argia.eus
INPRIMATU
Boilurgintza. Diamante beltzaren aldeko apustua
Daniel Udalaitz 2021eko uztailaren 19a
Gure lurraldean antzinatik bildu izan dira udako boilurra eta neguko boilur beltza, batez ere Araban, baina egia esan inoiz ez da benetako boilur tradiziorik izan Euskal Herrian. Azken bi hamarkada hauetan hasi da laborantza mota hau indartzen. Nafarroan bai, zertxobait gehiago ibiliak dira bide honetan, baina Euskal Autonomia Erkidegoan orain ari dira sustatzen, Boilurgintzarako Jardun Planarekin. Plan hori 2015era arte egongo da martxan, eta bertan aurreikusitakoaren arabera, 470 hektarea boilur landatuko dituzte, Arabako lurraldean batez ere, baina Gipuzkoako zenbait inguru ere alde batera utzi gabe.

Nafarroan, jadanik instituzionalizatuta dago urteroko boilur azoka, Lizarrerriko Boilur eta Boilurgintzaren Azoka izenekoa eta Boilurra Ezagutzeko Zentroa eraikitzekoak dira «diamante» preziatu hori gehien landatzen den inguruaren erdian, Metautenen (Allin Ibarra). Ipar Euskal Herritik ez zaigu mota honetako landaketen berri iritsi.

Errentagarritasun ekonomiko handia

Boilurra onddotik sortzen da; onddoaren eta haritza, abaritza, artea edo hurritza bezalako zuhaitzen sustraien arteko elkarketaren ondorioa da. Boilurra sortzeko, gainera, kareharrizko lurra, inguru hotza eta 7 eta 8 arteko PHa daukan lurzorua behar izaten da. Normalean 2 eta 10 gramo artekoak izaten dira boilurrak, baina zenbait lekutan, Teruelen esate baterako, 800 gramokoak ere biltzen dituzte.

Boilur laborantzak, halakorik dagoen tokian, errentagarritasun ekonomiko handia izaten du. Boilurrak, kalitatearen eta aurkitzeko zailtasunaren arabera, kiloko 1.000 euroko prezioa har dezake jatorrian. Araban, adibidez, kiloa 250 euro inguru ordaintzen zen orain dela bi urte, baina orduz geroztik gorantz joan da prezioa. Bi boilur mota daude: udakoa (Tuber aestivum Vitt.) eta boilur beltza (Tuber melanosporum Vitt.). Udako boilurrak kalitate txikiagoa dauka eta prezioz ere merkeagoa izaten da. Araban gaur egun boilur mota hau era naturalean jaiotzen da, arte eta haritzen ondoan, batez ere Arabako Ibarretan eta Arabako Mendialdean. Neguko boilur beltza kalitate handikoa da, eta merkatuan estimurik handiena duena, aparteko ezaugarri gastronomikoak dauzkalako. Boilur honi tofona negra esaten zaio katalanez, trufa negra gaztelaniaz, truffe de Perigord frantsesez, eta tartuffo nero italieraz.

Landaketa plana eta bestelako onurak

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailak, Arabako Foru Aldundiko Hirigintza eta Ingurumen Sailarekin eta Nekazaritza Sailarekin lankidetzan, 2015era arte indarrean egongo den Boilurgintzarako Jardun Plana abian du. Planaren helburua honako hau da: urtean batez beste 50 hektarea landatuz 2015. urterako guztira 470 hektarea landatzea, batez ere Arabako Mendialde eta Ibarretan eta Arabako Errioxan. Gipuzkoan ere PH egokia duten lurren bila dabiltza. Kontuan hartu behar da lur landatu berriek gutxienez sei urte behar izaten dituztela fruituak ematen hasteko, eta normalean hamar urtetik aurrera ematen dituztela fruituak. Aipatutako planak landaketetarako laguntzak emango ditu, baina baita egin beharreko lan osagarri eta mantenu lanetarako laguntzak ere. Planak beste helburu batzuk ere baditu: boilurra merkaturatuko duen baltzua sortzea, salmenta bateratuaren bidez prezioak ere bateratu eta merkatuaren beharrizanetara egokitzeko; boilur azoka antolatzea Nafarroan eta Europako beste leku batzuetan egiten den bezala; boilurretarako txakurrak hezi eta txakur horien lehiaketak antolatzea; eta boilurgintzaren gidaliburua egitea.

