argia.eus
INPRIMATU
Makina bat kontu
Joxerra Aizpurua Sarasola 2007ko otsailaren 21a

Saturnoko irudi eder bat baino gehiago

Saturnoren eta bere eraztunen irudi eta argazkiak askotan ikusi izan ditugu telebista edota aldizkarietan. Hala ere, zutabe honen eskuinera aurkezten duguna berezia da. Hona hemen argazki honen historia txikia.

Iragandako irailaren erdialdean Cassini zundak ia 12 ordu egin zituen Saturnoren itzalpean. Orain arte ez da inoiz hainbeste denbora igaro Saturnoren itzalpean eta egoera honek aukera eman zuen hainbat saiakera egin ahal izateko. Une horretan zunda Saturnotik 2,2 milioi kilometrora zegoen eta diametroa 1 eta 10 mikrometro artekoa zuten partikulak ikusteko aukera izan zen. Halaber, bi eraztun berri detektatu ziren, bat Epimeteo eta Janus ilargi txikiek orbitatzen dutena eta bestea kometa edo meteoritoren baten artean gertutako talkaren eraginez sortutakoa.

Gainera, eraztunen artean dauden kolore desberdintasunak oso ongi ikusi ziren eta hau eraztunak osatzen dituzten partikulak desberdinak direlako da. y


Taula periodikoko elementurik astunena?

Errusiako Doubna-n dagoen Ikerketa Nuklearreko Institutuko Youri Organessian ikerlariak zuzendutako ekipoa munduan dagoen ospetsuena da elementu berrien aurkikuntzan.

Hil honen hasieran Physical Review C aldizkarian argitara eman zituzten egindako ikerketekin lortutako azken emaitzak. Bertan diotenez 118. elementua topatu dute eta antza orain arte aurkitutako elementurik astunena da. Elementuen pisua atomoen gunean dagoen protoi kopuruak adierazten du. Orain arte uranioa zen astunena bere gunean 92 protoi baititu, baina 118 izena duen elementu honek protoi gehiago ditu bere gunean. Elementu hau lortu ahal izateko oso erradioaktiboa den Californium elementua bonbardatu dute eta emaitzak ekipo estatubatuar baten esku utzi dituzte, hauek baieztatu ditzaten.

118 elementuak segundo baten milarena baino gutxiago iraun du, berehala desintegratu baita, baina denbora horretan hiru atomo existitu izan zirela frogatu da.

Ikerlari hauen hurrengo erronka topatzen ari diren elementu berrien egonkortasuna bermatzea da, erabilpen industrialetarako iraupena ezinbesteko baldintza baita. Esan gabe doa materialgintzan iraultza ekarriko luketela material berriek bai malgutasunean, bai gogortasunean, eta abar.