argia.eus
INPRIMATU
Makina bat kontu
Joxerra Aizpurua Sarasola 2007ko otsailaren 21

Lurrazala handitzen

AEBetako Maya Tolstoy eta Felix Waldhauser ikerlariek zuzendutako ekipoak Ozeano Barearen ekialdean, Mexikoren parean, hainbat tresna kokatu zituen itsas ondoan, 2.500 metro sakonera. 12 sismometro jarri zituzten eta horiek berreskuratzeko sistema automatiko bat erabili zuten, hau da, itsas azaletik seinale bat bidali eta sismometroa itsas hondotik askatu eta itsas azalera igotzen zen.

12tik lau baino ez ziren berreskuratu eta hasieran galdutakoak matxuraren ondorioz kaltetu zirela uste izan bazen ere, jasotako sismometroek erruduna lurraren barnetik ateratako magma izan zela adierazi zuten.

Datuak aztertu ondoren 2006ko urtarrilean astebetez magma atera eta atera aritu zela ikusi zen eta hau gertatu aurretik azken bi urteetan jarduera sismiko indartsuak izan zirela ere bai.

Beraz, bi baieztapen egin daitezke ikerketa horretatik. Batetik, lurrazalak zabaltzen segitzen duela eta bestetik itsasoan gertatzen diren erupzioak aurrikus daitezkeela mugimendu sismikoak aztertuz.


Gari aberatsagoa

Garia etxekotu ahala propietateak galtzen joan da. Horrela ogia eta pasta egiteko erabiltzen dugun gariak gari-espezie basatiak baino proteina, zink eta burdina gutxiago ditu. Joan den hilaren amaieran Science aldizkariak, AEBetako Californiako unibertsitateko Jorge Dubcovsky-k zuzendutako ekipoak egindako ikerketen berri eman zuen. Lan honetan, etxeko gariaren txirotasuna azaltzeaz gain TaNAM deituriko genea identifikatu zutela aipatu zuten.

Aipatu genea manipulatuz gariak metatu dezakeen proteina edo mineral kantitatea areagotu daitekeela ere ikusi dute, izan ere, gari-ale basatietan TaNAM geneak lanean diharduen bitartean etxeko gari-aleetan ez du ia lanik egiten. Genea martxan jartzen asmatu dute eta laborategietan bederen, gari-ale aberatsak lortu dituzte.

Aurkikuntza honek estatu txiroetan garrantzi handia izan dezake, bertako populazioak proteina eta mineraletan gabezia handia izaten baitu.

Gari-ale aberatsak lortu ahal izateko ez omen da inongo teknika genetikorik aplikatu behar, baizik eta landare-hibridazio sinple bat egitea nahikoa omen da; hau dela eta, sistema honek, aukera interesgarriak eskainiko dizkio populazio txiroari.