argia.eus
INPRIMATU
Erakunde soziolaboralak krisiak geldiarazita
  • Adibide gisa, Kontseilu Ekonomiko eta Sozialeko presidente Antxon Lafont elkarrizketatu dugu.
Daniel Udalaitz 2021eko uztailaren 19a
Hainbat gertakarik erakutsi dute erakunde soziolaboralak krisian daudela. ELA Euskal Herriko sindikatu indartsuenak urrian jakinarazi zuen ez zuela Lan Harremanen Kontseiluan (LHK) gehiago parte hartuko; eta hamar egun geroago, LAB eta ELA sindikatuek dimititu egin zuten Hobetuz Langileen Prestakuntzarako Fundazioaren presidente karguan. Krisia orain dela hilabete batzuk hasi zen eta egun arte garatu da, besteak beste aipaturiko erakunde soziolaboraletan. Krisi hori Ekonomia eta Gizarte Kontseilura (EGK) eta Osalan-en Kontseilu Orokorrera ere iritsi da. Krisia gainditzeko alderdi guztiek konpromisoa hartu behar dute, Euskal Herriko eremu soziolaboraleko lege eta arauak errespetatzeko eta horrekin batera erakunde soziolaboral horien elkarrizketa bideratzeko.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak dagokion erantzukizuna hartu beharko du patronalaren xantaiei men egin gabe, askotan sindikatuentzat ezinbestekoak diren gaiak eztabaidatik baztertu nahi dituelako patronalak; ezegonkortasunaren eta laneko istripuen aurka lan baldintzak hobetzea, eta enpresen irabazi handien haritik soldatak handitzea, esaterako.


Lehergaia: ELAko militanteen aurkako salaketak

Batetik, ELAk CEBEK Bizkaiko patronalarekin erakunde arteko harremanak hausteak eta bestetik, sindikatuak LHKtik alde egiteak erakundeen krisia azaleratu dute. Hain zuzen ere, CEBEK patronalak, ANEFHOP zementu enpresak eta fiskaltzak ELAko Eraikuntza eta Zurgintza Federazioko bost militanteren aurka egindako akusazio penalek leherrarazi zuten krisia. Akusazio horiek zerikusia dute 2002an sindikatuak Bizkaiko hormigoien eta harrobien sektorean deituriko greban ustez gertaturiko zenbait gertakarirekin. Gutxiengoan zegoen arren, patronalak hitzarmen bat sinatu zuen, ELAri, sektorean %70eko ordezkaritza zuen sindikatuari, bizkar emanez. Horrek ekarri zuen sindikatuak greba deitzea. Patronalek, (akusazio partikularra), arduradunak kartzelatzeko eta erantzukizun ekonomikoak hartzeko eskatu dute orain. Gainera, erantzukizun ekonomiko horiek bermatzeko, ondasunak bahitzeko eta sindikatuaren erantzukizun zibil subsidiarioa aitortzeko eskatu dute.

Horri erantzunez, ELAk hautsi egin zuen Confebask-ekin zituen erakunde harremanak eta LHKtik alde egin zuen, denbora mugagaberako, Confebask-en bitartez CEBEKek ere bertan parte hartzen zuelako. Sindikatuak argudiatu zuen ezin duela bere militanteak eta sindikatua kriminalizatzen dituen patronalarekin erakunde berean egon. ELAk adierazi du legeak eta arauak betetzen direnean baino ez dela LHKra itzuliko.


Hobetuz, likidazio egoeran

ELAk erabaki hori hartu eta hamar egunera, LAB sindikatuarekin batera dimititu egin zuen Hobetuz elkartearen presidente karguan. Bi sindikatu horiek adierazi zuten Confebask-ek galarazi egin ziola Fundazioaren egitura teknikoari etengabeko prestakuntzaren arloan Gasteizko Gobernuko arauen kudeaketan parte hartzea eta horrek likidazio egoeran jarri zuela Hobetuz. Sindikatuen arabera, Confebask-ek ez dio uzten Hobetuz-i homologaturiko lanbide heziketako zentroen bitartez katalogatu gabeko prestakuntza jarduerak egiten, eta egun horietan guztietan gailentzen da. Hobetuz jarduerarik gabe uztea praktikan erakundea ixtea da, sindikatuen ustez.

Ekonomia eta Gizarte Kontseiluaren eta Osalan erakundearen egoera ere ez da hobea. EGKren presidente Antxon Lafontek berak erakunde soziolaboralen krisiaren inguruan adierazi zuen «metastasiak» EGK ere hartuko duela. Erakunde horren jarduera azken bi urteetan asko murriztu da Confebask-ek ordezkaturiko enpresa taldea eta talde sindikala bereizi direlako. Horregatik, Lafontek adierazi zuen oso zaila dela EGK erakundeak aurrera egitea, bere jarduera geldiarazteko betoa «neurrigabe» ezarri diotelako.

Krisian dauden erakundeak
Lau dira EAEn gizarte eta lan arloko topaleku gisa sorturiko erakunde soziolaboralak. Antzekoak daude Nafarroan eta Iparraldean ere.


Lan Harremanen Kontseilua (LHK).

Confebask patronalaren (7 kide) eta ordezkaritza zabalena duten lau sindikatuen (ELA, 3 kide; CCOO, 2 kide; LAB, kide 1; eta UGT, kide 1) topalekua eta erabakiak negoziatzeko eremua da. Eusko Jaurlaritzaren erakunde aholku-emailea ere bada. Erakunde honetan taldearen gehiengoarekin hartzen dira erabakiak. 1999an Confebask-ek alde egin zuen eztabaidarako mahaitik enplegu auziengatik eta ordutik LHK-k ez du ezer negoziatu.


Ekonomia eta Gizarte Kontseilua (EGK).

Erakunde aholku-emailea da. Irizpenak eta txostenak egiten ditu. Botoa duten hiru taldek (sindikala, patronala eta beste batzuk) eta aditu talde batek osatzen dute. Taldearen gehiengoarekin hartzen ditu erabakiak. Confebask-en jarrerak eta araudiaren interpretazio murriztaileak galarazi egiten dute patronalarentzat istilutsuak diren gaietan irizpenak egitea edo boto partikularren bitartez jarrera kritikoak jasotzea.


Hobetuz.

Euskal langileen etengabeko prestakuntzarako Fundazioa da. Eusko Jaurlaritzak, sindikatuek eta Confebask patronalak hartzen dute parte. Taldearen gehiengoarekin hartzen dira erabakiak. Urteak daramatza deialdi propiorik egin gabe Espainiako Gobernuak (CCOO, UGT eta CEOE sindikatuek eskatuta) dagokion finantzabidea kendu zionetik. Erakunde honen egoerak okerrera egin zuen Confebask-ek galarazi egin ziolako Eusko Jaurlaritzak bere ekonomia funts propioekin sustatzen duen prestakuntza kudeatzea.


Osalan.

Osalan-en Kontseilu orokorra, besteak beste, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen ekintza programak onartzeaz arduratzen da. Eusko Jaurlaritzako, patronaleko eta sindikatuetako kideen gehiengoarekin adosten dira erabakiak. Gobernuari eta patronalari bat egitea leporatu die, sindikatuen gehiengoaren aurka kudeaketa planak eta urteko balantzea onartzeko. Burokratikoa izatea eta eraginkortasunik ez edukitzea leporatu izan diote.