argia.eus
INPRIMATU
Osasuna: Oinez Bizi kanpaina, ariketa fisikoa sustatzeko
Jabier Agirre 2007ko otsailaren 21a
Lehen mailako arretan diharduten 600 profesional -mediku nahiz erizain- baino gehiagok hartuko dute parte Osakidetzak martxan duen kanpainan, hiritarren artean jarduera fisikoa bultzatu eta bizi-ohitura osasungarriagoak sustatzeko helburuarekin.

Oinez Bizi kanpaina arrisku kardiobaskular altua duten pertsonei dago zuzenduta bereziki. Osasun sailburuak datu kezkagarri bat plazaratu zuen: euskal hiritarren %64k bizimodu sedentarioa darama, eta egunean hogeita hamar minutu baino gutxiago ematen dituzte oinez (gizonezkoen %60,2k eta emakumeen %68,7k).

Gaur egun 15 urtetik gorako pertsonen %18,5ek baino dute egiten ariketa fisikoa denbora librean, eta adituen ustez portzentaje horrek %32ra iritsi beharko luke. Izan ere, sedentarismoa arrisku-faktore oso garrantzitsua da gaixotasun kardiobaskularrak agertzeko. Jarduera fisikoak, berriz, heriotza goiztiarren, diabetesaren, osteoporosiaren eta zirkulazio-aparatuko gaixotasunen murrizketa esanguratsua dakar. Eta osasunaren gainean eragin mesedegarri horiek lortzeko ez da beharrezkoa entrenamendu gogorra egitea, ariketa fisiko moderatua baizik, 30 bat minutuko jarduera fisikoa nahikoa baita: paseatzea, igogailua erabili ordez eskailerak igotzea, edota lanera oinez joatea.

Intentzio horrekin, Osakidetzak Oinez Bizi izeneko kanpaina du martxan. Kanpaina horretan paziente sedentarioak hautatu dira, eta beren jarrera, baldintzak eta lehentasunak baloratu ondoren, podometro bat eman zaie, bakoitzak bere jarduera fisikoa neurtzeko modua izan dezan. Paziente horiei jarraipen zehatza egiten ari zaie, telefono bidez, edota berariaz horretarako emandako hitzorduetan, programa hasi eta 15 egunera, 3 hilabetera eta urtebetera emandako pausoen kopuruan egunez egun izandako progresioa neurtu eta baloratzeko.

Azkenik, ez da ahaztu behar sedentarismoak duen kostu ekonomiko izugarria: 18 milioi euro ingurukoa, Osasun Sailaren arabera, gastu sanitario osoaren %6 gutxi gorabehera.