argia.eus
INPRIMATU
Maltzagatik: Inkestek Nafarroa Bai haizatuko dute
Xabier Letona Biteri @xletona 2021eko uztailaren 19a
Nafarroan aspaldi da indartsua hauteskunde usaina, eta gero eta nabarmenago gainera. Harrigarria da, baina maiatzeko hauteskundeetarako bost hilabete falta direnean, gaia pil-pilean da. XXI. mende hasierako politikaren ezaugarri gero eta adierazgarriagoa da, ia etengabeko hauteskunde giroan bizitzearen sentipena.

Amaiursarea aurkeztuta, Batasuna izan da hauteskundeen gurdi publikora igo berri dena. Udal eta foru hauteskundeetarako egitasmoak prestatzea da ekimenaren helburua, baina ezker abertzaleko erakundeak baditu oraingoz bere esku ez diren lehentasun handiagoko premiak, aurkezpen zigiluarena esaterako. ETAren su-eten aldarrikapenaren ostean ez zen zalantzarik Batasunak maiatzeko hauteskundeetara aurkezteko izango zuen aukeraz. Zazpi hilabete geroago dena airean da aurkezteko moduari dagokionez.

Hauteskunde guztiak dira garrantzitsuak, baina edonork daki datozenak bereziak direla Nafarroan. Bake prozesuaren erdian Nafarroaren gaiak berez duen garrantziari, UPN Gobernutik ateratzeko aukera gehitzen zaio, nola eta abertzale eta sozialisten aliantzaren bidez.

Nafarroa apur bat ezagutzen duenak badaki hori biziki zaila izango dela. Inkestek, ordea, aukera garbi gisa eskaintzen dute, eta gainera, Nafarroa Bairen arrakasta haizatuko dute (El Mundo-ren azkena lekuko) eskuin nabarrista eta boto ideia argiak ez dituztenak akuilatzeko.

Lehia gogorra foru gobernua eskuratzeko eta baita Iruñeko Udalerako ere. Yolanda Barcinaren agintaldiak zapore benetan mingotsa utzi du oposizioan eta, bereziki hiriko lerro abertzale eta euskaltzaleetan. Alde horretatik, EAk Uxue Barkos Nafarroa Bairen Iruñeko Udalerako zerrendaburu hautatu izanak, alkate aldaketarako zirrikito bat zabaltzen du. Ez zen samurra izan eta Barkosek ere une zailak pasa ditu hautaketa prozesuan, besteak beste EAren baitan izan delako independente bat zerrendaburu onartzeko erresistentziarik, baina azkenean bere hautaketak pozik utzi ditu NABairen alderdi eta independenteak.

ORAINTSU ARTE bake prozesua atzeraezina izan da Espainiako Gobernuarentzat, baina haren inguruko komunikabideetan mezua aldatu da eta dagoeneko krisia krisi izateaz gain, jadanik ez dago garbi bide honetatik «terrorismoari amaiera» jarriko zaionik. Urriko Zutaben ETAk udazkeneko tartea hartzen zuen egoera zuzentzeko epe gisa. Bada, 20 egun geratzen dira.

Ekaitz giroan, emakumezkoek iparra non den markatzen jarraitzen dute. Ahotsak ekimenak ekitaldi berezia egingo du larunbatean Bilbon eta, orain arte bezala, elkarrizketaren bidea aldarrikatuko du ozenki gatazkaren konponbiderako. Aurreratuenak dira, zalantza barik.