argia.eus
INPRIMATU
AHTren lanak
Juan Mari Arregi 2021eko uztailaren 19a

Eusko Jaurlaritzako arduradunek, lehendakaria buru dutela, etengabe esaten digute herriaren nahia eta elkarrizketa bermatu behar dela. Eta, hala ere, esatea eta etsenplu ematea bi gauza dira. Orain baino lehen, ikusi ahal izan dugu nola ulertzen duten Ibarretxek zioen «egunsentira arteko elkarrizketa» hura eta herriaren nahia errespetatzea. Lemoiz, Itoitz eta Boroa herriaren nahia eta elkarrizketa kontuan hartu ez izanaren adibide lotsagarriak dira. Orain AHT egingo zela esan zutenetik, bera egiteak sorrarazi duen gatazkaren aurrean gaude, azken asteotan areagotu egin baita lanak hasi direlako. Lanok hasita, Eusko Jaurlaritzak «informazio» prozesua abian jarri du. Berandu, gaizki eta informazioa manipulatuz. Bitartean, aspaldidanik AHTren kontra daudenak gero eta gehiago dira eta aldez aurretik gizartean eztabaidagai izan dadin eskatzen dute. Dagoeneko hainbat herrik jasan dituzte eraginak eta gehiengoa haren kontra azaldu da herri kontsultan. Herri manifestazioak astero egiten dira. Gobernuaren erantzun bakarra errepresioa eta informazioaren manipulazioa eta intoxikazioa izan da. AHTren kontra daudenak eskubide osoa dute beren ikuspuntuak azaltzeko eta ekologian, gizartean, nekazaritzan, ekonomian eta lurraldean dituen eraginei eta kostuei buruzko herri eztabaida eskatzeko. Eta horretarako lanak geldi daitezen eskatzen dute. Ibarretxeren Gobernuak, orain arte, ez du aukera hau eman eta bere erabakia inposatu du. Aldez aurretiko inolako eztabaidarik gabe. Hau ez da etsenplu ona ematea.