argia.eus
INPRIMATU
Maltzagatik: Hedabideena, beste fronte bat
Xabier Letona Biteri @xletona 2021eko uztailaren 19a
Elkarrizketa eta negoziazio politikoaren krisia sozializatu da dagoeneko. Jaurlaritzaren azken inkesta lekuko; eta hori duela ia bi hilabete egindakoa dela, gaur egun egingo balitz herritarren iritzia ezkorragoa litzateke eta.
Ezkor izateko arrazoi asko daude: lehenik negoziazioan ari diren alde guztiek hala onartzen dute; bigarrenik, arazo nagusiekiko begirada sinple batek ere hala adierazten du, presoak, kale erasoak, atxiloketak, auziak, arma lapurreta... hainbeste gauza aipa daitezke!

Bizi garen gizarte mediatikoan, herritarrek hedabideek igortzen dutena barneratzen dute neurri handi batean. Eta nondik elikatzen dira hedabideak gaur egun? Neurri handi batean instituzio eta botere gune desberdinetatik, edota eragin gune ekonomiko eta politiko handienetatik. Esate baterako, oraintsu zuzendua izan den Jose Antonio Pastor moduko buruzagi sozialistekin hitz egitetik. Filtrazioa da nagusi egungo diskurtso mediatikoaren korronte nagusian eta hala bada, komunikabideak borroka tresna gisa erabiltzen direlako da.

Horrexegatik, Ibarretxe lehendakariak alderdiei bake prozesuaz komunikabideetan ez aritzea aipatzen dienean, ezinezkoez ari da. Eskatu ahal izango da tentuz aritzea, arduraz, hedabideak ahalik eta modu baikorrenean baliatzea... baina XXI. mende hasierako gizarte mediatikoan komunikabideetan ez aritzea ez da posible. Egunerokotasunaren alor niminoenean ere -eta erakunde eta enpresa mundutik bereziki- komunikabideetan mezua etengabe bideratzen denean, nola ez da ba egingo bake prozesu batekin? Datu bitxia zen Carlos Garaikoetxea lehendakari ohiak bere memoria politikoetan aipatzen zuena, ez dira hitz zehatzak baina mezua honakoa zen: Gu Jaurlaritzara iritsi (1980) ginenean hiruzpalau prentsa arduradun geneuzkan eta gaur egun nonahi ikusten dira.

«Laugarren boterea» esaten zitzaion garai batean komunikabideen munduari, botereen arteko kontrapisu funtzioagatik, baina gaur egun botere desberdinen beste hanka bat gehiago gisa eratzen jarraitzen du gero eta gehiago. Gero eta erabiliago. Nork eta zertarako filtratzen dizkio, bada, L. R. Aizpeoleari bere artikuluak edo John Carlini? Edo nork eta zertarako egin zion ETA eta Espainiako Gobernuaren harremanei buruzko uztaileko filtrazio ospetsua Gara-ri? Zergatik hasten da berriz elkarrizketagintzan Ibarretxe lehendakaria? Zergatik El Mundo-k... Eta unean uneko arrazoi zehatzak ezagutzen ez baditugu ere, jakin badakigu negoziazio frontea komunikabideetaraino zabaltzen delako dela. Eta esparru honetan ere hain dira handiak desorekak!

Badira ezkor izateko arrazoi ugari, batzuk oso larriak gainera: barrunbe handirik ez dago, baina, adibidez, Iñaki de Juanaren biziak arriskuan jarraitzen du.