argia.eus
INPRIMATU
Landareak: Azala behar du
Jakoba Errekondo 2021eko uztailaren 28a

Geurean moduko herri «aurreratuetan», aurreratze hori bera espeziearen soinaren neurrietan eragiten ari den aldaketak direla eta laster geurea Homo sapiens «Gilbor» izango omen da. Dakarkigun espezie motzor potzoloagoa ikuskizun, bi jarrera nabarmentzen ari dira. Baga, garapen edo trantsizio antropometriko -soinaren neurriena- soila dela diona. Biga, halamoduzko bizimodua eta elikadurak eragindako gorputzaren egokitzea aurrikusten dutenena. Bigarren katekoen ustez elikaduran datza kakoa eta espeziea berbideratu nahi bada burutu beharreko aldaketa nagusia hutsa da: fruta eta barazki gehiago jatea.

Aurrerapenak atzera utzitako berdurak eta igaliak bere berezko balioaren kategoriara jaso behar eta honen lortzeko bide bitxia zabaltzen ari dira Argentinan: ortuari eta alortak zatituta, jateko pronto, gozokiak bailira eskaintzea. Azokara joan, aukeratu, ekarri, zuritu eta jatea lan gehitxo, nonbait. Edozein lekutan erraz eskuratzeko eran jartzeak kontsumoa areagotuko duelakoan, litxarkeriaren moduan plastiko distiretan saldu nahi dituzte garau eta berdagailu zatitxoak. Zatitxo bakoitza bilduko lukeen azala da koxka: jangarria izan, gaia berde eutsi eta atalak bata besteari ez itsasteko adina izan behar du. Artoarena garesti antzera eta mandioka-almidoiaz osatua dute gaurgero azal berriaren oinarria.

Ondoren betiko azalak azaldu dira. Puskak gehiago irauteko mikrobioen aurkako produktu bat erantsiko zaio. Distirari eusteko beste bat. Erakargarriago egiteko askotariko formak erabiliko dira. Bitaminak, mineralak… atxiki dakizkioke. Laster sagar mami marrubi zapore zitroin usain gerezi kolore banana forma duen zerbait jatera emango dute eta kazetari eulijaleen bazka izango da. Asmo iraultzaile bat zena… fruta eta barazkiak litxarkeria bidean.