Maruri-Jatabek 1.000 biztanle baino gutxiago ditu. Lehen Maruri zuen izen bakarra, baina badira urte batzuk udalak Jatabe eranstea erabaki zuela, ingurukoengan ohitura zabaldua baita bertakoei «jatabetar» esatea. Jentilizioaren jatorria igartzea ez da zaila: Maruri-Jataben, edonon gaudela ere, Jata mendia eta haren tontorreko antena nabarmentzen dira zeru-mugan. 600 metro ditu Jatak, eta eskualdeko talaia paregabea da.
Herriaren erdigunea elizaren bueltan dago, gaur egun txalet modernoz jositako muino baten maldan zabalduta. Muinoaren goiko aldean dago eliza, eta haren aldamenetik abiatuko gara Armintzako portu txikiaren bila. Bide bi jaiotzen dira eliza atzean, eta guk ezkerrekoa aukeratuko dugu.
Luze gabe, GR-280 dioen errotuluak gonbidapena egingo digu ezkerrera jo eta asfaltozko bidea uzteko. Han dago adierazita hemendik aurrerako erronka: kilometro bi Billabaso auzoraino, zazpi eta erdi Armintzaraino. GR hizkiekin adierazitako bide guztietan bezala, gehienetan ikur zuri-gorriei jarraitzea aski izango dugu bidean ez galtzeko. Bata bestearen gainean marraztutako marra horizontal bik zuzen goazela dioskue; «x» batek, berriz, okerreko bidetik gabiltzala.
Bide berria hasi eta hogei metrora-edo, eskumara egin beharko dugu. Basotxoa zeharkatzen hasiko gara, eta minutu gutxiren buruan errepide estu batean izango gara, hainbat baserri dituen auzotxoan. Hortik eskumara joko dugu berriz, marra zuri-gorriei segika beti.
Baserriak atzean utzi bezain laster, asfaltoa hartxintxar bihurtuko zaigu. Puska batean beste baso zati batean ibiliko gara, BI-3116 errepidera iritsi arte. Kontuz hemen autoekin. Ez dabil askorik, baina bai azkar. Guk, bidenabar, eskumarako norantza aukeratuko dugu, eta tarte labur batez errepide ertzetik ibiliko gara, harik eta metro gutxiren buruan beste GR-280 errotulu batek ezkerrera doan bide berria adierazi arte. Oraingoan, lau kilometroko bidea iragartzen digute Urizar mendiko tontorreraino, eta zazpi Armintzaraino.
Lehenengo ikuspegi ederrak
Solo batzuen artetik igaro ostean, lehenengo aldapa latza topatuko dugu. 200 edo 300 metro egin ostean leundu egiten da ordea, guztiz desagertu gabe ere. Azkenik, berriro agertuko gara asfaltozko errepide batera, etxe bi dauden leku berean. Hortik jarraituko dugu, gorantz beti. Honezkero, ikuspegi ederrez gozatu daiteke bidean etena egin eta buelta erdi eginda. Jata mendia ederto ikusten da orain, gure eskumara.
Denbora luzeegia igaro gabe baserri-auzo batera ailegatuko gara: Billabaso. Izen bereko baserria dago Maruri-Jatabeko erdigunetik datorren errepidearen ertzean. Hortik, eskumara. Zuzen jarraitu, eta eskuman bide estuago baten hasiera aurkitzean (asfaltozkoa halaber), horixe hartu.
Etxeak aldenduz doazkigun heinean, eukaliptu-basoek eta pinudiek inguratuko gaituzte. Eskumara so eginez, Jata izango dugu beti lagun; urrunago, anaia nagusia, Sollube. Zein baino zein harroago, beren antenak eta guzti. Kilometro bat inguru ibili ondoren, asfaltoak leku utziko dio hartxintxarrari. Zuhaiztiak eta belardiak zeharkatuko ditugu txandaka, eta halako batean, ezustean ia, baserri bat agertuko zaigu parean. Haren eskumatik pasa eta metro gutxira, dagoeneko mendiko pistan gaudela, bidegurutze batera iritsiko gara: eskaintzen zaizkigun hiru bideetatik, erdikoa aukeratu behar dugu.
