Supernanny telebista saioak izugarrizko arrakasta lortu du AEBetan zein Europako zenbait herrialdetan, baita Espainiako eta Frantziako estatuetan ere. Haren audientzia datuek erakusten dute zer nolako kezka eragiten duen gizartean, gaur egun, umeen heziketak. «Presioa dago gizartearen aldetik», dio Ediren Osasun kooperatibako Arantza Gomez psikologoak, «lehen baino seme-alaba gutxiago izan ohi ditu jendeak, eta badirudi ume bat edo bi besterik ez izateak haiek hobeto heztera behartzen gaituela. Lehen ez zen hala gertatzen».
Gaurko gurasoek beldur handiagoa diote heziketan huts egiteari, Gomezen esanetan. «Askotan esaten dute, guk antolatzen ditugun taldeetan, ez dietela umeei traumarik eragin nahi. Hori oso modan egon zen sasoi batean». Lehengo gurasoek irizpide argiak zeuzkaten heziketari dagokionez; zurrun askoak batzuetan, ez horrenbeste bestetan, baina argiak beti. Orain, aldiz, noraeza da nagusi Gomezek salatzen duenez, eta horren zergatietako bat, hain zuzen, garai bateko autoritarismotik aldendu nahi izatea da.
«Gaurko gurasoek argi daukate ez dutela inolaz ere nahi beraiek umetan jasandako estilo autoritario hura», adierazi digu Loredi Saralegi adituak. Baina mutur batetik bestera joan gara, antza denez, eta hortik arazo franko etortzen da.
Umeen atsekabeak atsekabetzen gaitu
«Aita-amek ez dakite oso ondo nola erabili agintea, nola ezarri mugak», dio Arantza Gomezek, «autoritarismoa eta agintea gauza bera direla pentsatu dute, eta halaxe sortu zaigu azken urteotan arazo asko daukan ume belaunaldi bat. `Utziezu, egin dezatela!' leloak arautu du heziketa, eta horixe izan da arazoon iturria». Gaurko legea, antza, nola edo hala umeen frustrazioa eragoztea da, baina frustrazioa edozein ikasketa-prozesuren elementua da Gomezek aldarrikatzen duenez: «Umeek ikasi egin behar dute gauzei agur esaten, galera jasaten, horrek hazten lagunduko die eta».
Loredi Saralegi bat dator Gomezek esandakoarekin. «Gurasoak, autoritarismotik urrundu nahian, agintea ere alboratu dute. Ez dakite ondo arauak nola ezarri, beren seme-alaben laguna izan nahi dute... Umeei muga eta araurik ezartzen ez bazaie, afektibitate eta autoestimu arazoak edukiko dituzte».
Bai Gomez bai Saralegi guraso eskoletan dabiltza «irakasle». Ez zaie lanik falta, egia esan. Seme-alaben heziketari garrantzi handia emateak -buruhauste bihurtzeraino sarritan- guraso eskolen kopurua biderkatu du azken urteotan. Gehienetan, udalek edo ikastetxeek egiten dute eskaintza. Interneteko bilatzaileetan «guraso eskola» hitzak sartzea aski da Euskal Herrian eskaintza hori zenbateraino hazi den ikusteko.
Non jarri muga?
Eskola esaten zaie, baina Loredi Saralegik dio gurasoentzako topaguneak direla batez ere. «Eguneroko bizitzan sortzen diren arazoak mahai gainean jarri eta horientzat irtenbidea bilatzen da». Arazo asko, esan bezala, gaurko gurasoek mugak ezartzeko dauzkaten zailtasunetatik datoz. Denok dugu argi, hala ere, mugaren bat ipini behar dela. Non, ordea? Neurria behar bezala asmatzea da zailena. «Beti ere, umearen araberako arauak jarri behar dira, haren adina, ezaugarriak edota zer eskatzen diogun kontuan hartuz». Esan gabe doa araua ez dela inoiz gehiegizkoa izan behar, eta honen zergatiak jakinarazi behar zaizkie beti. «Badaude arauok ezartzeko metodoak, baina kontuan eduki behar da ume bakoitza desberdina dela». Errezeta magikorik ez dago, beraz, askotan gurasoak horien bila joaten diren arren.
Zigorren ordez, ondorioak
Mehatxu eta zigor hitzak baztertu egiten ditu Saralegik. Hobe arauez eta ondorioez mintzatzea. Umearen ekintza desegokiek -hots, arau-hausteek- ondorioak eduki behar dituzte beti, «baina ondorio logikoak izan behar dira», Saralegik azpimarratu duenez. Alegia, ahalik eta loturarik zuzenena izan behar dute umeak egin duenarekin edo egin ez duenarekin. Gainera, umea zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta azkarragoa izan behar du erantzun horrek. Bestela, haurrak ez du berak egin duenarekin lotuko. Hiru urteko umeari datorren astean zinemara joatea debekatzen badiogu gaur egindako bihurrikeriarengatik, seguru izorratu egingo dugula ume hori, baina ezer gutxi ikasiko du.
«Umea askatasunean heztea horixe da: egiten dituen gauza guztiek ondorio bat dutela irakastea -diosku Saralegik-, halaxe ikasiko du aukera egiten. Ondoriorik gabe aukeratzea ez da askatasuna, libertinajea baizik. Eta horixe ari da gertatzen orain». Hori bai, umeak azalpen bat behar du beti, bere adinari egokitutakoa. «Neuk esaten dudalako esaldia autoritarioa da; gero beraiek ere erabiliko dutena, neba-arreba txikiekin edo beraiek baino ahulagoak direnekin. Beti bilatu behar da azalpena emateko modua, umearen adinagatik zaila izan arren».
Normaltasuna zer da?
«Gurasoak umeez hitz egiten etortzen zaizkigu beti», esan digu Arantza Gomezek, «umeek betetzen dute bikotearen bizitza osoa. Baina non dago norbera gizon, emakume, bikotekide gisa?». Ediren osasun kooperatibako guraso eskoletan, horixe da lehenengo ikasgaia: hasieratik 'normaltasuna, ustezko osasuna' kontzeptua aztertu eta normaltasun hori zalantzan ipintzen dute.
Izan ere, askotan normaltzat jotzen dugu seme-alabak edukitzea eta gure askatasunari agur esatea bat direla. Bai norbanako moduan, bai bikote moduan. «Zergatik onartu behar dugu hori? Gauza arrunta delakoan gaude, baina ustezko normaltasun horren truke ordaindu behar dugun prezioa oso altua da», adierazi du Gomezek. Behin pertsonak garela argi utzita, guraso izateaz hitz egiten has gaitezke.
Habia hutsik dagoenerako
Ediren kooperatiban heziketaren garai guztiez arduratzen dira, eta baita horren ostekoaz ere. Hau da, seme-alabak gurasoen etxetik alde egin eta «habia hustu» egiten den sasoiaz. «Askotan gertatzen da ordura arte seme-alabek bereganatu dutela gurasoen arreta osoa, eta bakarrik geratzean, aitak eta amak elkarri begiratzen diotela, 'nor ote da hau?' pentsatuz». Horregatik, une hori iristen denerako prestatzen eta bizi proiektu bat izaten ere laguntzen diete. Izan ere, gaur egun besterik dirudien arren, umeak etxetik joan ohi dira, azkenik.