argia.eus
INPRIMATU
Ezkerra berpizten ari da CiU faboritoaren jokoagatik
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2021eko uztailaren 20a
2003ko hauteskunde autonomikoetatik, PSCk, ERCk eta ICVk hiruko gobernua osatu eta Generalitateak 24 urtetan lehen aldiz CiUkoa ez zen presidentea izendatu zuenetik, Artur Masen alderdiak ahalegin guztiak egin ditu ezkerreko gobernua gutxietsi eta bere hautagaia president izateko bidean jartzeko. Hauteskunde aurreratu hauen inguruan egindako inkestek helburua lortuta zutela erakusten dute: CiU litzateke alderdirik bozkatuena (PSCrekin 5 puntuko aldea mantenduz; ikus hurrengo orrialdeko datuak) eta eserleku gehien lortuko lituzkeena; PSCk mantendu edo apur bat behera egingo luke eta jaitsierarik nabarmenena ERCk nozituko luke. Egoera aproposa Pujolen ondoren beste convergente bat presidentearen aulkian ipintzeko. Hori bai, gehiengo absoluturik ez du inork lortuko eta, beraz, gobernu osaketaren dantza ikusiko dugu azaroaren 1etik aurrera. Baina badirudi hirukoak CiUri egin zion minak gal dezakeela faboritoa, eta mendeku nahiak boomerang efektua izateko arriskua duela.


DVDa esnagarri

Kataluniako gizarteak nekea agertu zuen Estatut polemikoaren prozesuan. Horrek azaroaren leheneko hauteskundeetan partehartze txikia aurreikustera eraman ditu adituak orain arte (%57-58). Abstentzioak prozesutik kaltetuta irten zen ERC eta hauteskunde orokorretako boto kopurua lortu ezin duten sozialistak kaltetzen ditu bereziki; tripartitoa, beraz. Horixe zen, CiU eta PSCren arteko distantzia handitzeko giltza. Baina kanpaina abiatzeko CiUk ConfidencialCat izeneko DVDaren milioi bat kopia banatu zituen, hiru alderdiak erridikulizatuz, kritika muturrera eramanez, joko garbiaren mugak gaindituz. Unióko Duran i Lleidak berak ez du begi onez ikusi bere sozioaren jokaldia. Eta lehendik ahulduta zegoena zirikatzeak ezkerreko hautesleak esna ditzake. Azken egunotan, behintzat, Montillaren PSC Masengandik gero eta gertuago dagoela dirudi.


Aulki dantza

Garbi dagoena da gobernua osatzeko gehiengo nahikorik ez duela inork lortuko, eta beraz president berria hautatzea ez dela erraza izango. Ikusteko dago zein mugimendu egingo duten alderdiek emaitzak jaso ondoren, baina katalanek dagoeneko euren iritzia eman dute gobernu osaketaren inguruan. PSC eta CiUren arteko akordioa da Kataluniako gizarteak hobesten duena, edo hori nahiko luke behintzat %35ak. Bi alderdi nagusiak boterean egonda, ERC izango litzateke hurrengo legegintzaldian oposizioko alderdirik garrantzitsuena eta horrek Esquerraren idartzea ekar lezake datozen urteotan. Bigarren aukera hirukoa berregitea litzateke eta %22ak hobesten du aukera hau. %18ak, aldiz, CiUk ERCrekin batera gobernua osatzea nahiko luke, baina azken urteetan bien arteko ezinikusia areagotu egin da eta ez dirudi halako gerturaketarik izango denik. %13ak eskuineko gobernu baten alde egingo luke, CiU eta PP batuta. Baina Artur Masek dagoeneko aukera hori garbi baztertu du. Hori bai, DVDan ez du popularren kontrako kritikarik egiten; ez zaio PPrekin hitzarmenik interesatzen, baina badirudi interes handia duela popularren inguruko botoak erakartzeko.

Gobernu osaketarako eta president berriaren izena ezagutzeko itxaron egin beharko da. Baina bitartean, nahi duena joko horretan sar daiteke http://jocspolitics.cat web orrira joz gero. Bartzelonako bi gaztek El joc de la cadira (aulki dantza) jokoa ipini dute sarean. Eta joko horretan, errealitatean bezala, inork ez du gehiengo absoluturik.


Zer nahi du Madrilek?

Beste hainbat alorretan bezala, hauteskunde ondorengo lehentasunetan ez datoz guztiz bat PSC eta PSOE. Masek garbi utzi dio Zapaterori, hautagai bozkatuena baldin bada Kataluniako presidente izatea bermatu behar duela. Horrela, Zapaterok CiUren laguntza jasoko luke Espainiako hurrengo hauteskunde orokorren ondoren. Aldiz, PSCri hirukoa berregitea interesatuko litzaioke, horrela Montilla presidente izatea lortuko bailuke. Bientzat onena Montillak irabaztea litzateke eta honek koalizioa CiUrekin egitea, Madrilen eskuineko katalanisten laguntzari eutsiz.

PPren kasuan ere irizpide desberdina dute popular katalanek eta Rajoyk. Badirudi Martorelleko gertakizunen ondorengo biktimismoak ez diela boto gehiegirik emango. Alderantziz, Estatutaren prozesuko gehiegikeriek ordaina pasako die. Emaitzetan behera egingo dutela aurreikusten da, eta ICVren igoerak PPren laugarren postua arriskuan jar dezake. Kataluniako PPk ez du gobernuan sartzeko aukerarik, baina ez da hori Rajoyren kezka nagusia. Kontraesana badirudi ere, Madrilen popularrek ezkerreko hirukoarekin amesten dute, horrek Zapatero CiUkoen laguntzarik gabe utziko bailuke.

Ikusteko dago botoemaile katalanek nola erreakzionatuko duten datorren asteazkenean, klase politikoarekiko nekeak eta joko zikinak sortutako haserreak abstentziora eramango dituen edo hautesontzietara hurbilduko dituen. Alderdikeriak alde batera utzita, gehiengoaren nahia gobernabilitatea bermatuko duen koalizio sendoa lortzea da.