio politikaren araudia gogortu aurreko azken misioa izatea. Aita... [+]


Loren Arkotxa ondarroarra zendu da, Ondarroako alkate ohia eta Udalbiltzako lehen presidente izandakoa

1999an sortu zuten Udalbiltzaren sortzaileetako bat izan zen, eta erakundeko lehen presidente izendatu zuten urte berean. Ondarroako alkate izan zen hiru agintalditan, eta hango udalak eman du albistearen berri.


Mikel Oterori erantzuna

Badira bi aste beste behin makroproiektuei kaleetan oposizio argi bat erakutsi geniela. Milaka eta milaka pertsona atera ginen kalera dinamika suntsitzaile honek amaitu behar duela aldarrikatzera. Bada, dirudienez horrek ez du lurraren suntsiketaren aldeko politikarietan inolako... [+]


Ekainean 20. urteurrena ospatuko du preso politikoen elkartasunezko Hendaiako futbol 7 txapelketak

Hogeigarren edizioa ekainaren 14an egingo da eta futbol partida, bazkari eta kontzertuz josia egongo da. 20 urtez presoekin elkartasunez lelopean ospatuko dute eguna, eta ekintza "bereziak" iragarri dituzte.


Asiako eta Europako burtsek galera historikoak jasan dituzte, Trumpen gerra komertziala tarteko

Asian Hong Kong izan da galerarik handienak jasan dituena: %13,2 galdu du, 1997tik pairatu duen kolperik handiena. Europan, berriz, %6 eta %10 arteko galerekin abiatu dute astelehena burtsa nagusiek. Trumpek hartutako neurriak salatzeko mobilizazioak egin dituzte Europako eta... [+]


2025-04-07 | ARGIA
Euskararentzat justizia eskatu dute ehunka euskaltzalek Baionan

EHEk deituta, Baionan manifestazioa egin dute apirilaren 6an. Euskararentzat eta euskaldunentzat justizia eskatu dute, eta Euskararen Errepublika aldarrikatu. Hilaren 11n EHEko bi kide epaituko dituzte Baionako auzitegian desobedientzia ekintza bat egin izanagatik.


Milaka lagun, etxebizitzaren negozioaren aurka Donostian

Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak deitua, milaka lagun batu dira gaur eguerdian Donostian, “etxebizitzaren negozioaren aurka” eta “etxebizitzarako eskubide unibertsalaren alde”.


2025-04-07 | Ahotsa.info
Hego Euskal Herriko langile eta pentsiodunak kalera atera dira bizi baldintza duinak bermatuko dituzten gutxieneko soldata eta pentsioak eskatzeko

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak deitutako eta ELA, LAB, ESK, CGT, CNT, STEILAS, ETXALDE eta HIRU sindikatuek babestutako manifestazioak Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Iruñean izan dira. Bertan, Euskadiko eta Nafarroako gobernuei eskatu diete zerga eta aurrekontu... [+]


Gasteizko Korda espazio okupatua desalojo arriskuan dagoela salatu dute

Dozenaka auzokidek babesa agertu diote proiektuari igandean. Alde Zaharreko lokala udalaren jabetza da, eta hiru urte dira hainbat eragilek elkarlanean okupatu zutela.


Eguneraketa berriak daude