argia.eus
INPRIMATU
Ezpalak
Jon Torner Zabala @jtorner 2021eko uztailaren 27a

Des-informazioaren aurkako Istorio Animatuak

Film laburrek, bideo lanek, instalazio bereziek eta bideo jokoek osatzen dute Bilboko Rekalde aretoan ikusgai dagoen Istorio Animatuak izeneko erakusketa. Orotara 30 artistaren animazio lanak jasotzen ditu. «Ikus-entzunezko des-informazioaren hegemoniarekin kritikoak dira» obra horiek; gaur egungo gizartea modu ironikoan islatzen dute, karikatura, satira, fabula eta alegoria uztartuz. Erakusketa 2007ko urtarrilaren 7a arte izango da Bilbon eta handik Nord-Pas de Calaisera eramango dute. Besteak beste Lars Arrhenius, Benoît Broisat, Donna Conlon, Abigail Lang, Kota Ezawa, Susanne Jirkuff, Chung-Li Kao, Till Nowak, Ruth Gomez eta Magnus Wallin artisten obrak aurki ditzakegu bertan.


Ed Freyfogle Sustaturen urteurren jaian izango da

Ed Freyfogle Yahoo! atariko bilaketa arduradun ohiak Internet eta... gaur egungo bizimodua? izeneko hitzaldia eskainiko du Arrasateko kultur etxe berriko klaustroan, abenduaren 13an, arratsaldeko 18:30ean. Berarekin batera Iban Zaldua 2006ko Euskadi literatur sariduna izango da. Idazle donostiarrak Volgako Batelariak bloga (www.eibar.org/blogak/volga) sortu zuen beste lagun batzuekin batera. Hitzaldia Sustatu.com web gunearen bosgarren urteurrenaren harira antolatutako ekimen sortaren zati da. Abenduaren 13an beste hainbat ekitaldi izango da Arrasateko kultur etxean.


«Mainontzi», bertsolaritzaren mahai jokoa

Lanku Bertso Zerbitzuak enpresak sei ataletan banatutako galderez osatutako Mainontzi. Bertsolaritzaren mahai jokoa aurkeztu du. Trivialaren antzekoa da eta Xabi Payak egin du, galdetegia osatzeaz bere anaia Fredi eta Karlos Aizpurua arduratu diren arren. Bestalde, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak Bertsolari Txapelketa Nagusia 05 (Lekunberritik Barakaldora) liburua kaleratu du, Lankuren eskutik. Bertso saioetako bertsoak, argazkiak eta kronikak eta hainbat jendek idatzitako iritzi eta kritikak bildu dituzte 400 orrialdeko liburuan. Disko bikoitza ere plazaratu dute. Batek finalaurreko saioetako hainbat bertso jaso ditu. Besteak berriz, zortzi finalistek Barakaldoko BECen kantatu zituztenak.


Euskal HerriRa Zuzenean.

Euskal Herriko eta Okzitaniako musika talde berrien lana sustatu aldera, EHrZ lehiaketa jarri dute bigarrengoz abian. Grabazioak abenduaren 31 baino lehen bidali behar dira eta horien guztien artean epaimahaiak hamabi aukeratuko ditu. Hamabi talde horiek lau kontzertu eskainiko dituzte beste hainbat gaztetxetan urtarriletik apirilera bitartean, eta antolatzaileek orduan erabakiko dute finalera nortzuk pasako diren. Azken kontzertua Miarritzeko Atabal aretoan izango da. Han irabazten duenak 2007ko Euskal Herria Zuzenean jaialdian aritzeko aukera izango du. Oinarriak: www.festival-ehz.com.


Bilbohiria.com.

Bilbo Hiria Irratiak www.bilbohiria.com web gunea jarri du abian. Bertan FMko 96.0an emititzen dituen saio guztiak zuzenean entzun ditzakegu. Gainera, irratsaio gehienak podcast sistemaz sortutako artxiboan jaso dituzte, edozein unetan entzun ditzagun. Datorren urteko udaberrian hamar urte beteko dira Zenbat Gara Elkarteak Bilbo Hiria Irratia martxan jarri zuela.