argia.eus
INPRIMATU
Hannah Wilke: Heriotzerarte bizitza arte
Nere Lujanbio @Nere_LuZu 2021eko uztailaren 19a
Urtarrilak 14ra arte zabalik da Gasteizko Artiumen Europan gutxitan ikusteko aukera izan den emakume honen atzera begirako erakusketa. Museora iristean, leihatilako langileak adeitsu argituko digu erakusketa non kokatua dagoen, eta hobe du bisitariak adi egon, argibiderik izan ezean ez baita erraza topatzen. Dena den, eskaileratan behera eta gora ibili ostean, ekialde beheko aretora iristea lortzen badugu, aurrean izango dugu: Hannah Wilke. Exchange Values, inor ere epel utziko ez duen erakusketa.


Gazte eta errebelde

Erakusketa hobeto ulertzeko, lehenengo zatia batik bat, garrantzitsua da testuinguru historikoa kontuan izatea. 70eko hamarkadan aipatu artista feministek arte munduan nolabaiteko iraultza eragin zuten, gizonezkoengandik bereiziko zituen artea, materialak, gaiak eta espresio bideak jorratuz. Berezitasun horiek azpimarratuaz errespetatuak, onartuak eta baloratuak izatea zen beraien nahia.

Hannah Wilke izan zen, hain zuzen, alua ikono artistiko eta aldarrikapen bihurtzen lehena. Bere ibilbide artistikoan zehar etengabe egin zituen alu formako eskulturak denetariko materialak erabiliz, batzuk tradizionalak, zeramika kasu, eta beste batzuk berritzaileagoak, txiklea edo latexa, esaterako. Erakusketa osoan zehar ikusiko ditugu mota honetako eskulturak, kolore eta tamaina guzietakoak.

Aluaren irudia eta bere konnotazio sozialak Wilkeren proiektuen oinarri izan ziren. S.O.S Starification Object Series izeneko argazki seriean, bere gorputz biluzia modelo baten gisan aurkezten du, gorputz guztia txiklez egindako alu formako eskultura txikiz betea duela. Emakume izate soilak berekin dakarren gorputz guztiaren sexualizazioa eta, zauri txikiak diruditen piezatxo horien bidez, egoera horrek sor dezakeen mina salatu zituen honela.

Hannah Wilke emakume gazte ederra zen. Artelan gehienetan bere gorputz biluzia erabiltzen zuen tradizionalki emakumearekin lotu izan diren jarrerak irudikatuz (glamourra, sexurako prestutasuna eta abar), justu hori bera salatzeko. Honek etsaitasunak ere sortu zizkion artista feministen artean, zenbaitzuk ez baitzuten begi onez ikusten bere sedukziorako edo probokazio sexualerako jarrera hori, exhibizionistatzat jotzen zuten: «Feminista izateko ederregia», zioten. So Help me Hannah izeneko instalazioan, besteak beste, Wilkek bere kontrako jarrera hau salatu zuen, edertasuna ezkortzat jotzea, pertsonak etiketatzeko beste modu bat baino ez zela argudiatuz.


Gaixotasuna mugarri

Erakusketa bi zati erabat ezberdinetan banatua dago. Lehenengoak gaztetasuna, freskotasuna eta errebeldia baditu oinarri, bisitariaren sentipenak erabat aldatzen dira bigarren zati honetan. Wilkeren ama minbiziz gaixotu zenean, alabak zaindu bitartean argazkiak ateratzeari ekin zion. Egoera hau mugarri suertatu zen bere ibilbidean. Une honetan hasi, eta bera ere 1993an minbiziak jota hil zen arte, gorputzaren gainbehera, bizitzaren hauskortasuna, gaixotasuna, sufrimendua edota heriotza bilakatu ziren bere lanetan protagonista. Hala ere, alu formako eskulturak egiten jarraitu zuen, eta emakumea eta bere gorputz biluzia izan ziren artelanetan nagusi hasieratik bukaeraraino. Bizitzak berak bultzaturik ordea, bere sorkuntzak ere pauso bat aurrera eman zuen, inoiz baino argiago erakutsiz Hannah Wilkeren kasuan bizitza, gorputza eta artea, hiruak bat zirela.

Bigarren zati honetako lanik gehienak tamaina handiko argazkiak dira. Arte munduan oso gutxitan landu izan den gai bat, minbizia, modurik zuzen eta gordinenean agertzen diguten erretratuak, hain zuzen. Orain jada ez dugu testuinguru historikoaren laguntza behar parean duguna ulertzeko, ikusiko duguna unibertsala da, ulertzeko eta sentitzeko ez garairik, ez lekurik behar ez duena.

Gaixorik egon zen artean Wilkek ia modu konpultsiboan jardun zuen lanean, bere egoera eta bizipenak jasoko zituzten argazki eta bideoak eginez. Erakusketan garai honetako tamaina handiko zenbait argazki daude, Intra-Venus seriekoak. Zenbait lanek arte historiari erreferentzia egiten diote, badira argazki ironikoak eta baita gaixotasunaren ondorioak eta heriotzaren hurbiltasuna modu benetan gordinean azaltzen dutenak ere.

Azken zati honekin erakusketa osoak beste zentzu bat hartzen du, artea eta bizitzarekiko lotura mugaraino eramateak ibilbide artistiko osoari koherentzia izugarria ematen baitio. Hein batean, azken argazki latz hauen bidez, gaztetan axalkeria eta fribolitatea leporatzen ziotenen argudioak hankaz gora jartzen ditu, gainbehera doan gorputz gaixo, gizen eta mindua gazte eta lerden zenean bezain harro eta duin erakutsiz.

Ezin esan ikusteko atsegina denik. Gogorra da, une batzuetan, baita ikuslea deseroso sentiarazteraino gogorra ere. Ez gaude ohituta gaixotasunari hain gertutik eta hain zuzen begiratzen, eta ez da erraza. Hobe ezkutatu eta norberak bere etxean sufritu, hala tokatu ezkero -esanguratsua da museoak ere erakusketari buruzko liburuxka eta karteletan azken argazki hauek jarri ez izana-. Wilkek egindakoa, gaixotasuna eta heriotza artelan gisa aurkeztu eta publikoari zabaltzea, beti eder eta gazte behar duen gizarte honekiko kritika latza da.

Topikoa dirudien arren, arteak batzuetan bizitza ulertzen, edo gutxienez, eramangarriagoa egiten laguntzen digu. Hannah Wilkeren kasuan, baita minari eta heriotzari aurre egiten ere.