Emilo Lopez Adan, Beltza: «Bizitza ez da oroz gain dagoen balorea»


2021eko uztailaren 19an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Zure Euskadi 1984 liburuak badu esaldi bat, nik Euskal Herria 2006ra ekarri dudana: «Ezinaren ezinean gauzatzen da hain zuzen aurrera jotzeko posibilitate bakarra».
Hori Walter Benjaminena da. Walter Benjamin gaixoa ihesi zihoan naziengandik eta Kataluniako mugan zegoen. Eta ezin pasaturik, ikusirik harrapatuko zutela, judua baitzen, bere buruaz beste egin zuen hor. Beraz, testu horrek badu halako zapore mingots bat. Nire liburuan azaltzen nuenez, garbia zen lehengo modeloak huts egingo zuela, baina lehengo modeloak aldatzeko lehenik onartu behar duzu modeloak porrot egin duela, eta hori, modeloaren sostengatzaile zarenean, edo modeloaren gainean egitura bat sortuta bertako nagusi zarenean, oso nekeza da. Baina ezinaren kontzientzia hartzea beharrezkoa da molde berrien asmatzeko. Eta orain horretan ari gara, molde berriak asmatzen.

Zehar biderik gabe galdetuko dizut: bake prozesua nola ikusten duzu?
Niretzako bake prozesurik normalena izanen litzateke ETAren bukaera duin batekin lotzen dena, eta horretara mugatu beharko genituzke gure asmoak. Zergatik? Indar harremanak ikusita, egoera historikoa ikusita, iruditzen zait...

Ez gaude ezer gehiago eskatzeko moduan?
Esperantza autodeterminazioarekin sortzea, eta esatea autodeterminazio eskubidea ezagutuko dugula, hori laster datorrela, eta presoen problema konponduko dela guztiz faltsua iruditzen zait. Horregatik diot edo gaizki planteatua dela edo engainatzen gaituztela.

Zapaterori sinesten diozu?
Lehen gehiago, orain gutxiago. Iruditu zitzaidan une batean Zapatero gauza zela estatu irtenbide bat emateko duintasun hori errespetatuz, eta kontutan hartuz ETArekin negoziazio politikoa egin behar dela, amnistiara edo presoen askatzera heldu zitekeela, eta indarrean zegoela eskuzabal izateko zentzu horretan. Baina azken denbora hauetan ezetz uste dut, badirudi Alderdi Popularrari bezala iruditzen zaiola ETA gainditua daukala, ezker abertzalea ere lotua duela eta nahi duena egiteko gauza dela mendeku eta errepresioaren bidetik.

Amnistia esan duzu...
Amnistia ezin daiteke aldarrikatu konstituzioak debekatzen baitu, baina banan-banako indultuen bidetik oso urrutira joan daiteke, eta funtzionalki amnistia baten ematera iritsi. Zein epetan? Ez dakit, baina zentzuzko epe batean bai, adibidez.

Euskal Herriak autodeterminazioa lortuko duenaren ilusioa faltsua dela diozu. Gauzak nola aldatzen diren, zu ere ez zara beti autodeterminazioaren alde izana...
ETAn ibili nintzen garaian ezkerreko espainolistek onartua zuten Euskal Herrian arazo nazional bat bazela, eta beraz autodeterminazioaren bidez konpondu behar zela, eduki demokratiko zabalekin. Guk esaten genuen hori espainolismo hutsa eta itsusia zela, Franco bezain Euskal Herriaren etsai izatea. Denboraren distantziarekin so eginik, ohartzen naiz hori gure aldetik sektakeria hutsa izan zela. Baina guk bakarrik ez, espainolistek berek ere aski jarrera sektarioa izan zuten, esaten baitziguten, onarturik nonbait abertzaleak askatasun demokratikoen alde ari ginela, gure jarrera burgesia handiaren jokoa egitea zela, zertarako eta langile klasea erdibitzeko eta iraultza galarazteko. Guzti hori ez zen inorentzat onuragarri, baina egin genuen hala ere, eta ni nahiko lotsatua naiz.

