Prozesu politikorik izan ezean aro politiko berririk ez


2021eko uztailaren 19an

Bake eta normalizazio prozesua. Gaur egungo -Euskal Herriko eta euskal herritarren- aro politikoa definitzen -edo xedatu behar lukeen- duen esaldi honek hiru termino batzen ditu: bakea, normalizazioa eta prozesua. Egungo aro politiko honek iraganetik datorren arazo historiko bati konponketa eman behar dio. Arazoa, eta esaldia, ez dira samurrak. Esaldiak «eta» juntagailua darama berarekin. Alegia, arazoa konpontzeak ETA -eta berarekin sortu zen aro politikoa- iraganean uzteko balio behar du lehenik. Bakea ekarri behar luke, hitz batean. Bigarrenik -edo segidan edo aldi berean- normalizazio hitzari «politikoa» adiera egokitu behar zaio. Hirugarrenik, prozesu hitza definitzea eta berau ondo ulertzea falta zaigu. «
Bake eta normalizazio prozesua» esaldiko hitzen artean, prozesua da hitz anbiguoena. Zalantza gehien sorrarazten digun hitza prozesua da, alegia. Halaxe hauteman dugu behinik behin. Izan ere, prozesu bat nola hasi jakin daiteke, aldiz, nork daki nola bukatu? Ezta prozesua abiatu dutenek berek ere. Hartaz, ezer gutxi dakigunok egiten dugun galdera hauxe duzu: ba al dago prozesurik?

Bakea Espainiako Gobernuaren eta ETAren beraren zeregina zela ulertu genuen. ETAk, halaber, jarduera eta erabakimen politikoa, politikarien esku utziko zuela ulertu genuen. Ulertu bai, baina maitatzeko bezainbeste modu dago ulertzeko.


Anoetako Proposamena

Bi urte bete dira Anoetako Proposamena kaleratu zenetik. Batasunaren hitzetan, gatazka gainditzeko oinarriak Orain Herria, Orain Bakea agirian daude. Prozesua edo trena -metaforikoki- bi errailen gainean finkatzea proposatu zuen Batasunak. Errail batetik, alderdi politikoen mahaia osatzera iritsi behar zen. Beste errailetik ETAren eta Espainiako nahiz Frantziako gobernuen arteko adostasuna lortzera, betiere, gatazkak eragindako ondorioak konpondu ahal izatera mugatuta. Alderdi abertzale guztiek pauso garrantzitsutzat jo zuten Anoetan iragarritakoa. Proposamenaren pasarte bat ozen zabaldu zen herritarren artean: «Gatazka kaletik atera eta negoziazio mahaira eramateko garaia iritsi da». Proposamena ez zen Espainiako Gobernuak espero zuena, ez zen espero zuen «pausoa», baina ez zuen horregatik «pausoa» gutxietsi. ETAk urte bat luze zeraman hildakorik eragin gabe, atentatu hilgarrien eza Espainiako Gobernua eta ETAren arteko elkarrizketa gauzatzen ari zen seinaletzat jo zen. Anoetako Proposamena bake eta normalizazio prozesuan aurreneko pausotzat jo zuten denek. Denek, PPk izan ezik, bistan denez.

Bi urteko ibilbidea egin du Anoetako trenak. Urte bat eta erdira pauso garrantzizko bat eman zuen: ETAk su-eten iraunkorra iragarri zuen. Pauso hura ETAren eta Espainiako Gobernuaren arteko elkarrizketa gabe eman zenik pentsatzea zentzugabea da. Anoetako Proposamenaren bi erraileko trena abiatu zela eta bi aldeek «konpromisoak» hartu zituztela ulertu -nahi- izan dugu. Konpromisoak ez dira ofizialak izan, baina izan direla sumatu dugu denok, konpromiso «ofiziosoak» egon badaudela alegia. Lehen froga -edo susmoa-, ekainaren 29an, Rodriguez Zapaterok Espainiako Diputatuen Kongresuan Gobernuak ETArekin elkarrizketa abiatuko zuela iragartzean izan genuen. Zapaterok berak aitortu zuenez, ETArekin bake edo desarme kontuez mintzatzeko lehen «pausoa» ematera zihoan Gobernua. Auzi edo kontu politikoak herritarren ordezkariek ebatziko zituztela zehaztu zuen bestalde, baita kontrobertsia handia eragin zuen esaldi hau esan ere: «Ebazpenak betiere euskal herritarrek [ciudadanos vascos] libreki hartuko duten erabakiaren arabera hartuko dira». Ez zuen hori bakarrik esan, jakina, ebazpenak «indarrean dagoen legalitatearen markoan hartuko zirela» azpimarratu baitzuen.


