argia.eus
INPRIMATU
Berri onak
Juan Kruz Lakasta Zubero 2021eko uztailaren 16a
Behingoagatik, euskararekin loturiko albiste bikaina daukagu Nafarroan: Euskararen Foru Legearen araberako eremu ez euskalduneko ikastolak dagoeneko legezkoak dira. Legeztatzeko protokoloa ekainaren 30ean sinatu zuten Nafarroako Ikastolen Elkarteak eta Foru Gobernuak, baina erabakia ez da azaldu Nafarroako Aldizkari Ofizialean azaroaren 13ra arte. Hil bereko 27an, gobernuak ikastola legeztatu berrien finantzaziorako legea onartu du: datozen bost urteetan, 8,8 milioi euro jasoko dituzte.

Berria, berriz diot, bikaina da. Eremu ez euskalduneko irakaskuntza publikoan ezin da euskarazko D eredua eskaini. Hartara, ikastolak dira euskaraz ikasteko bide bakarra. Vianako Erentzun, Tuterako Argia, Lodosa eta Sartagudako Ibaialde, Irunberriko Arangoiti ikastolek bi hamarkada eman dituzte astolen Elkarteak eta Foru Gobernuak, baina erabakia ez da azaldu Nafarroako Aldizkari Ofizialean azaroaren 13ra arte. Hil bereko 27an, gobernuak ikastola legeztatu berrien finantzaziorako legea onartu du: datozen bost urteetan, 8,8 milioi euro jasoko dituzte.

Hirugarrenez diot: notizia bikaina da. Haatik, hedabide euskaldunetan, komunikabide euskaltzaleetan, ez du oihartzun handiegirik izan. Ikastolek beraiek ospakizun isilak egin dituzte. Azalpena erraza da: guztiek uste dute UPN-CDNko Gobernuak hauteskundeetara begira egin duen urratsa dela. Abiaburuan, erabat ados. Argi dago bozetara begira ari direla. Horren argi ez dakusadana da hori ezkutatu behar ote den, hori bera ere albiste itzela baita. Berri zoragarria da UPNk eta CDNk hauteskundeetara begirako keinu moduan euskararen alde egitea.

Ezin dugu ahantzi azken bi hauteskundeen atarian, erregionalistek hain justu kontrako bidea segitu dutela. Azken bi legegintzaldietan, Aurelio Artetaren zein Victor Manuel Arbeloaren iritzi artikulu pozoitsuen hariekin, hizkuntza politikaren inguruko diskurtso eta politika xenofoboa ehundu dute. Eta euskararen aurkako jarrera hori haien hauteskunde egitarauaren ikur nagusietakotzat ibili dute, horrek botoak ematen zituelakoan.

Orain, aldiz, bira kopernikarra egin dute, boterea galtzearen beldur. Hau da, orain uste dute euskararen aurka aritzeak ez duela botorik ematen. Aitzitik, botoak ken diezazkiokeela iritzi diote. Oinarri sendorik badute horretarako: Ikertalde enpresak Foru Gobernuarentzat Iruñerrian egindako inkesta soziolinguistikoaren arabera, herritarren %65ek uste dute Administrazioak euskara sustatzeko neurri gehiago hartu behar dituela. Euskararen Legearen araberako Iruñerriko eremu ez euskalduneko herrietan -Noainen, Elortzen, Arangurenen, Galarren eta Beriainen- herritarren %71ak eremu mistora pasatu nahi du, haien eskoletan D eredua eskain dadin, errotulazioak elebiz egin daitezen, zerbitzu publikoak euskaraz ere eskain daitezen.

Euskaldunak ikusiezin bihurtu nahi izan gaituzte. Euskara erdaldunentzat baztertzailea dela esan dute. Oposizioetan euskararen balioa hutsaren hurrengo bilakatu dute. Euskara bide ikurretatik desagerrarazi dute. Irakaskuntzan hamaika traba jarri dituzte, euskarazko ereduak irudi gatazkatsua eskain dezan. Eta, horren guztiaren ondotik, jabetu dira herritarrek, oraindik orain, euskararen pertzepzio positiboa dutela, euskara maite dutela. Nire uste apalean, albiste bikain, zoragarri, itzela da, zabaldu beharrekoa, ospatu beharrekoa.

Behingoagatik berri onak dauzkagun honetan, probetxa dezagun nafar euskaldunok, eta bereziki Nafarroan euskalgintzan dihardugunok, gure diskurtsoak eta estrategiak aztertzeko, zorrozteko. Lan handia eta ona egin da. Baina akatsik ere izan da. Baten bat, kalibre mardul samarrekoa. Utz ditzagun jarrera oldarkor eta maximalistak bazterrean. Ikas dezagun erdaldunengana enpatiaz hurbiltzen. Prestigia dezagun gure hizkuntza. Erakuts diezaiegun zer galtzen duten euskara ez jakinda. Eta ez dezagun sala gure senide, lagun, auzoko, lankide erdalduna diglosia-zapaltzailearen-eragile-nagusi-kabroi moduan.