ETAren sorrera hurbiletik bizi izan zenuen. Zer suposatu zuen ETA bezalako talde batek frankismo gorri hartan?
Euskal Herriko historian urrats guztiz erabakigarria, alderdi nazionalistaren estrategiak gerra eta gero porrot egin zuela garbi baitzegoen, egoera hits batean bizi ginen, oso esperantza gutxirekin eta ETA erresistentzia berriaren jaiotza izan zen. Hori ETAri zor zaio. Trantsizio denboran ere, trantsizio nolabait demokratiko burgesean, erresistentziaren erreferente nagusi bat izan da ETA. Baina poliki-poliki hori galdu egin da, eta ETA marjinatu egin da, bere burua marjinatu du, eta gaur egunean ETAk oso gutxi suposatzen du Euskal Herriaren etorkizunerako, nahikoa lan badu duin bururatzeko.

Zergatik diozu ETAk bere burua marjinatu duela?
ETAren bidean haustura garrantzitsu bat izan da. Une jakin batean etsaiaren kontrako bortizkeria zuzenaren ordez herriaren gaineko presioa hautatzen da, eta horri deitzen zaio hain zuzen ere terrorismoa, estatuak amore eman dezan herria presionatzea. Haustura horren justifikatzeko bazen behar bada behar tekniko edo militar bat, ikusirik ezin zela gehiago borroka zuzenaren bidez ezer lortu, baina nik galdetzen dut, iraun behar zuen talde militarrak, ezin bazuen iraun borroka garbi batean etsaiaren kontra? Nik uste azkenean talde baten hautua izan zela terrorismoa praktikatzea boterean irauteko, eta hori Lehen ETArekiko desbideraketa handia da. Lehen herriaren zerbitzura egotea asanbladekin, askatasunarekin, aldakuntzarekin, lotzen zen, eta ez talde klandestinoaren boterearekin eta iraupenarekin. Ortzik 80ko hamarkadan esan zuen ETA estatu bat bilakatua zela, eta nik uste ez zitzaiola arrazoirik falta. Erran nahi baita momentu batean ETAk eta ETAren ingurukoek ados zen jendartearen barnean izan zuten kontrola estatuak eramaten ahal duen kontrolarekin parekatzen ahal zela. Beraz, botere problema bat izan da gure barnean, eta nik uste hori ez dela oraindik gainditua.

Borroka armatuaren etekin politikoa mugatua izan zitekeela noiz hasi zinen pentsatzen?
Borroka armatuaren zilegitasunari buruz ez dut inoiz dudarik izan, beti ere borroka armatua zanpatzailearen kontra egiten bada. Baina borroka armatua lagunen kontra ere egiten denean, eredu sobietarraren totalitarismo iraultzailearen forma ezberdin bat hartzen duenean, ni hasieratik nahiko urrun egon naiz horrengandik. Niretzat Euskal Herrian 1980tik aurrera gauzak beste modu batera ikusi behar ziren. Hiru esperientzia izan genituen bata bestearen ondotik: ETA militarrarena, ETA politiko militarrarena, eta autonomoena. Orain ETA militarrak eta Batasunak zuzendutako eszisioz betetako bideak ekarritako lekuan gara. Baina niri iruditu zitzaidan 80tik aurrera horrelako talde armatu ezkertiar batek eramandako politikak ez zuela fruiturik emango normalizatzen ari zen Espainiako Estatuan. Eta gero beste bi mugarri ere izan dira, lehena 92koa, Espainiak Bartzelonako Joko Olinpikoak eta Sevillako Expoa antolatu zituenekoa; hor ETA militarrak estatua bortxatzeko egoera aproposa ikusi zuen, baina ez zen deus ere lortu, nahiz gauza asko agindu. Eta azken mugarria Lizarra Garaziko esperientzia eta irailaren 11ko atentatuak izan dira. Horiek denak ikusirik ene ustez usaindu behar zen Batasuna eta ETAren inguruko modelo horrek ez zuela gehiago emango. Eta hori ikus zitekeen 80tik, ikusi behar zen 93tik, eta gaur egunean ez ikustea benetan ezinezkoa iruditzen zait.

