argia.eus
INPRIMATU
Etorkizuna
Juan Ramon Makuso 2007ko otsailaren 21a
Kezkatuta bizi da gizakia etorkizunarekin. Nik neronek, behintzat, horrela begiztatzen dut etorkizuna, berdin nora begiratu, berdin non belarria ipini, berdin irakurtzerakoan ere. Irakurketak ere genero ezberdinetan gauzatzen ditudanean. Azkenekoa astekari honetan bertan, Inazioren alegoriak, behintzat, hori erakusten zuen. Baina etorkizunaz kezkatzea oso erlatiboa da. Niretzat etorkizunak, behintzat, errealitate bezala ez du entitaterik. Hitz batean: ez da. Nire orainak etorkizunari ez dio begiratzen. Oraina eternoa da. Nire laguna Pellok gaur kafea hartzerakoan hau oso ongi ilustratu dit gertakizun latz baten kontaketarekin. Baina ez dugu joan behar hain urrutira, ez ditugu gauzak muturreraino eraman behar. Gure errealitatea askoz sinpleagoa da. Etorkizuna eraiki nahi horretan konplikatu egiten dugu. Ez dakit, ez-denak zergatik jasotzen dituen hainbeste begirada. Edo badakit. Agian betirakotasunak itsutzen gaitu, eta begirada lausotua geratzen da, ilusiozko etorkizun bat irudikatuz. Eta nire lerro hauen funts guztia bertan behera geratzen ari zait. Argitaratzeko idazten ari naiz, baina idazterakoan txertatzen da bere esanahi osoa.