argia.eus
INPRIMATU
Zumitz hauekin zestoa
Mikel Irizar @mirizarintxaus 2021eko uztailaren 19a
Gordina da esaldia: «Jende gutxi bizi da euskaraz; asko, ordea, euskaratik». Ni, beti, lehen multzoan saiatu naiz. Orain, aldiz, euskaratik bizitzea egokitu zait. Eta, profesionalaren begiekin, oso une interesgarria ikusten diot euskarari.

Ziklo amaiera. Bakoitzak bere hitz eta ñabardurekin, denontzat dago argi samar orain arteko estrategiak ez duela, bere horretan, euskararen egoera normalduko. Gabezia horretaz jabetzea beharrezko zen, urrats berriak egiteko. Ziklo bat amaitzen ari da eta berria hasten. Erabilera da orain jomuga nagusia. Eta kezka nabari da, zerbait egin behar da, azkar eta sendo.

Nola saldu. Euskararen normalkuntza teknifikatu egin da, atzean utzita mitoak eta sineskeriak. Hizkuntzena izan daiteke bihotz kontua banakoarentzat. Baina jendartean, gai teknikoa da eta tresna egokiz kudeatu behar da. Euskara hedatuko da elebakarren interesa pizten duen heinean: lanerako behar, harremanetarako komeni, aukerak ireki... «Euskara nola saldu» bihurtu da lelo, Zakilixut bera ere jabetu da.

Zerbitzuaren kalitatea, marketingaren balioa, liderren eragina, sare trinkoak eta antzekoak entzuten ditut lan berrian, gustuko dut horien soinua.

Indar kontuak. Indar erlazioak eta aginpideak jartzen dute hizkuntza bat goienean hala barrenean. Eta euskara, kontra izanik indar erlazioa eta urria aginpidea, oker arituko da indarrez irabazi nahian. Kataluniak Estatut berriarekin lortu du katalana derrigorrezko izatea, baina indar asko metatu eta gero.

Alde honetatik ere, une politikoa aukerakoa da aurrera egiteko. Gerria dantzatuz, euskarak limurtu egin behar ditu ordezkari politikoak. Alegia, hizkuntzak ez diola inongo alderdiri kalterik ekarriko, nola eta ez duen bere normalkuntza eragozten.

Lan arloa. Boladan, oso aktibo dabil Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailordetza (HPS) arlo honetan. Enpresaburuekin eta sindikatuekin sinatutako akordioek balio sinboliko handia dute. Enpresek horretan dirua gastatzen badute, inportantea den seinale. Eta zerbitzu enpresa handiak gurdira igotzen badira, emaitza kuantitatiboak ere esanguratsuak izan daitezke.

Sinadura sinbolikoak lan mardula behar du segidan, ikusmina ekintzetan bihurtzeko. HPSren txanpak bazterrak astindu ditu eta ustekabean harrapatu bat baino gehiago. Lehen tirabiren ondoren, lankidetza beharko da guztion artean. Euskaldun bat ere ez dago sobran.

Hedabideak. Gertakari handia izan da Hamaika taldearena. Kolore ezberdinak eta eragile pisuzkoak elkartu dira, euskarazko toki telebistak sortzeko. Honek ere sinbolismo handia du eta, gainera, ekimena gauzatzerik izango da lege berriarekin. Lehen argazkian falta izan dira dagoeneko badauden telebistak, ea hurrengoan ikusten ditugun. Hemen ere, meta daitekeen indar guztia beharko da, euskaratik kanpoko uholdeari aurre egiteko.

Profesionalak. Lan berrian, euskararen profesional asko aurkitu dut, eskarmentuz jakintsu eta euskara maite dutelako gogotsu. Eta psikologoak deskubritu ditut hizkuntza gaietan, jarrerak eta portaerak aztertzen. Pertsonak barneratu egiten baitu hizkuntzen arteko gatazka, eta korapilo bihurtzen. Horiek askatzea da gakoa. Giro, tresna eta laguntza egokiak behar. Badago nork, ikasten ari gara nola.

Olatua. Bulkada askorekin, itsaso barean olatua hasi da. Berez, olatuak ez du ura mugitzen, baina olatua balia daiteke ur gainean mugitzeko. Ekitaldi sinbolikoek ez dute berez areagotuko euskararen erabilera. Baina balia daitezke ekimenak abiatzeko, eraldaketak eragiteko, euskaldunak aktibatzeko.

Aukera ona ikusten dut. Zumitz hauekin egin daiteke zestoa.