argia.eus
INPRIMATU
Izenak
2021eko uztailaren 23a
Iban Zalduak irabazi du Euskadi Literatura saria, euskarazko literaturaren atalean, Etorkizuna ipuin bildumarengatik. Pruden Gartzia (Lazarraga, Ernazimentua euskaraz), Koldo Izagirre (Sua nahi, Mr. Churchill?), Karlos Linazasoro (Denbora aleak) eta Xabier Montoia (Bingo, poemak 1981-2000) ziren gainerako hautagaiak. Itzulpengintza ataleko saria, berriz, Xabier Olarrak irabazi du, Raymond Queneau idazle frantziarraren Exercises de Style lanaren itzulpenagatik. Estilo ariketak izenburua jarri dio liburuari Olarrak.

Athom Rhumba taldeak Amateur Universes diskoa (Oihuka) kaleratu du. Besteak beste Jon Wahl, Hendrik Röever, Luis Camino eta Desiree Garcia musikariek hartu dute parte bizkaitarren lan berrian.

Eugenio Ampudia artista espainiarrak Ideia zanpatzaile bat baino ez erakusketa paratu du Gasteizko Artium museoan. Orotara 23 obrak osatzen dute 2007ko otsailaren 18a arte ikusgai izango den erakusketa.

Hortzmuga konpainiak Eva vs Eva antzezlana estreinatuko du urriaren 26an eta 27an, Galdakaoko Torrezabal Kultur Etxean. Arantza Goikoetxea, Izpiñe Soto eta Argia Gardeazabal aktoreek hartzen dute parte komedia honetan.