argia.eus
INPRIMATU
Teseo Olinpotik erori da .
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2021eko uztailaren 27a
Grezia, K.a. XV. mendea. Atenasko errege izango zen Teseo jaio zen. Etra amarekin pasa zuen haurtzaroa Trecen hirian. 16 urterekin esan zion amak Egeo Atenasko erregea aita zuela; aita lurtarra behintzat, urte batzuk geroago, Kretara bidean, itsasoko jainko Poseidonek bere semea zela jakinaraziko baitzion. Atenasera abiatu zen orduan Teseo gaztea. Bidean, besteak beste, Perifetes eta Sinis gaizkileak hil zituen. Bigarrenaren alabarekin amodio istorioa izan eta gero, Atenasera iritsi eta Medea aitaren emaztearekin hainbat tirabira izan ondoren, erregeak oinordeko izendatu zuen.

Greziar mitologian ohikoa denez, Teseoren sugetzarrak atal asko dauzka, baina ezagunena Minotauroarena da. Kretako Labirinto jauregian ezkutatzen zen gizaki eta zezenaren arteko nahasketa beldurgarria. Izututa zeuzkan greziarrak, gazteen biziak eskaini behar baitzitzaizkion opari. Teseok mehatxuari amaiera eman eta munstroari aurre egitea erabaki zuen. Baita piztia hiltzea lortu ere. Baina Minotauroaren jauregitik irtetea zaila zen eta horretan Ariadna Kretako Minos erregearen alabak lagundu zion. Teseoren bizitzako pasarte honek amaiera ederra izan zuen: Ariadnarekin ezkondu eta Kretako printzesa zena haren alboan eseri zen Olinpo mendian.

Bizitzaren amaieran Teseok erbestea hautatu zuen, Atenasko barne borrokak jasan ezinda eta bere autoritatea errespetatzen ez zela ikusita. Hainbat bertsio iritsi zaigu heroiaren heriotzaz eta lurperatu zuten tokiaz. Horien artean zehatzena K.o. II. mendean Pausanias historialari eta geografoak jasotakoa da. Haren arabera, Atenasko errege mitikoaren hilobia Trecenen legoke, bere jaioterrian.

Berriki, Pausaniasen deskribapenak lagunduta, Eleni Konsolaki arkeologoak zuzendutako taldeak hilobi bat aurkitu du inguru haietan. Kupuladun egituraren barruan, giza arrastoez gain, urrezko objektuak, anforak eta jainkoen estatuak topatu dituzte. Horrek bertan ehortzitako pertsonaren garrantzia adierazten du. Arrastoen DNA analisiak K. a. XV-XIII. mendekoak direla baieztatuz gero, arkeologoen hipotesiak indarra hartuko luke. Emaitzen zain oraindik, baikor dira eta Konsolakik dagoeneko ondorengoa esan du: «Teseoren arrastoa aurkitu dugula uste dugu eta, beraz, benetan existitu zela pentsa dezakegu, ez dela legenda hutsa». Beste kontu bat da Teseoren bizitzaz kontatu dena benetan gertatu ote zen. Minotauroaren arrastoak aurkitzea behintzat ederki kosta behar zaie.


Arrastoak


canfranceko geltokia, Aragoiko Pirinioan, II. Mundu Gerraren hainbat pasarteren kokaleku izan zen. Aliatuen espioitza sarean gune estrategikoa izatera iritsi zen eta Pirinioetan naziek jasan zuten porrotean ere giltza izan zen. Hori da Ramón J. Campok La estación espía. Las claves de la derrota de los nazis en los Pirineos (Península, 2006) liburuan aztertzen duena.

Arkimedes matematiko greziarraren testu batzuk lehen aldiz irakurtzen ari dira. III. mendean pergaminoan idatziak, geroago gainean berriro idatziak zeuden eta orain erradiografia teknika berritzaile bati esker, teorema mekanikoen edo Estomachion lanaren jatorrizko bertsio grekoak irakur daitezke.