argia.eus
INPRIMATU
Euskararen inguruko albiste laburrak
Onintza Irureta Azkune @oirureta 2007ko otsailaren 21

Produkzio unibertsitarioaren egileen xerkan

Karmele Artetxe Inguma datu-basearen arduraduna da eta euskarazko komunitate zientifikoari buruzko tesia ari da egiten. Doktorego-tesiaren helburuetako bat euskarazko produkzio unibertsitarioa duten egileak deskribatzea da. Egileei galdera-sorta bidali berri diete berauen ezaugarriak jaso asmoz. Egileen lagina Inguma datu-basetik atera dute.


Xuxen badator

Xuxen zuzentzaile ortografiko berria noiz kaleratuko den galdera aurkitu dugu Sustatun. Baita erantzuna ere: www.euskadi.net-en laster egongo da OpenOffice.org-erako Xuxen. Bi bertsio kaleratuko dituzte, biak kode irekian. Bata, Hunspell formatuan, OpenOffice.org 2.0.2tik aurrera formatu hau erabiltzen baita eta Myspell formatuan, aurreko bertsioetarako eta baita Thunderbird posta-bezero edo Firefox 2.0 bezalako programentzat balio duena.


CAF-Elhuyar Sariak

Elhuyarrek martxoan banatuko ditu zientziaren dibulgazioa sustatzeko sortutako hiru sari nagusi eta gazteentzako sari berezia. Lanak aurkezteko epea abenduaren 1ean amaituko da.


Auzitegi Gorenak UEMAko kide izatea galarazi dio Ondarroari

Ondarroako Udala 2000. urtean sartu zen Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean eta Mankomunitateko lehendakaria da Miren Urresti Ondarroako zinegotzia. Espainiako Auzitegi Gorenak galarazi egin dio Gipuzkoako herri horri UEMAko kide izatea. Astekari hau ixterako, Ondarroako Udalak eta UEMAk argibide gehiago ez zuten eman.