Ibilbide orria edo prozesurik ba ote?

Trenaren -metaforari jarraikiz- ibilbide orria trazatua zela imajinatu genuen denok, ibilbide orriaren lehen etapa bete eta trena bigarrenean sartzera zihoala uste genuen. Uste eta espero genuen Zapaterok irail aldean ETArekin elkarrizketak hasi izanaren berria emango zuela aditzera. Harremanak «ofiziosoak» izatetik «ofizialak» izatera iragan zirela, alegia. Zapatero ez da Kongresuan azaldu, ordea. Ibilbide orrian ezarri ziren «arauak» ez direla bete dio presidenteak. ETAk «bi errail edo negoziazio mahai» onesten dituela berretsi du berriki, baina prozesua bakarra dela dio. Galdera berriz jalgi zaigu: prozesua ba ote zegoen? Gidoia edo ibilbide orri idatziak berma zezakeen prozesua, alegia.

Bi errailen eskema abiatu zenean, aditu batek metodologia ona bezain zaila iritzi zuen Anoetakoa. Batasunak dioenez, metodologia ona da, honaino iristeko baliagarria izan baita. Ibilbide orria antza, anbiguoa da. Anbiguoa da, behintzat, ETAren eta Espainiako Gobernuaren artean omen dauden balizko «konpromisoak» eurek baino ez baitituzte ezagutzen -begi bistan ez direnez, egoera anbiguoa, eta halaber, anbiguoa bezain zentzuzkoa-.

Bi aldeek adierazi dutena kontuan hartzera, «prozesua» bi errailen gainean zalantza-balantzan doan trena da, anbiguo izena merezi duen trena. Batasunak trena «blokeatua» zela adierazi zuen urrian. PSE-EEk ukatu zuen, baina azaroan «geldiune» batean sartu dela onartu du. Espainiako Gobernuak «krisialdia» hitza aipatu du ondoren. Tira, trena badago behintzat. Bi errailen gaineko trena geldirik dago, ordea. Ibilbide orririk edo prozesurik dagoen berriz, zehatz-mehatz ez dakigu.


Tren anbiguoa eta gidoirik ez

Bi urte iragan ostean, ibilbidearen beste etapa bat udazkenean betetzea espero genuen eta prozesua egon badagoela baieztatu. Horren ordez, berbarako, Amnesty Internationalek (AI) gatazkan murgildutako bi aldeek ez dituztela gutxieneko giza eskubideak errespetatzen esan berri du. Zaharrak berri, alegia. Hots, ETAk -edota bere inguruak- ez dio biolentziari guztiz uko egin eta Gobernuak ez ditu herritar guztien eskubideak betetzen. Edota ez ditu legeak egokitu, eskubide horiek bete ahal izateko.

Horiek horrela, irudiz, Espainiako Estatuaren -ez dezagun Frantziakoa ahantzi. Anoetako agirian interpelatua dago, baina gatazka ez dela bere afera dio Frantziak. Eta Zapaterok berak onesten du jarrera hau- errepresioaren eta ETAren biolentziaren inertzien menpe dago trena edota hasi behar zen prozesua. Alabaina, herritarrek nekez «irentsi» dezakete Gobernuak aipatzen duen «krisialdia»ren arrazoia hori denik. Inozoenak badaki, arazoa ez dela bakea lortzea. Aro politiko hau eta ETA fenomenoa ez ziren bake egoeran sortu. Bake hitza edota bake egoera baino gauza anbiguoagorik ez dago munduan. Normalizazio politikoa erdiestea da arazoa. Arazoa, bi errailen gainean doana tren bakarra denentz erabakitzeke dago, antza. ETAk ez bide ditu pareko errailen gainean doazen alderdien jarduna begi-bistatik galdu nahi. Gobernuak, berriz, ETAren bidaia bukatutzat eman eta alderdien mahaia -edo mahaien- gauzatzeko gidoia bakearen banderaren kolore berekoa nahi du: orrialde zuria. Orain arteko gidoiaren trazatua -Anoetakoa- onartu zuen Espainiako Gobernuak, baina hemendik aurrera, ez bide du onartzen gidoiaren lerro bakar bat aldez aurretik idatzia izatea, alderdi abertzaleek mahaian eseri ostean gehiengoz adostu lezaketen akordioa, kasu. Arazoa ez da bakea zein terminotan finkatzen den, herri honen erabakitzeko eskubidea baizik. Autodeterminazio eskubidea gauzatzeko -nolabaiteko- modua ez dute aurkitu orainokoan.


