argia.eus
INPRIMATU
Izena duen oro ez da
Joxemari Ostolaza 2021eko uztailaren 20a
Hori da behintzat niri bururatu zaidana «Operación Puerto» izenez ezagutzera eman ziguten hura, artxibaturik geratzen dela jakitera eman dutenean. Eskandalua. Hori izan zen mediatikoki tratatzeko modua. Ez dira urriak izan aferari emandako eremuak. Ez dira gutxi izan hedabideetan erabilitako errekurtsoak. Eta izarrak, tertuliak izan dira. Txirrindulari guztiak hobendun. Gure arteko bileretan ere, ez genuen dudarik diagnostikoa ematean: txirrindularitza ustelduta dago, afizionatuak eta asteburutako jardunak barne. Nik neronek ez dut zalantzarik egin, Eufemiano Fuentes izenaren aurrean. «Honengana jotzen duenak laguntza eske ez du bere entrenamenduaren sistematizazioan sinesten, beste zerbaiten bila doa» pentsatzen nuen. Eta egia esan, oraingo erabakiak ez dit iritzia aldatu, lehengoan jarraitzen dut. Eufemiano Fuentesen berri izan da, aurkitu zizkiotenak ezagututa eta berak tratatutako puntako kirolari zenbaiten aho itxiko adierazpenak entzunda, ikaragarrizko suertea izan duela iruditzen zait. Ez besterik. Eskandalua, lehiaketetatik kanpo edukitako txirrindulariei egin kaltea da, tamainako akusazioen zama nekez arinduko baitute, eta noizbait zerbait irabaziko balute, beren talentuari zor diotela eta ez dopinari frogatzen saiatu beharko dira.