ETAren historia bada aberatsa?
Bistan dena, eta ez da perspektiba hori galdu behar. Batzuek nahi lukete Euskal Herriko gatazka laburtu, alde batetik zuzenbideko estatua eta beste aldetik terrorismoa dituzula esanez. Gatazka hori ETAk bere lehendabiziko hilotza utzi zuenean hasten da, 68an Pardines Guardia Zibila hil zuenean. Baina hortik hemengo gatazka estatu baten eta terrorismoaren artekoa dela esatea anakronikoa iruditzen zait, ETA sortu zenean diktadura gorrian ginen, ez zen zuzenbideko estaturik, eta borroka armatuari buruz zeuden ikusmoldeak bai Espainiako Estatuan, bai Euskal Herrian, eta bai munduan, ez ziren batere gaurkoak.

Gaur egun, estatuek eta beren zerbitzu sekretuek erabil dezaketen kontrolerako teknologiarekin, mugikor, satelite, eta gure irudimenak atzeman ez dezakeen guzia... Posible da min ematen dien borroka armatu bat praktikatzea?
Bai, bistan dena, hor daukazu Al Qaedak egiten duena. Gaur egunean teknologia berriek eskaintzen dituzte aukerak atentatu kimikoak, atentatu nuklear zikinak deitzen direnak, edo masako atentatuak egiteko, eta etengabe egiten ari dira. Beste arazo bat da hori bere gain hartzen ahal ote duen borroka armatuak...

Etika aldetik diozu...
Bai, ea hori bat datorren eduki iraultzailearekin. Alegia, hori guztia egin beharko litzateke herriaren zerbitzutan, herriaren kontzientzia hobetzeko, eta azkenean herria izan dadin borroka armatuaren protagonista. Ekintza horiek lotzen ahal dira horrekin? Bistan da ezetz. Atentatu horiek egiten baitira hain zuzen populazioaren kontra eta ez erantzuleen kontra. Erantzuleen babes ingurua hainbeste sofistikatu da, azkenean erantzuleak botatzeko gelditzen den bide bakarra bide demokratikoa dela, edo bestela egun batean borroka armatuak beste forma bat hartu beharko du, altxamenduarekin lotu beharko da gehiago eta ez hainbeste talde tekniko batek egindako borrokarekin.

Non dago iraultzaren muga etikoa?
Engelsek definitu zuen hori aspaldian: «Jauregiei sua eta txabolei bakea». Nik uste hori baino garbiago ezin daitekeela utzi. Nire irudiko hor bada marra gorri bat, eta jende askok garbi esan izan duen bezala, herriaren kontrako atentatuak ez dira inoiz onargarriak etika iraultzaile baten barnean. Gainera populazioa hartzen baduzu, edo bahitzen, mehatxuaren bidez, azkenean ekintzaren posibilitatea etsaiaren eskuetan uzten ari zara. Etsaiak abisatu egin behar du, lekuak hustu behar ditu, eta normala ote da pentsatzea gure erantzukizuna etsaiaren eskuetan utzi daitekeela? Niretzat ez. Guk kontrolatu behar ditugu gure ekintzak hasieratik bururaino.

Hori da Hipercorren pasa zena...
Bai. Nik ez dut ezkutatzen hor abisu bat izan zela, baina problema da estatuari komeni bazaio momentu batean horrelako leherketa bat klandestinoak izorratzeko, edo estatuaren barne istiluetan joera bati indarra emateko, bada egingo duela. Ez dute hor problema handirik.

Horiek problema etiko gutxi daukate.
Bai. Eta horregatik diot iraultzaileak ezin ditzakeela ondorioak horrelako jendearen eskuetan utzi, eta gero eskuak garbitu.

Hiltzea noiz izan daiteke zilegi?
Niretzat jendearen bizitza, edo bizitzaren errespetua, ez da oroz gainetik dagoen balorea. Nik uste hiltzea, eta zure burua hiltzeko arriskuan jartzea zilegi dela askatasunaren alde, hori garbi, eta hori da historiak erakutsi diguna hasi Espartakotik eta azkeneko Josu Jon Imazen adierazpenetaraino. Pentsa zer esan zuen Josu Jonek: «Gure gudariak prest ziren beren buruaren sakrifizioa egiteko, baina ez hiltzeko». Tontotzat hartzen gaitu ala? Jendea eskopeta hartuta joaten bada frontera, normalean, etsaiak hiltzera joan da. Benetan, Gudari Egunean holakorik esatea oso pentsaera ahula iruditzen zait, eta hori bezain pentsaera ahulekoa da bizitza oroz gainetik ipintzea. Gure esperientzia guztiaren kontra, eta historian ikusi ditugun balore guztien kontra doa hori.