Etapak betetzeke, ibilbiderik ez

Bake eta normalizazio prozesua abiatzeko, bi urtez hauteskundeak ez izatea bermetzat jo zuten balizko prozesuaren eragileek. Trenak bi urteko joanaldia egitea zeukan, baina amaitzen ari zaio. Udazkeneko geltokian gelditzen bada, nekez gaindituko du negukoa, eta are gutxiago udaberriko etapara iritsiko. Neguko ibilbidea, urte zahar eta berriaren arteko ospakizunek baldintzatuta izaten da, politikagintzaren ibilmoldeen eta alderdien inertzien menpe. Zaharrak berri entzunen ote dugu berriz ere? Alegia, arazoa konpontzeko egindako saioa alderdikeriek baldintzatua izan dela. Edo bestelako negua iragarririk, trenaren jarraipena bermatuko duen ibilbide orria edo gidoia idatziko al dute alderdiek?

Inork imajina al dezake Udal eta Foru hauteskundeak hauen aurrekoak bezala burutzea, bake eta normalizazioaren bidean beste etapa bat burutu gabe? Alderdien mahaia osatu gabe? Inork sinesten al du, aro politiko berri batera pasako garela, prozesu politikorik burutu gabe?

Udazken argitsua negu ilunaren argigarri izanen ote?

Euskal politikagintzan berebiziko garaia da udazkena. Udaldia berriz, alderdien arteko ez-ohiko harremanak bideratzeko garaitzat jo da. Udako distentsioaren ostean, alderdi politikoen arteko sintonia nolako, halako udazkena sumatu dugu euskal politikagintzan. Hamarkadaz hamarkada, udazken politikoa bero-beroa izan da gurean. ETA -eta berarekin oraingo aro politikoa- 1959an sortu zen. Aroaren lehen hamarkadan, adin txikiko fenomenoa izaki, ETAk ez zuen hilik eragin. Bigarrenaren bukaeran, Burgosko prozesuaren ondoren, lehen hildako politikoak izan ziren. Hirugarrenean, diktaduratik demokraziarako trantsizioak ez zuen fenomenoa desagerrarazi. Harrezkero, Espainiako Gobernuaren eta ETAren arteko harremanak izan dira hamarkadaz hamarkada, eta udazken politikoaren termometroak markatu du aldian-aldian aro politikoa. Hamarkadak ziklo politiko gisa bizi dituen herri hau berealdiko udazkena bizitzen ari da aurten. Aurreko hamarkadetan hainbat saio egin ziren ETAren eta Espainiako gobernuen artean. Saioek huts egin arren, ezker abertzalearen beraren ustez, saioak ez bide ziren alferrikakoak. Gernikako Estatutuak, Nafarroako Foru Hobekuntzak, Ajuria Eneko Itunak, Lizarra-Garaziko Akordioak edota Ibarretxe Planak ere arrasto sakonak utzi dituzte aro politiko honen bilakaeran. Aro politiko honek eta ETAk bost hamarkada beteko dituzte aurki. Baikorrenak ere sinatuko luke «bake eta normalizazio politikora» eramanen gaituen prozesua beste hamarkada batean trenkatzea.


Azkenak
Migratzaileak delinkuentziarekin lotu eta mugen kontrola areagotzearen alde egin du Pirinio Atlantikoetako prefetak

Espainiako Estatutik Frantziakora “legez kanpoko” gero eta migratzaile gehiago igarotzen direla argudiatuta, mugetako kontrolak indartzea begi onez ikusi du Pirinio Atlantikoetako prefetak. Migratzaileek delitu txikietan “eragin hautemangarria” dutela... [+]


Kanibalismoa bizirauteko

Poloniako Maszycka kobazuloan duela 18.000 urteko arrastoak topatu zituzten XIX. mendearen amaieran. Baina berriki giza hezurrak teknologia berriak erabiliz aztertu eta kanibalismo zantzu garbiak aurkitu dituzte. 

