argia.eus
INPRIMATU
Esperantzaren ahotsa
2021eko uztailaren 19a
Gure arazoei konponbidea bilatzeko modu tradizional bat horiek norbaiti kontatzea da. Kontatzen ditugunean, gure barrua askatzen dugu eta arazoa beste modu batez ikusten dugu. Gure kezkak kanporatzen ez baditugu, gure egoera emozionala kolokan jar dezakegu. Arazo hori kontatzeko inor ez badaukagu -edo eduki arren, kontatu nahi ez badiogu-, Itxaropen Telefonora jo dezakegu. Hego Euskal Herrian krisi egoeran aurkitzen den jendeari esperantza izpi bat ipintzen ahalegintzen dira duela hogei urte baino lehenagotik. Beren helburu nagusia arazo baten aurrean dagoen edonor bakarrik ez geratzea da. Eta horretarako, erabiltzen duten filosofia entzutea da, entzute-aktiboa. Hau da, telefonoaren beste aldean dauden profesionalek, entzuteaz gain arazoei buelta ematen lagunduko digute.


Krisi egoeratan zer?

Krisian gaude eta Itxaropen Telefonora deitzen dugu. Ez diogu gure arazoari irtenbiderik ikusten eta norbaiten laguntza behar dugu. Momentu horretan telefonoaren hariaren beste aldean dagoen pertsonak gure arazoa kontatzeko esango digu. Entzun eta ulertu. Horixe izango da Itxaropen Telefonoak emango duen lehenengo pausoa. Une honetan blokeatuta gaude, baina gure barruak askatuz goazen heinean, gure arazoa beste ikuspuntu batetik ikusten hasiko gara. Hurrengo urratsa orientatzen eta hausnartzen laguntzea izango da. Dena ondo joanez gero, gure egoeraren benetako garrantziaz jabetuko gara eta arazoari izena jarriko diogu. Hau guztia egin ondoren, azken pausoa soluzioak bilatzea da. Ez da Itxaropen Telefonoaren helburua izango zer egin behar dugun esatea. Gure problemen gainean geldi ez geratzen eta bidea oso beltza ikusi arren itxaropen argi bat bilatzen lagunduko digu, baina gure gain utziz soluzioak bilatzeko erantzukizuna. Hartara, helburu berriak jarriko ditugu eta eman beharreko pausoak zehaztuko ditugu. Ibilbide honi guztiari esker, gure kaosa ordenatu ahal izango dugu eta horrela, berriz ere gure bideari ekingo diogu.

Itxaropen Telefonora deitzen duten hainbat pertsonek lehenengoan topatzen dute irtenbidea, baina beste askorentzat ez da nahikoa izaten. Telefono dei bat, beste bat eta beste baten ondoren oraindik ez bagara gure buruhausteak gainditzeko gai, beste zerbitzu batzuk eskaintzen dizkigu Itxaropen Telefonoak. Alde batetik, elkarrizketa pertsonala daukagu. Premiazko kasuetan bakarrik eskaintzen da, baina bide hau askoz pertsonalagoa da eta gehiago laguntzen du. Bestetik, psikoterapia labur bat ere eska dezakegu. Egoitza guztietan aurki daiteke arreta zerbitzu hau. Psikoterapia laburra da, hiru edo lau saioetakoa eta bakarrik larrialdi egoeretan aplikatzen da.

Prozesu guztia amaitu eta oraindik ere nahikoa ez denean, beste laguntza mota bat behar dugu: psikologikoa, juridikoa... Laguntza mota hau ez digu Itxaropen Telefonoak emango, baina nora jo dezakegun aholkatuko digute. Esate baterako, menpekotasun arazo bat baldin badaukagu, gure probintzian arazo honi aurre egiteko dauden baliabideez informatuko gaituzte.


Kezkatzen gaituzten arazoak

Pertsonak adina arazo daude, baina garapen teknologiko sozialak eragina izan du gizartearen arazoetan. Duela hogei urteko problemekin alderatuta, gaur egun Itxaropen Telefonoan planteatzen diren deien artean, inkomunikazioa, atsekabea, familiako arazoak, menpekotasunak, bakardadea, antsietatea eta depresioa ugaldu dira, besteak beste. Deien zati handi bat izaera sozialeko arazoekin lotutakoak dira eta antsietatea, depresioa eta menpekotasuna ere asko errepikatzen dira.