Zer jarri behar da oroz gainetik?
Askatasuna eta duintasuna.

Euskal Herriaren alde bizitza eman duenarekiko sinpatia beti izango duzu?
Historian zehar horrelako ideiak askotan entzun dira, «ni herriaren alde, aberriaren alde bizitza emateko prest nago, eta nire lagunekin, nirekin horretan ibiltzen direnekin haurridetasun handienean bizitzeko...». Kasu, ideia hori oso erraz aurkitzen da faxismoan. Horrelako kantak dira guk eskolan ikasitakoak, «nik banuen kamarada bat», horiek nazien kantak dira, eta eduki faxista dute. Zorionez ez da halako edukirik izan abertzaleen artean, eta nik, gaur egunean, Euskal Herriaren alde bizitza emateko prest dagoenari errespetu handia diot. Gainera, oro har, ETAren historiarekin zerikusia dugun denek, ez badugu guztiz hautsi gure baloreekin, badugu erantzukizun historiko bat horretan sartua denari irtenbide duina emateko. Irtenbide duinak negoziazio politikoa esan nahi du, eta horren baitan amnistia sartzen da. Hori da nire partetik dudan errespetua. Baina gero, horren inguruan agertzen diren horrelako aldarrikapen orokorrak sostengatzeko, noizbait egin diren huts etiko eta estrategikoak justifikatzeko, barkatu, baina ni ez nago prest errespetua hain urrun eramateko. Ez banaiz ados ez naiz ados.

Mihian ez duzu inoiz bilorik izan?
Ah bai, gauza anitz oraindik ez dut esan, eta segur aski ez dut esango.

Hitzen beldur zara?
Ez, nik kritika egiterakoan baditut bi beldur. Lehena, zuzen ari izatea ikuspegi orokor eta politika estrategikoei buruz, noizbehinka ez gara zuzen ari eta hanka sartzen dugu, beraz beldur intelektuala da lehena, edo beldur politikoa. Eta bigarrena beldur pertsonala da: behar ez denean jendea mintzekoa. Zergatik esango dut orain, «hau, edo horiek izan ziren hau eta hura»? Ikusirik non gauden, eta sufrimendu anitz badela, niretzat konpondu beharreko guztiak ez dira oraindik konponduak trankil hitz egin ahal izateko.

Zuk zure burua intelektualtzat duzu?
Ez dakit. Baina... bai, nik uste baietz, esan nahi dut nik lehentasun handia eman diodala nire bizitzan ikasteari eta ulertzeari. Gertatzen denean, ulertzen saiatu, eta behin ustez ulertutakoan, jendeari zer ulertu dudan esatea interesgarri iruditu zait, ea horrek zerbait eragiten duen. Beraz, askatasun nahiarekin konprometitutako intelektual bat ote naiz? Behintzat, hori izan dut eredua, lortu ote dudan beste gauza bat da.

Eta politikotzat baduzu zure burua?
Ez, ni politikarako oso txarra naiz. Politika iraultzaileak mundua aldatu egin behar du, beraz politika egin behar da. Baina politika egiten hastean politika boterearen problemarekin nahasten da. Eta nik bigarren problema hori ez dut ongi konpondu nire buruarekin, iruditzen zait ez naizela gauza boterearen inguruan ibiltzeko degeneratu gabe. Horregatik hautu bat egin nuen, duela hogeita hamar urte pasa, boteretik urrun ibiltzeko. Agian, politiko iraultzaile onena izan daiteke boterearen kontra boteretik egiteko gauza dena.

