Aizuk 25 urte
AEK-k argitaratzen duen Aizu aldizkariak 25 urte beteko ditu Durangoko Azoka garaian, 1981ean Azokan aurkeztu baitzuten 0 zenbakia. 312. zenbakia berezia egin dute: 25 elkarrizketa, 25 erreportaje eta AEKri lotutako 25 albiste bildu dituzte. Aldizkariaren azalez osatutako erakusketa ibiltaria ere prestatu dute.
EHEren manifestazioa abenduaren 16an
Euskal Herrian Euskaraz taldeak Iruñean egingo duen manifestazioaren leloa da Hizkuntza bat, lurralde bat, legedi bat, ofizialtasuna!. Abenduaren 15ean 20 urte beteko ditu Nafarroako Euskararen Legeak, «Euskal Herrian euskaraz bizi ahal izateko aukera» bermatzen ez duen legeak.
2.659.570 euro euskararentzat
Gipuzkoako Foru Aldundiak euskara sustatzeko 2007ko diru-laguntzen deialdia egin du jada. Lehen aldia da deialdia urtea hasi baino lehen egiten duela. Eskaerak aurkezteko epea abenduaren 22an amaituko da.
Gipuzkoaeuskara.net atarian dago informazio zehatza.