argia.eus
INPRIMATU
Garaipen politikoa
2021eko uztailaren 19a
Frankismo garaian militatzen hasi ginen abertzaleok ziurtasun osoz pentsatzen genuen diktadura militarra gaindituz gero, Euskal Herriak zabalik zuela askatasunerako bidea. Horrexegatik, Franco hil ondoren espainiar ezkerrak eta EAJk autodeterminazio eskubidea alde batera utzi eta frankismoaren oinordekoekin estatu eredua paktatu zutenean izugarrizko kolpea jaso genuen. Orduan, gatazka politikoa errotik konpontzeko egundoko aukera galdu zen.

Hortik aurrera Euskal Herri zatikatuan EAJren eskutik Baskongadetako hiru herrialdeei begirako ziklo autonomista zabaldu zen. Helburua oso garbia: Hego Euskal Herria Estatu espainiarraren barnean eroso egokitzea, independentzia nahiak ito eta proiektu politiko independentista utopiaren esparruan kokatzea, hots, Arriagako espiritua. Ongizatearen izenean gezurrezko zenbait diskurtso ekonomizista eta sozialen atzean -Arzalluzen «con la independencia solo berzas»- burgesiaren interes ekonomikoak eskutatuz herritar asko eta asko eraman zuten etsipenaren bidetik. Are gehiago, ezkerreko proiektu independentistaren aurkako eraso gordinean Estatuaren laguntzaile bilakatu izan dira eta disidentziaren suntsipena bilatu dute.

Baina autonomismoak ez ditu bete, inondik ere, herritar abertzaleen ametsak, eta gero eta masa kritiko handiagoak pentsatzen du bide horretatik ez dagoela Euskal Herria aitortzerik ez inolako eraikuntza nazionalik; alderantziz, gure herriaren bizi-iraupenaren gero eta egoera larriagoa eta gatazkaren betirakotasuna besterik ez dakarrela. Ondorioz, ziklo autonomista agortuz doa eta krisian sartzen da 90eko hamarkadaren erditik aurrera.

Lizarra-Garazik, zentzu horretan, funtsezko inflexio puntua dakar gatazka politikoa sustraitik konpontzeko bide bakarra Euskal Herria aitortu eta bere lurraldetasuna eta erabakitzeko eskubidea onartzea dela aldarrikatzerakoan. Subjektu politikoa aitortu eta zehazteak berarekin dakar independentziaren aldeko alternatiba zilegi izateaz gain, posibletzat jotzea. Ondorioz, Ezker Abertzaleak urteetan defenditutako proiektu independentista esparru utopikotik errealitate politikora pasatzen da berriro jende askorentzat.

Hau egundoko garaipen politikoa da. Ezker Abertzalearen borrokak ekarri duen garaipena. Ziur nago milaka militante abertzaleren urte luzeetako borroka eta erresistentziagatik izan ez balitz oraingoz galduta izango genuela gure herria egunen baten bere buruaren jabe ikusteko itxaropena.

Garaipen politikoa bere fruituak ematen ari da eta, inkestek diotenez, jendartearen %75 baino gehiago gara geure herriaren etorkizuna erabakitzeko eskubidearen alde gauden euskal herritarrak. Martxan jartzen ahalegintzen ari garen gatazka politikoa konpontzeko prozesuak Euskal Herriaren aitortza, bere lurraldetasun osoaren onarpena eta erabakitzeko eskubidea ekarri behar ditu ezinbestez. Eta hortik aurrera, independentzia eta sozialismoa helburu, Euskal Herri osoari begirako ziklo politiko soberanista zabaldu behar dugu Ezker Abertzalearen eskutik.