Ezkerrekotzat duzu zure burua? Praktikoki diot...
Ah, praktikan? Uffff... Hori intelektual konprometituarena bezala da, praktikaz ere ezkerrekoa denaren eredua badut, lortu ote dudan? Batek daki. Nik zortea izan dut nire bizitzan, nire profesioan eta besteetan beti nire gain ibili izan naiz, ez dut nagusirik izan, eta ez dut zuzenean inor esplotatu.
Nagusiarena eta menpekoarena eskala handira eramanaz, gaiz aldatuko dugu: Frantziari kentzen dio lorik Euskal Herriak?
Ez dut uste, ez dio batere lorik kentzen, lau katu gara txoko honetan. Eta gutaz oroitzen dira Frantziaren osperako zerbait ospatu behar denean bakarrik.

Zer bide du orduan Iparraldeak?
Baneki... Nik uste Iparraldean badirela bi fenomeno inportante. Lehena, euskaldunen kopurua nola murriztu den, hori izugarria da. Oso egoera tristean gara gaur egunean Ipar Euskal Herria noizbait hizkuntza aldetik berriz euskaldun izango dela esateko. Ama maitea! Baina uste dut orain, gazteen artean, eta ez hain gazteen artean, jende anitzek hartu duela euskalduntasunaren kontzientzia, baditu tresnatxoak, badu lehen ez zen irekidura berezi bat euskal komunitate osoarekiko, Hegoaldearekiko. Eta interesgarria da ikustea nola gaur egunean euskara bizi arazteko esperantza handiena ez dagoen barnealdeko herrixketan, baizik eta hain zuzen Lapurdiko kostaldean, Hegoaldearekin harreman estuak dituen jendarte hiritartu horretan. Baina horrek ez du konpontzen osotasunaren problema, eta horren parean ageri da beste euskal kontzientzia berri bat, euskara galdu dutenena, edo galtzear dutenena. Horiek euskaldunen kontra emanak dira, eta kontzientzia hori lotua da bizimodu batekin, kultura batekin. Ez dut uste hori kontzientzia nazionala denik, baina herriaren baitan nahiko txertatua dago. Bigarren fenomeno hori aski ongi uztartzen da irtenbide politiko abertzaleen marjinazioarekin. Beraz, ez dakit zer egin daitekeen.

Egin daiteke galdera filosofikoak pausatu, errealitate hitsetik alde egin eta ideien munduan arnas hartzeko: noiz bukatuko da borroka?
Nik uste borroka betiko daukagula. Historian gaindi inon ez bada lortu jendarte benetan zuzena eraikitzea, horrek esan nahi du oso arazo sakonak badirela, eta ez marxismo ahul batek esaten duen bezala dena egitura sozialaren ondorio, nik uste pertsonen baitan badela zerbait ez doana. Historian gauzarik normalena da botereak injustiziak egitea, eta boterearen kontra altxatzea ere pertsonaren naturan sartzen da. Dialektika horretan biziko gara segur aski betiko.

Nortasun agiria

Emilio Lopez Adan «Beltza» 1946ko urtarrilaren 15ean jaio zen Gasteizen. Valladoliden hasi zituen Medikuntza ikasketak eta Belgikan espezializatu zen. Artean erakunde sortu berria zenean, ETAn sartu zen, eta talde armatuko buruetako bat izatera iritsi zen 60ko hamarkadan. 1973an LAIAren sorrerako biltzarrean izan zen, baina ez zen alderdi berrira igaro. Historiagile, idazle eta analista politikoa, liburu bat baino gehiago idatziak ditu, eta egun, euskal komunikabide bat baino gehiagotan egiten ditu analisi politikoak. Ginekologoa da Baionan.

Estrasburgoko aldarrikapena
«Estrasburgon onartu den txostena lotsagarria da. Lotsagarria ikusmolde abertzaletik. Eta prentsan irakurtzen dudanean hori garaipen historiko bat izan dela, pentsatzen dut batzuek engainatzen gaituztela, eta engainatzen gaituztela nahita, hori oso larria iruditzen zait».

Liberal izatea
«Liberal izatea beti izan da ezkerreko izatea, nahiz eta gaur egunean oso usain txarrarekin zabaltzen den hitz hori Euskal Herrian. Badirudi liberalismoa munduko bekatu handiena dela, baina liberal libertarioa jendearen askatasun indibidualen alde dagoena da. Ipar Ameriketan, liberal esaten denean ezkerrekoa esan nahi da, arrunt ezkertiarra».