Urizarreko tontorrerantz
Bidea estutuz doa, eta lurrezkoa da orain. Puska bat ibili eta aldapa gogor baten ostean, beste hiru bideren arteko hautua egokituko zaigu ostera ere, sasi artean ia. Erraz ikusiko ditugu ezkerrekoa eta erdikoa galerazten dizkiguten ikurrak. Eskumarantz eta beherantz jo beharko dugu, beraz. Dagoeneko itsasoa ikusten da, zuhaitz artean ozta-ozta bada ere.
Jaitsiera zurezko ate batean amaitzen da, eta haren gainetik salto egin behar da aurrera jarraitzeko. Bestaldean, errotulu batek ezkerrera joateko aginduko digu. Haren arabera, bost kilometro egin ditugu gure abiapuntutik. Urizarreko tontorrerako, berriz, beste kilometro bat gehiago bete beharko dugu, eta hiru eta erdi Armintzarako.
Igoeraren azken txanpan gaude, eta igarri egingo dugu. Hau bai aldapa latza! Eskuman, etengabe, itsasoa ikusi edo, gehienetan, igarri egingo dugu zuhaitzen arteko zirrikituetatik. Aldaparen goiko aldean, azkenik, bidegurutzea izango dugu berriz. Eskumarantz egin beharko dugu guztiz, ia 180 graduko bihurgunean. Laster ikusi ahal izango dugu, itsasertzean, Lemoizko zentral nuklearra. Aspalditxo gaude, izan ere, udalerri horretako lurretan.
Itsasertz osoa begi-bistan
Hemendik Urizarreko tontorrera txango lasai eta laburra besterik ez dugu egin beharko. Urizarmendik 295 metro baino ez ditu, baina ikuspegi ederraz goza daiteke bertan. Tontorra adierazten duen postontzitik aurrera, ordekan egingo dugu bidearen zati eder bat eta laster Ibaizabal itsasadarraren amaiera agertuko zaigu ezkerrera. Urrunago, Santanderko kostaldea. Eskumara ere Kantauri itsasoa dugu: Armintza hor dago gutxi gorabehera. Eta atzera begiratuz gero, Bermeoko La Gaviota gas natural plataforma eta Gaztelugatxe uharte ospetsua ikusiko ditugu.
Bost minutu baino gutxiago ibilita, zalantza sor dezakeen ingurura helduko gara, ez baitago inolako ikurrik. Ezkerrean goi-tentsioko dorrea dago, eta bide bat izan litekeenaren hasiera, baina guk eskumara joko dugu, jaitsiera hasiz. Hemendik aurrera etengabe bajatuko gara. Inoiz ote eta iratzea izango ditugu lagun bide bazterretan, inoiz eukaliptu eta pinu baso trinko samarrak. GR ikurrek berriro beteko dute beren funtzioa, ondo baino hobeto gainera. Ez dago galtzerik.
Armintza
Basoa eta mendia Gazitua auzora heltzear gaudela amaituko dira. Txaletez eta baserriz osatutako inguru lasaia da, eta bertan izango dugu Armintzako lehenengo ikuspegia. Ez itsusienetakoa, gainera. Beste kilometro bat eta herrian izango gara. Lemoizko udaletxea Urizar auzoan dagoen arren, Armintza da udalerriko gunerik biziena. Asteburuetan, eguraldiak laguntzen duenean behintzat, giro polita izaten da bertan. Portua bera txiki samarra da, eta naturak eraikitako txoko paregabe batean dago. Tamalez, herriak ez dauka beste arrantza-portu batzuen edertasunik, eta arrantzarik ere oso gutxi, beste hainbat lekutan bezala.