argia.eus
INPRIMATU
Landareak: Leka eta txurikina
Jakoba Errekondo 2007ko otsailaren 21a

Babarrun gehienak mandiotan, eta azken kondarrak etxerako bidean dira. Udaberriaren amaierako bero zakarrak zirela-eta lehen lorealdia erabat zapuztu zen soroetan. Aspaldiko uzta eskasena izango ote denaren zurrumurrua dabil azokatan barrena eta iazkoan sei euro ordaindu zen libra aurten 9ko eltzean beratuko den usaina aditzen diot. Berandu antzera erein zuen jendeak suertea, uzta oparoa eta prezioa artalorearen gainetik.

Behin etxeratuta, gustukoa da babarrun-zuritze edo -aletze lana. Suaren bueltan jarri koadrila eta babarrun bailiran gorritik, pintarretik, zuritik eta beltzetik doaz aletzaileen mingain eta miztoak. Gero aleak apartatu eta zomorrorik ez egiteko konjelagailura. Behin konjelatuta tartean diren zomorro eta hauek errundako arrautzak hilda, kanpotik berriak etor ez dakizkion, inolako zirrikiturik gabeko ontzi edo zakuren batean jaso. 12Nk C-tik behera dagoen tokiren batean jasoz gero, zomorroak iraungo du baina ez da ugalduko eta arrautzetatik ez da berririk jaioko.

Artoa ere ontzen ari da, bada. Amaitu berria den hego-haize purrustadak, aurten luzea eta berotan beroa, ihartu ditu landareak. Buruak, hazteari etsita, ale helduen zamaz, makurtuta, etxeratzeko eske. Artoaren buru, artaburu burumakurrak, arta-zuriketarako zurikinak erabat zuri dituenez, hobe dago aterpean soroan baino. Zuriketa garaiko zuritzaileen kontuak zurikeriarenean baino bide gozoagoetatik ibiliko ahal dira... Zuriketako zurikina ederki hausnartuko du behikundeak. Arta-aleak, berriz, harrak harrapa ez dezan, ahal den toki hotzenean jaso.

Bai babarrunaren zomorroa, bai artoaren harra gero eta maizago ikusten dira. Etxe gero eta beroagoak ditugu eta neguan a zer nolako pagotxa intsektu hauentzat, jaki epelak! Garai bateko ganbara irekien neguko hotza gogora ekarri eta horra irtenbidea.

Baten eta bestearen aleak sukalderako eta babarrun-lekak eta artaburu-zurikinak majerarako, ederki pasako ditu aziendak. Urtean behingo sasoiko jatena paregabea, kutixia.