«Beltza» ezizenaren jatorria
«Momentu batean, ETAren buruzagitzan, baten batek 'ea, gerla izen berriak banatuko ditugu' bota zuen. Eta handik datozkigu Etxebarrietari Zuria, Jose Maria Eskubiri Gorria, Arrasateko Kataideri Berdea, eta niri Beltza, ez dakit zergatik. Ez du besterik esan nahi».

Nazionalista vs. sozialista
«ETAk sozialismoaren ildoa hartu zuenean oso problema nabaria agertu zen, ea nola uztar ote zitekeen nazionalismoa iraultza sozialistarekin. Nazionalismoari nortasun indibidual bat berez dagokio, populu bat, eta sozialismoaren ideiak, aldiz, iraultzarenak, unibertsalak dira. Nola beraz uztartu biak? Zer da arazo nazionala iraultza sozialistaren barnean? Iraultza demokratiko burgesaren partea, ala iraultza sozialistaren osakina, eduki sozialistekin? Horrela hozki planteaturik gaurko gazteek ez dute tutik ulertzen, ba gu ardatz horren inguruan ibili ginen denbora luzez. Eztabaida horietatik etorri ziren lehen eszisioak, Lehen ETA eta ETA Berrirena, eta gero baita ETA Sextarena ere».


Azkenak
2024-11-01 | Sustatu | Sustatu
Wikipedia AA eduki okerretik (baina ez AA orotatik) askatzeko premia eta proiektua

WikiProject AI Cleanup proiektuari ekin diote Wikipedian: "Adimen Artifizialaren garbiketa", nolabait esatearren. Wikilari boluntarioak momentuz ingelesez, frantsesez eta alemanez hasi dira adimen artifizialaren bidez sortutako materialak detektatu eta (okerrak... [+]


‘Lo que no te cuentan de Donosti’-ren kontrako elkarretaratzea antolatu dute, beren deialdiarekin bat eginez

Hainbat eragile antifaxista eta antirrazistak antolatuta, Lo que no te cuentan de Donosti (LQNTCDD) taldearen kontrako elkarretaratzea antolatu dute, datorren astelehenean 20:00etan, Amarako Easo plazan. Telegram kanal horretatik, leku horretan deitua dute asteroko... [+]


2024-11-01 | Gedar
Portugaleteko Sastraka Gaztetxeko bederatzi kide epaituko dituzte

2020an birjabetu zuten espazioa Portugaleten, eta horren harira epaituko dituzte bederatzi pertsona azaroaren 5ean. Ostiral honetan manifestaziora deitu dute, 'Okupazioaren kontrako erasoak gelditu' lelopean.


2024-11-01 | Hala Bedi
Gorka Erostarbe (Badok)
“Edukiak gorantz egin du eta sorkuntza aldetik une polita bizitzen ari da euskal musika”

Badok-ek, Berriako musika atariak, 15 urte bete ditu. Bi ekitaldi ezberdin antolatu dituzte urteurrena ospatzeko, bata Hendaian azaroaren 16an eta bestea Durangoko Azokan. Hainbat artista izango dira bertan. Euskal musikaren gaur egungo egoeraren erradiografia txikia ere eskaini... [+]


Estatuaren biolentziaren beste 93 biktima aitortu ditu EAEko Balorazio Batzordeak

Asteazken honetan beste 93 biktima aitortu ditu estatuaren eta talde parapolizialen biktimen azterketak egiten dituen Balorazio Batzordeak. Baliabide faltagatik, bere lanarekin aurrera jarraitzeko zailtasunak ere aitortu ditu. Egiari Zor Fundazioak ongi baloratu du batzordearen... [+]


2024-10-31 | Leire Ibar
Ostegunetik igandera, Gazte Topagune Sozialista antolatu dute Altsasun

"Alternatiba sozialista indartzera bidean" GKSk eta IAk eztabaidarako, hausnarketarako eta aldarrikapenerako espazioak antolatzeko beharra azpimarratu dute, eta horren baitan antolatu dute Gazte Topagune Sozialista. Ostegunetik hasita igandera arte izango da Altsasun.


