argia.eus
INPRIMATU
Debekatuta dragoiak saltzea .
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2021eko uztailaren 19a
Baiona, 1307. Bertakoak ez ziren emakume guztiei Baionako merkatuan arraina saltzea debekatu zitzaien. Urte batzuk geroago, 1315ean ordenantza hura zabaldu eta, besteak beste, dragoiak saltzea debekatu zuten.

Ez da hau, ordea, Behe Erdi Aroan gurean indarrean egon zen arau absurdu bakarra. Hona hemen gaur egungo ikuspegitik begiratuta logika, etika edota justizia beraren mugak gainditzen dituzten beste adibide batzuk:

- Nafarroako Foru Orokorrak, XIII. mendean zioen, aitak alabarentzat senarra proposa zezakeela eta honek aitaren aukerari muzin egiteko eskubidea zuela. Bi aldiz besterik ez, ordea: hirugarrenean, aitak esandakoarekin ezkontzera derrigortuta zegoen.

- Nafarroako Foruak katu lapurreta ere jasotzen zuen. Katua ostuz gero, delitugileak animalia estaltzeko adina artatxiki ordaindu behar zuen. Artatxikirik ezean, katua bizkarrean lotu eta animalia jipoituko zuten harramazka egin zezan.

- 1269an Teobaldo II.a errege nafarrak norbait hiltzeko eskubidea eman zien Artaxoako biztanleei, beti ere hauek 2.000 txanpon ematen bazituzten Gurutzadan laguntzeko.

- Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako XIV eta XV. mendeko lege batek zioen lekukotza faltsua ematen zuenari hortzak atera behar zitzaizkiola.

- Tuterako Foruaren arabera, senarrak emaztea beste batekin harrapatuz gero, biak hil zitzakeen eta ez zuten horregatik epaituko. Emaztea bizirik utziz gero, ordea, hilketa leporatuko zioten.

- XVI. mendean, berriz, Nafarroako Foruak zioen irakaslea ezin zela hilketagatik salatu, ikaslea «nahi gabe» hil bazuen.

- Erresumako beste ordenantza baten arabera, pertsona bat hiltzen zuten animaliak atxilotu, eskualdeko epaitegira eraman eta hilketagatik epaitu behar zituzten. Hala ere, bazen salbuespen bat: zalditik erorita hildakoen kasuan, zaldia ez omen zen errudun jo behar.

- Gipuzkoan, 1397an Enrike III.ak onartutako ordenantzek heriotza zigorra ezarri zuten bost zuhaitz baino gehiago mozten zituenarentzat.

- Apustuan zilarrezko erreal bat baino gehiago jokatzen zuenak 200 maravedi ordaindu eta bederatzi eguneko kondena pasa behar zuen, 1486ko Gasteizko ordenantza batek zioenez. Fruta eta ardoa jokatuz gero, ordea, ez zen deliturik.

- 1468an baleztarekin inor zauritzen zuenari eskua moztea erabaki zuten Gipuzkoako agintariek, arma honek eragindako istripuak zirela eta. Esku bakarraz balezta prestatu eta tiro egiteko trebetasuna zuenak berriro norbait zaurituz gero, orduan heriotza zigorra jasoko zuen. Eta etxe batetik tiro egin bazuen, etxea botaraziko zuten, eraikina bera konplize zelakoan-edo.


Arrastoak

Britainiarren arbaso galiziarrak. Oxfordeko Unibertsitateko Giza Genetikako irakasle Bryan Sykes-ek Blood of the Isles lana argitaratu berri du.Sykesen arabera, uharte britainiarren arbasoak Iberiar Penintsulako ipar mendebeladetik emigratu zuten arrantzaleak izan ziren.

Bost urte pasa ditu genetista honek 10.000 bolondresen DNA laginak aztertzen eta ondorioz, zelten arrasto genetikoa eta Galiziako antzinako biztanleena ia berdina dela dio. Europako Erdialdeko tribuen oinordekotzat hartu dira zeltak orain arte, baina Sykesek uste du duela 4.000 edo 5.000 urte irten zirela iberiar kostaldetik.

Gainera, zeltak ez lirateke soilik eskoziar, gales eta irlandarren arbasoak, orain arte pentsatu bezala; ingelesak ere zelten ondorengoak lirateke eta, beraz, iberoen oinordeko.