Ez da ikerlan bat ondorio horretara iristen den lehen... [+]


Aliatuen errekorrak

Porzheim (Alemania), 1945eko otsailaren 23a. Iluntzeko zortziak jotzear zirela, hegazkin aliatuak hiria bonbardatzen hasi ziren bonba su-eragileekin. Erasoak sarraski izugarria eragin zuen denbora gutxian. Baina Pforzheimen gertatutakoa itzalean geratu zen, egun batzuk lehenago,... [+]


Zer gertatu da DBH 2n? “Ezohiko bi jaitsiera handi” nabarmendu ditu ebaluazio diagnostikoak zientzia eta gaztelanian

Matematika, zientzia, euskara, gaztelania eta ingelesa konpetentzietan EAEko ikasleek duten maila neurtzen duen ebaluazio diagnostikoaren emaitza festan, 13-14 urteko ikasleek zientzia eta gaztelanian izan duten deskalabrua "zuhurtziaz" gogoetatzeko beharra adierazi... [+]


Eta hemen gaude berriro, erlijioa eskolan

Otsailaren 3an hasi da gure umeak eta gaztetxoak eskoletan aurre-matrikulatzeko garaia, eta urtero bezala gogoratu nahi genizueke zergatik ez zaigun ideia ona iruditzen erlijioan matrikulatzea. Iaz artikula bukatzen genuen esanez “askori idazki hau ezaguna egingo zaizue,... [+]


Donostiako emakume batek salatu du Ertzaintza bere aurka oldartu ostean ZIUan amaitu zuela, konorterik gabe

Emakumearen familiako kideek jarri dute salaketa Bilboko Kolonbiaren kontsulatuan. Otsailaren 1ean jasan zuen erasoa, Donostiako Manterola kaleko diskoteka baten atarian. Hainbat testigantzen arabera, konorterik gabe egon arren berari kolpeka jarraitu zuen ertzain batek.


La Furia. Mimoa eta indarra
“Cascante Euskal Herria bada, zergatik ez dira jotak euskal kultura?”

Ilezko prakak, gerritik oinetaraino, latexa besoetan eta soinean, eta adatsa laranja gori. Horrela aurkeztu du La Furiak bere bosgarren lan luzea: Ultra. Horrek guztiak ederki islatzen du rap abeslariaren apustua: dena eman, bere irizpideen arabera.


Pantailen erabileraren inguruko hausnarketak

Tranbia txiki Arratia Institutuko Guraso Elkartetik pantailen erabileraren inguruko hausnarketa bultzatu nahi dugu ikas komunitatean.

Azkenaldian kezka handia dago ume eta nerabeengan pantailek duten eragina dela eta. Ardura hori etxeko erabileratik eskola eta institutuetako... [+]


Hidrodukto batek zeharkatuko du Aiaraldea?

Petronorrek adierazi du asmoa duela hidrogenoa ekoizteko lantegia abiatzeko Bilboko Portuan eta erregai mota hori Tubacex, Tubos edota Vidrala enpresetara heltzeko, beharrezkoa izango dela hidroduktoa eraikitzea.


Hirigintza araudia malgutu eta etxebizitzen eraikuntza sustatzeko dekretua sinatu du Jaurlaritzak

Etxebizitza berrien promozioak ez atzeratzea da Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen dekretuaren helburu nagusietako bat. Zentzu horretan, udalei "autonomia" gehiago emango diela ziurtatu du Denis Itxaso sailburuak.


2025-02-19 | Nicolas Goñi
Mozambiken kontratatu zituen militarren torturak isilpean gorde ditu Total multinazionalak

Mozambiken gas eremu zabal batean erauzketa prozesu bat martxan ezartzeko prest zen 2020an TotalEnergies enpresa frantsesa, eta gunearen segurtasuna bermatzeko Mozambikeko unitate militar bat kontratatu zuen. Baina Afrikan egitekoa zuen "inoizko inbertsio pribaturik... [+]


Izena duenak badu izena

Bai, bai, holaxe. Ez naiz harago joatera menturatzen. Pleonasmo bat dela? Tautologia bat agian? Baliteke, baina egia-oste deitzen dioten garai honetan, oinarri-oinarrizko egitateak beharrezkoak dira. Begira, bestela, “Ez da ez!” lelo indartsuari. Bagenekien hori... [+]


2025-02-19 | Castillo Suárez
Porcelana Irabia

Baneukan lagun bat Porcelana Irabian lan egin zuena itxi zuten arte, eta jatetxe edo taberna batera joaten ginen aldiro kikara eta plateraren ipurdia begiratzen zituena pieza non egina zegoen jakiteko. Gauza bera egiten dut nik gauza zaharren azoketara joaten naizenetan:... [+]


Eguneraketa berriak daude