argia.eus
INPRIMATU
Euskararen inguruko albiste laburrak
Onintza Irureta Azkune @oirureta 2021eko uztailaren 20a

«Ukan» birusa

Oraingoz lau lagun kutsatu dira birus horrekin: Juan Ignazio Pérez Iglesias EHUko errektorea, Adelaida Umaran EHUko Mikrobiologia doktorea, Pedro Miguel Etxenike fisikaria eta Gorka Landaburu kazetaria.
Lau kutsatutakoek Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak abian jarritako Kutsatu! Ekin, ukan, ekin kanpaina aurkeztu berri dute. Kanpainaren asmoa euskaraz ez dakitenak eta jakin arren erabiltzen ez dutenak «bizikidetzaren birusaz» kutsatzea da. Kanpaina aurkezterakoan esan zutenez, birus horrek kutsatu ezin duen giza talde bakarra aurkitu dute: munduko hizkuntzak gutxiagotzea mesedegarri dela uste dutenek eta hizkuntzen balioa hiztunen kopuru soilaren baitan dagoela iritzi diotenek osatutakoa. Kanpaina 600.000 euro kostako da eta abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean amaituko da.


Garazi-Baigorrin, Iholdin eta Amikuzen euskara teknikaria

Eskaria aspaldikoa zen, bidea ez da samurra izan, baina badirudi, Garazi-Baigorri, Iholdi eta Amikuzeko herri elkargoek baiezkoa eman ondoren, euskara teknikaria abian izango dela eskualde horietan. Teknikaria ordaintzeko diruaren erdia Euskararen Erakunde Publikoak jarriko du eta gainerakoa hiru herri elkargoek. Asmoa euskara teknikaria urtarrilean lanean hastea da. Funtzio anitz izango du betetzeko teknikariak, hala ere, euskalgintzako hainbat kide beldur da Herriko Etxeetako itzultzaile soil bihurtuko ote den langile berria.


Batzarra euskarazko bikoizketei buruz

EIZIEk, Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultatearen laguntzarekin, bikoizketaren inguruko lehen batzarra antolatu du. Euskarazko bikoizketaren berezitasunak aztertuko dituzte. Itzultzaileentzat eta ikus-entzunezko komunikazioan ari diren ikasle, profesional eta adituentzat izango da. Batzarra azaroaren 23an egingo da, HUHEZI fakultatean, Eskoriatzan.


Helegitea Euskalerria Irratiak

Irratiak 1998ko lizentzien banaketaren azken fasea errepikatzea lortu zuen, baina irailean egindako banaketa berri horretan ere lizentziarik gabe utzi zuen Nafarroako Gobernuak. Horregatik, 18 urte bete berri dituen Euskalerria Irratiak helegitea aurkeztu du.


Javier Caballerok esana

Nafarroako Gobernuko kontseilariak Parlamentuan esan berri du Iruñerriko hainbat udal eremu mistoan sartu ahal izateko aldaketak egiteko aurreikuspenik ez dagoela.