argia.eus
INPRIMATU
Nekea
2007ko otsailaren 21a
Badakit! Utopiaren ibaietan zehar gabiltzanontzat, nekea, ez da hitz polita. Baina, errealitateak utopiak baino gehiago agintzen du. Eta guztiok dakigu, osasuna erabat garrantzitsua dela edozein proiektu, ideia edota utopia aurrera eramateko. Ia hamar urte pasa dira, Antzerkiola sortu genuenetik. Nahi eta nahi ez, krisialdiak beharrezkoak direla diote. Hori bai, gure politikariei ez diegu inoiz entzungo euskal antzerkia krisian dagoenik. Bost axola politikariei euskal antzerkigintzaren alorrean ikerketak, sorkuntzak... duen eragina. Gaztetan Hertzainak taldearekin batera gogor eta ozen abesten nuen Euskadin Rock&Rolak ez du inoiz, dirurik emanen. Hitz berdinak erabili antzerkiarekin edo, petralagoa al da antzerkilarion egoera? Izan ere, euskal eskuindar pentsamoldeko gobernu honi ez zaio inoiz interesatu kultura, eta are gutxiago kulturgintzaren berrikuntza politiko, sozial zein estetikoa. Herri honek armagintzan zenbat diru mugitzen duen kontuak atera behar! Gaur egungo herri aberatsak horrela aberasten dira. Mesedez, ez hitz egin, espiritualtasunaz, zuen Jaungoikoa aspaldi usteldu zen.

Argi dago sorkuntza artistikoak administrazioarekin oztopoak baino ez dituela izaten. Eta, zentzu honetan, profesionaltasuna eskatzen digute, baina hauen funtzionalitatea erabat amateurra da. Izan ere, ez dute ofizioa batere ezagutzen, eta ofizioaren beharrak are gutxiago. Gainera, Euskal Herrian ere, Espainian erabiltzen duten modelo berdinak erabiltzen dituzte. Herritarren benetako demandak guztiz ondo aztertu eta kontuan hartu gabe.

Estruktura hauetan ere hutsune asko ikusten dira. Adibidez, antzerki taldeok jaso dezakegun dirulaguntza jakina da ez dela sarritan nahikoa izaten. Izan ere, zertarako dirulaguntza jaso, gero ez badaukagu emanaldiak banatzeko aukerarik. Eta egia da, antzoki bakoitzak presupuesto batekin lan egiten du eta agian, presupuesto horietan bakarrik hilabetean ekoizpen bat edo bi ekartzeko aukera dauka, soilik. Azkenean sarea, arrazoi bat edota bestegatik konplikatu egiten da, eta norbere sortze lana ia ezerezean gelditzen da.

Nik, eta Antzerkiolan sortu genuen enpresarekin utopia bat bilatzen nuen, eta ez da posible izan. Ez zerotik, baina berriro hasi behar dugu, eta nekagarria da. Nire ilusioa, oholtza gainean antzerkia egitea da, eta ez enpresa bat sortzea.

Motibazioa galdu dut, ilusio barik nabil.

Aldizkari honetan ere gustura ibili naiz nire gogoeta xumeak nolabait aportatu nahian. Baina, agur esateko ordua iritsi da. ARGIAri nire esker ona ematen bukatu nahi nuke, eta nola ez, zuri, irakurleari. Inoiz ez nuen imajinatuko, iritzi artikuluak idatziko nituenik. Baina antzerkiak eta euskarak merezi du. Eskerrik asko guztiori, bihotzez. Antzerkian ikusiko gara. Nekeak erremedioa dauka eta.