argia.eus
INPRIMATU
Berrogei
Joxemari Ostolaza 2007ko otsailaren 21a
Urtetik gora pasa ditu lanean. Aprendiz hasi eta arratsetan eskolara. Ez omen zuen lortzen egunero joatea, tailerretik irtetea beti omen zen zaila, nagusiak gehiago nahi zuen eta haserretzen omen zuen arratseko zazpietan buzoa kentzen ikusteak. Ez zuen eskola beharrezkotzat jotzen. Bere seme-alabentzat salbuespena egiten omen zuen eta hauek eskola joatea baizik ez omen zuten egiten. Ez zituzten ikasketak burutu. Tailerra handitu eta seme-alabei eskaini zien. Saldu zuten etxeak egiteko. Langile gehienek erretretarako bidea hartu zuten goizik. Berrogei apartamentu egin omen zituzten lantokiaren lekuan. Seme-alabek hamar hartu bere gain eta saldu omen zituzten. Kapitala bildu omen zuten eta etxegintzan jarraitu. Proiektatutakotan erosi, eta altxatzean saldu. Kapitala doblatu. Sei urtez aitak eta bere langileak irabazitakoa hirukoiztu omen dute. Harro dabiltza. Ingurukoen errespetua irabazi omen dute aurrekoena lotsagarri utziz. Afari batean egin du topo aberats berriekin. Adarra jo nahi izan diote zozotzat hartuz. Ezagutzen ez zuen txanpaina mota eskaini diote. Ez du onartu eta mahaitik altxatu da. Atarian kontatu dit ipuina ez dena. Niri ere txanpaina edateko gogoak joan zaizkit. Plazaraino lagundu dut.