argia.eus
INPRIMATU
Makina bat kontu
Joxerra Aizpurua Sarasola 2021eko uztailaren 26a


Bakterio hidrogeno-sortzailea

Joan den hamarkadan oso indartsu gizarteratu zen hidrogenoa erregai gisa erabili ahal izateko aukera. Berotegi-efektuaren aurkako borrokan hidrogenoa garbitasun mailarik handiena duen energia dela esan daiteke, ez bailuke berotegi-efektuaren erantzule diren gasetako bat bera ere sortuko.

Jakina da hidrogenoaren iturriak agorrezinak direla, uraren zatia baita, baina naturan hidrogenoa beti beste elementu bati elkartuta agertzen zaigu; eta hau da hain zuzen ere arazoa, hidrogenoa bere horretan behar da inongo elementuren laguntzarik gabe. Hidrogenoak beste elementuekin dituen loturak apurtzea oso garestia denez, hidrogenoan oinarritutako energi teknologiak oso era apalean aurreratzen ari dira.

Brookhaven-eko Laborategi Nazionaleko Daniel van der Lelie biologoak zuzendutako ekipoak hidrogenoak beste elementuekin dituen loturak apurtzeko bidea topatu du bakterioak erabiliz. Thermatoga neapolitana deitu bakterioa erabili zuten laborategian elikagai gisa glukosa emanez eta emaitza hauxe lortu zen: 70 eta 85 °C artean eta presio normalean bakterioek hidrogeno-kantitate handia sortu zuten.

Sarri hidrogenoarekin elkartuta egoten den oxigenoak mikrobio zein bakterioak akabatzeko joera du. Oraingo saiakeran zegoen oxigeno-maila txikia bazen ere, lehen aldia da bakterioek oxigenoaren aurrean hidrogenoa sortzen dutena.

Oraingoz laborategian egindakoa optimizatu nahi da, baldintzak edo bakterio motak aldatuz, hidrogenoa eskala handiagoan sortzea posible ote den ikusteko; gainera, lortutako emaitzarik interesgarriena da Thermatogak oxigenoari aurre egiteko sistemarik baduela. Sistema hori topatzea da orain ikerlarien beste erronketako bat.


Euriborra gorantz

Hipotekak eta euriborra oso gutxitan izan dira lerro hauen helburu, batez ere, lorpenak eta aurkikuntza zientifikoak direlako interes gehien sortzen digutenak. Baina noizean behin ez dago gaizki begiradatxo bat botatzea gure patrikak hainbeste astintzen dituzten gai ekonomikoei.

Urte batzuetan euriborra baxu-baxu egon da etxebizitzen prezioak igotzen jarraitu duen bitartean. Orain euriborra 2002an bezain altu dago eta etxebizitzak orduan baino %50 garestiago. Banketxeek 50 urterako hipotekak eta hipoteka konpartituen sistemak asmatu dituzte kaleko jendeak etxeak erosi ahal izateko.

Beraz, jendea gehiago «enpufatzeko» sistemak asmatzen ari dira eta ez da katearen bukaera ikusten. Orain arte etxea erosi dugunok gurasoak izan ditugu askotan alboan, baina orain seme-alaba eta lagunak ere behar izango ditugu. Harrapatuta gaude!