Arazo hauek 30-60 urte bitarteko pertsonetan ematen dira ugarien. Izan ere, seme-alabak, lana, etxea... Buruhausteak ugaldu egiten dira adin tarte honetan, bai ekonomikoki eta baita familia giroan. Beraz, pertsona hauek izaten dira Itxaropen Telefonora gehien jotzen dutenak. «Aitzitik, hirugarren adinekoak dira zerbitzu honetara gutxien jotzen dutenak. Hiri eta herrietan hauei zuzendutako zerbitzuak ugariagoak direlako izan daiteke», dio Elena Pidal Gipuzkoako Itxaropen Telefonoaren koordinatzaileak.


Zerbitzua eta printzipioak

Itxaropen Telefonoa irabazi asmorik gabeko Gobernuz Kanpoko Erakundea (GKE) da. Bertako langileak boluntarioak dira eta ez dute dirurik irabazten. Hala ere, langile hauek behar bezala kualifikatuta daude, prestakuntza teoriko eta praktikoa jaso baitute. Gure deiaren kostua soilik ordainduko dugu eta hori ere aldatzen ari da, pixkana guztiz doakoak diren lineak sartzen ari baitira.

Telefonoaren beste xedeetako bat gure intimitatea babestea da, beraz, guztiz anonimoa eta konfidentziala izango da. «Ez zaigu inporta deitzen dutenen ideologia politiko edo erlijiosoa, apolitikoak eta akonfesionalak gara. Pertsonak axola zaizkigu eta ez beren ideologia», azpimarratu digu Pidalek.


Nola saihestu krisiak?

Harremanak gure egoera psikologikoaren oinarri dira eta beraz, gure burua bezainbeste zaindu behar ditugu. Krisi egoera hauetara ez heltzeko, garrantzitsua da gainontzeko pertsonak errespetatzea, arretaz entzuteko borondatea azaltzea, gure lagun eta familiarekin egotea eta geure buruarekiko jarrera positiboa edukitzea. Hau da, gutxiago kezkatu behar dugu; «izan beharko genukeena» alde batera utzi eta «garena» zaindu behar dugu. Ohituta gaude besteek esatera zer egin behar dugun, baina gure nahiak zaintzen ere ahalegindu behar dugu. Eta garrantzitsuena: arazoei ez diegu bakarrik aurre egin behar, beste norbaiten laguntzarekin errazago konponduko dugu.

Hamaika arazo, hamaika dei
EAEn eta Nafarroan Itxaropen Telefonoak hogei urte baino gehiago daramatza lanean. 1978an Iruñean sortu zen Euskal Herriko lehena. Arazo eta larrialdi pertsonaletan laguntza emateko halako zerbait sortzea beharrezkoa zela ikusi zuten. Handik aurrera, probintzia bakoitzean linea bana ezarri zen. Egun, 10.000 deitik gora jasotzen dituzte Euskal Herriko Itxaropen Telefonoek urtean. 2005eko datuen arabera, Arabako Itxaropen Telefonoak 3.160 dei jaso zituen iaz eta Gipuzkoakoak 2.300. Bizkaikoak 15 dei inguru jasotzen ditu egunean eta Nafarroakoak 12-15 bat.

Euskal Herriko Itxaropen Telefonoak hauetxek dituzue:

- Araba: 945 147 014/ 945 146 204 (egunean 24 orduz).

- Bizkaia: 944 101 002

- Gipuzkoa: 943 429 742/ 900 840 845 (astelehenetik ostiralera 9:30etik 13:00etara eta 16:00etatik 21:00etara, larunbatetan 9:30etik 13:00etara eta 17:00etara 20:00etara, eta igande eta jaiegunetan 17:00etatik 20:00etara).

- Nafarroa: 948 237 058/ 948 233 040 (egunean 24 orduz).