Euskal lurretan kalitatezko boilur landareak lortu ahal izateko saiakera bat edo beste egin da Araban. Esate baterako, 1995-1996an ikerketa, garapen eta berrikuntzako (I+G+B) proiektu bat egin zen. Landareak Tuber melanosporum Vitt.-ekin (boilur beltza) inokulatu zituzten, haritz, arte eta hurritzak mikorrizatzeko. Neiker-ek proiektu honi berriz heltzeko asmoa du.

Boilurgintza sustatzeak beste onura batzuk ere ekartzen ditu. Besteak beste, basoko suteak saihesten laguntzen du; lurzorua, flora eta fauna mantendu eta hobetzen ditu; eta akuiferoak babesten ditu. Gainera, ekonomiaren eta kulturaren ikuspuntutik ez dugu ahaztu behar Europako beste lekuetan gertatzen den bezala, boilurraren erabilera gastronomikoak erosteko ahalmen eta kultura maila handia duten turistak erakartzen dituela eta horrek herriei eta herritarrei dibertsifikazio ekonomikoa eta aberastasuna ekartzen dizkiela.

Nafarroan azoka eta museoa
Nafarroa 1990eko hamarkadaz geroztik, hain zuzen ere Nafarroako Boilur Ekoizleen Elkartea sortu zenetik, ari da boilurgintza garatu eta sustatzen. Nafarroako Gobernua ere sektore honi laguntzen ari da, eta badirudi etorkizun handia izan dezakeela.
Oraingoz bi ekimen dira abian: azoka eta Boilurra Ezagutzeko Interpretazio Zentroa. Bigarren urtez segidan, iaz, Lizarrerrian Boilur eta Boilurgintzaren Azoka egin zen. Bertan, boilurrez egindako pintxoak banatu zituzten dastatzeko, produktu trufatuak erakusteko mahaiak jarri zituzten, landare mikorrizatuak eta boilur freskoak saldu zituzten, eta boilurraren nahiz boilurgintzaren alderdi tekniko eta zientifikoak ezagutzeko informazioa eskaini zuten ITGren eta Nafarroako Unibertsitatearen laguntzarekin.
Boilurraren Interpretazio Zentroa Metauten herrian egingo da. Museoaren helburua boilurraren mundua eta boilurgintza sustatu eta ezagutaraztea izango da. Hau da, boilurrari balio erantsia eman nahi zaio eta inguru hori guztia garatzeko aprobetxatu. Beste lekuetan daukaten eskarmentutik ikasteko, lehengo urtean Perigord-erako bidaia egin zuten nekazari nafar batzuek, huraxe baita Frantzian eta Europa osoan boilur gehien ekoiztu eta esportatzen duen lekua. Perigorden landa-turismoa eta boilurra uztartu eta horrela turismoa erakartzea lortu dute.
Nafarroan, batez ere Micovaldorba proiektuarekin ari dira boilur laborantza sustatzen. Boilurgileen artean egindako inkesta batetik zenbait ondorio atera daitezke: elkarrizketatuen %57,5 prest leudeke boilurretik bizitzeko, eta are gehiago, boilurretik baino ez bizitzeko, hektareako gutxieneko ekoizpen bat ziurtatuko balitz eta boilurrak eskatzen duen tratamenduaren inguruko ezagutza handiagoa izango balute. Ez daukate boilurraren errentagarritasunaren berri, eta horregatik ez dute gehiago landatzen; erretiroko edo aisialdiko denbora-pasa besterik ez da oraingoz.