2024-10-31 | Andoni Mikelarena
“Haurrek Halloween ospatzeari esker jakin dugu gurean ere kalabazekin jolasten zutela duela ehun urte”

Halloween ospatzera gonbidatu zutela esan zion alabak Jaime Altunari eta honek festara joaten utzi zion, baina deseroso sentitu zen. Altunak bere aitari kontatu zion gertaturikoa, eta honek erantzun, eurek ere ospatzen zutela halakorik. Fenomenoa ikertzen urte eta erdi eman dute... [+]


2024-10-31 | Leire Ibar
Korrikaren karbono isuria nola murriztu daitekeen ikertu dute lehenengo aldiz

Ingurumen-inpaktuaren berri izateko eta, hurrengo edizioei begira emisioak murrizteko egin du azterketa Lander Crespo klima adituak. Garraioa izan zen Korrikako azken edizioan isurketa gehienen jatorria.


2024-10-31 | Justus Johannsen
ANALISIA
Öcalan gabe ez dago konponbiderik Turkiaren eta PKKren artean

Abdullah Öcalanek, Kurdistango Langileen Alderdiko (PKK) buruzagi espetxeratuak, bere iloba Ömer Öcalanen lehen bisita izan du. Ia lau urtez ukatu dizkiote bisitak, telefono deiak eta kanpoaldearekiko komunikazio oro. Azken 25 urteetan ia erabateko isolamendu... [+]


2024-10-31 | Julene Flamarique
Energia konpainien gaineko zerga berezia bertan behera uztea adostu du Espainiako Gobernuak, EAJ eta Juntsekin

Enpresek presio handia egin dute azken boladan eta “inbertsio estrategikoak arriskuan egon daitezkeela” mehatxu egin zuten. Iberdrolako presidenteak ordea, zerga honek bere kontuetan “oso gutxi suposatzen duela” adierazi zuen duela aste bi. Bankuen... [+]


2024-10-31 | Euskal Irratiak
Baigorri-Tafalla egunak ospatuko dituzte asteburuan Baigorrin

Baigorri eta Tafalla herrien arteko senidetzea ospatuko dute asteburuan Baigorrin. 1978an hasi ziren lehen harremanak, baina hautetsien aldaketarekin pixka bat galdu zen ondotik. Haatik, duela hiru urte Tafallakoak berriz Baigorrira hurbildu ziren.


2024-10-31 | Iñigo Satrustegi
Bizitza ez da esateko erraza

MIÑAN
NORK: Artedrama. Sambou Diaby, Ander Lipus, Eihara Irazusta, Mikel Kaye.
NON: Bilboko Arriaga Antzokian.
NOiz: Urriaren 25ean.

----------------------------------------------

Euskaraz kontatu zuten Ibrahima Baldek eta Amets Arzallusek Miñan 2019an. Bost urte... [+]


2024-10-31 | Nicolas Goñi
Zuhaitzen migrazioa dugu oihanek klima larrialdiari aurre egiteko soluzioetariko bat

Gero eta egoera larriagoan daude munduko oihanak, klima aldaketak ekarritako bero uhin eta lehorteek bultzatzen dituzten suteengatik, bertzeak bertze. Latitude ertain eta borealetan klima jadanik aldatu arren, oihanak orain arte oso guti prestatu ditugu aldaketari, batez ere... [+]


Murrizketak, bazterkeria eta negozio interesak: hondamendi batentzako koktel hilgarria Valentzian

Valentzian denboraleak eragindako hildakoen eta kalteen atzean faktore meteorologiko hutsak daudela pentsatzea inozoegia litzateke. Generalitateak larrialdia nola kudeatu duen salatu du askok, baita multinazionalen negozio egarria lehenetsi dela ere. Eta gune pobreenak kaltetu... [+]


2024-10-31 | Jon Torner Zabala
“Eskolak ezin dio heriotzaren gaiari bizkarra eman”

Iragan astean kontatu genizuen etorkizuneko hilerriaz gogoeta prozesua egin dutela Antzuolan, eta protagonista nagusietakoak umeak izan direla, Herri Eskolan heriotzaren bueltan 1980ko hamarkadaz geroztik egiten ari diren lanketaren ildotik. Hain justu, “hainbat urtetan... [+]


Eguneraketa berriak daude