argia.eus
INPRIMATU
Ubi est Ezkaba?
Edu Zelaieta Anta 2021eko uztailaren 16a
Ubi sunt? galdetzen zuten klasikoek. Non dira? galdetzen dute beren azken diskoan Bide ertzean taldekoek. Izan ere, zenbaitetan iduri du galderarik sinpleenak funtsezkoenak direla, denborari aurre egiteko gauza diren bakarrak. Beharbada, galderak berdintsuak diren arren, garai bakoitzak bere erantzunak aurkitu behar dituelako.

Galiziatik Euskal Herrira ekarri zuten gure aitona gerra zibilaren garaian -ez ditut gerren izenak letra larriz izkiriatuko-, Iruñea ondoko San Cristobaleko gotorlekura. Bertako ihesaldi masiboa gertatu zen urtean espetxeratu zuten amaren aita. Aitonak ez zuen ihesaldian parte hartu, baina presondegian harrapatutako bronkitisa ezin kenduz ibili zen hil arte. Ezkaba dokumentalean Iruñeko pertsona batzuei galdetzen zaie ba ote dakiten zer den Ezkaba, Ezkaba mendia gibelean dutela. Erantzuna, tamalez, badakizue.

Non dira, bada, bideak sasiz estali zituzten erantzuleak? Non dira bidegabekeriak ebatsitako egiak? Zergatik eraman ditu haizeak gure aitona-amonei egin behar genizkien galderak, haizea libertatearen ikurra baldin bada? Erantzunak, badakit, aspaldixko bahitu zizkiguten; ilunak, ordea, ez du magalik hartuko gure baitan.